Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

ELKARRIZKETA

Aizarnako argazkiekin argitaratu nuen liburuxka dela eta, hitza egunkariak egin zidan elkarrizketa azaltzen dut hemen.

Zer helburu duen liburuxka honek argi eta garbi azaltzen dut bertan eta eskerrak eman behar hitza egunkarikoei liburuxka honen berri eskualdean zabaltzen lagundu duelako.

Egunkarian irakurtzeko aukerarik izan ez duenak hemen du aukera.

Jon Egiguren

=====================================================================

Ion Egiguren: «Aizarnan ateratako argazkiak herritarren esku jarri nahi ditut» 2012/09/13 Aizarna, Herriak, Kultura.

Nork- Ane Olaizola

Ion Egiguren (Ane Olaizola/ Urola Kostako Hitza)

Ion Egiguren (Aizarna, Zestoa, 1949) Azpeitiko bizilaguna da duela urte askotatik, baina bihotzean darama jaioterria. Aspaldi hasi zen Aizarnako gertaerak eta txokoak kamerarekin erregistratzen, eta orain horietako batzurekin liburu bat osatu du, bere kasara: Aizarnako argazkiak. «Aizarna apal txiki batean gorde ahal izateko aproposa da liburua», adierazi du argazkilariak.

Zer jaso duzu liburuan?

Aizarnako txokoak bildu ditut. Liburuak lau atal ditu, eta guztira 240 bat argazki jaso ditut; festen, ofizio zaharren aztarnen, baserrien, lekuen eta bestelakoen ingurukoak. Elizak, ermitak eta bertako altxorrak ere ikus daitezke. Finean, Aizarnako leku ia guztiak daude liburuan irudikatuta. Aizarnako baserri guztiak daudela uste dut; dagoeneko erorita dauden baserriak ez daude, ezta oraintsu eraiki direnak ere, etxebizitza arrunten izaera gehiago dutela iruditzen zaidalako. Baina, gainontzean, guztiak daude; beharbada, baten bat faltako da. Batzuen ustez, liburuan agertzen diren baserri batzuk ez dira Aizarnakoak, honekin muga egiten duten beste auzoetakoak baizik. Hala ere, garai batean Aizarnari zegozkion baserriok, edo jatorria bertan dute. Horregatik baserri horiek ere sartu ditut.

Nondik sortu zitzaizun liburua egiteko ideia?

Horretarako aukera nuela ohartu nintzenean hasi nintzen proiektua gauzatzen, baina aspalditik nuen ideia zen Aizarnako argazkiekin liburu bat osatzea. Argazkilaritzarako zaletasuna aspalditik dut, hortik aurrera askorik ez badut garatu ere. Aizarnakoa naiz izatez, eta bertako argazki mordo bat nuen, mota askotakoak. Argazki horiekin hainbat erakusketa ere egin dut, eta pixkanaka artxiboa handitzen ari zen. Herritarrei erakuts nahi nizkien ateratako argazkiak, beste behin. Liburu bat kaleratzeko, ordea, ez nekien zer egin behar nuen. Suhiak badu ezagutzarik gai honen inguruan, eta bere laguntzarekin kaleratu dut liburua.

Zein du helburua?

Aizarnanan betidanik ikusi naute argazkiak ateratzen, eta, beraz, irudi horiek guztiak herritarren eskura jarri nahi izan ditut. Aizarnak leku paregabe asko ditu, herrigunetik hasi eta auzoetaraino. Paisaia ere oso polita du, eta horregatik izan dut oinarri nire herria.

Noizko argazkiak daude?

1980an hasi nintzen argazkiak ateratzen; orduan erosi nuen kamera. Makinak konpontzea izan dut lanbidea, eta kamerak barrutik nola funtzionatzen zuen jakiteko harra nuen. Halaxe hasi nintzen. Beraz, 1983ko argazkiak dira liburuan agertzen diren zaharrenak. Eta ordutik gaur artekoak dira guztiak.

Argazkilaritzan neure kabuz aritu izan naiz. Azpeitiko Argazkilari Elkartean ere pauso txiki batzuk eman nituen, baina kideek zuten maila ikusita, dedikazio handia eskatzen zuela ohartu nintzen.

Garai hartako Aizarna ikusita, auzoa asko aldatu al da?

Badaude Aizarnako herriguneko aspaldiko argazkiak, eta orain zeharo desberdina da. Baserriak ere asko aldatu dira, berritu egin dituztelako.

Milaka argazki edukita, haiek sailkatzea izan al da prozesu zailena?

Gustura sartuko nituzke argazki gehiago, baina ezin izan dut. Izan ere, prezioak asko mugatzen du emaitza; irudi gehiago sartu izan banitu garestiagoa izango litzake. Ez dut laguntza ekonomikorik jaso, neure ekimenez egin dut lana. Liburua aizarnarrei zuzenduta egin dut, baserrietan gorde ditzaten bertako irudiak. Jaien inguruko argazkiak sailkatzea egin zait zailena. 1980ko hamarkadatik ateratako irudiak ditut, eta ahalik eta anitzena izan zedin nahi nuen. Festak errepikakorrak izan ohi dira, eta, beraz, ahalik eta gauza gehien erakutsi nahi izan dut. Festen inguruko liburua egitea zen lehen ideia, baina gero ikuspegia zabaltzea erabaki nuen.

Orokorrean, zer moduzko lana izan da?

Ez zait oso zaila egin, materiala aurretik banuelako. Baina argazki batzuk txukundu behar izan ditut. Behin liburua amaituta ikusita ez du ematen lan luzea izan denik, baina ordu ugari eskaini diot lanari. Denbora luzeko lana izan da.

Gustura al zaude egindako lanarekin?

Bai, halaxe nago. Gainera, harrera ona izan du Aizarnan; hasieran uste nuena baino hobeagoa. Salgai jarritako ale guztiak erosi dituzte dagoeneko. Beraz, beste batzuk jarri ditut saltzen. Jende askok esan dit lana polita dela, gustatu zaiela. Beharbada gazteek ez dituzte baloratuko baserri zaharrak, baina Aizarna ondo ezagutu dutenen artean erantzun ona izan du.

Beste zerbait egiteko asmorik ba al duzu orain?

Aizarnako kontu askoren inguruko liburua gustura idatziko nuke; leku anitzen historia, pertsonaiak… Horretarako, ordea, gehiago dokumentatu beharko nuke. Momentuz buruan bakarrik dut egitasmoa, baina euskaraz idaztea kostatu egiten zait. Hurrengo helburua, beraz, horixe izango da, baina ez dakit gauzatuko den.

=======================================================

FITXA

-Liburua. Ion Egigurenen Aizarnako argazkiak. 200 argazki baino gehiagoz osatutako lana, Aizarnako festa, baserri, ofizio zahar eta txokoen ingurukoa. -Non. Liburua Aizarnako dendetan eta tabernetan dago salgai. Aizarnako webgunearen bidez ere eros daiteke, www.aizarna.com helbidean. -Prezioa. 50 euro.

HITZA EGUNKARIAK ARGITARATUA

Joan artikuluen zerrenda osora>