Desafio baten ondorengo liskarrak Aizarnan
Euskaldunok aspaldiko ohitura dugu, kirolean desafioa egin eta apustua adostu ondoren dirua jokatzeko: aizkoran, arraunean, harri jasotzen, idi probetan, ahari jokoan eta abar. Desafio hauek liskarrak sortzen zituzten eta giro ezkorra sortu ere bai gizartean, baserri edo etxeko ondareak jokatzeraino iristen baitziren. Agintariek, egoera ikusi eta debekatzeko mehatxatu ere bai askotan, baina arautu edo ez, gaur egunera arte jarraitu dute.
Atzera asko joan gabe, bailaran ezagutu izan ditugu honelako apustuak. Baina nire helburua ez da hauek aipatzea, 1783.urtean Aizarnan desafio batek ekarri zituen ondorenak aipatzea baizik, eta ez dira atzo gertatutakoak.
Desafio honetan bi gizonen arteko liskarra ikusten da: alde batetik Olaskoaga, Altzolaras burdinolako zaindaria, udaletxean diruzaina izandakoa eta alkate ohia. Bestea Egaña, Aizarnarako izendatuta zegoen sendagilea eta udaletxerako aukeratutako Diputatua, biak ere gizon ospetsuak herrian.
Lehen liskarra Zestoako Udaletxe azpian hasten da, San Bartolome egunean egin zen bilera batean. Egañak zegoen tokitik jaiki eta sonbreirua kendu ondoren, Olaskoaga gizon hitzekoa ez zela salatu omen zuen. Egañaren esanetan gizon honek idi dema baterako egin zion desafioa bertan behera utzi omen zuen, eta gero “esandako guztia ipurdiko zulotik sartzen zuela” oihukatu omen zuen.
Hau dena bilerako partaideen aurrean eta behin baino gehiagotan gainera. Olaskoagak alde egin egin omen zuen bileratik. Irain hauek direla eta bere izena zikintzeagatik salaketa jarri zuen epaitegian, bera bezain gizon zuzena zela aldarrikatzeko.
Olaskoagak, Juan de Zelayaren idiak erabiltzeko asmoa omen zuen desafioan, baina honek beste lan bat zela tarteko ez omen zizkion utzi dema horretarako. Hau izan zen arrazoia desafioa bertan behera uzteko, Olaskoagak dioenez.
Badirudi normala zela besteen idiekin desafioak egitea, eta honen kasuan tratua egin aurretik gainera.
Egañak epailearen aurrean beste desafio baten berri ere ematen du bere defentsan, lau urte lehenago ere berdin egin omen ziola esaten dio epaileari. Aizarnako alondegian zeudela eta jende aurrean, erronka galantak jotzen omen zituen. Bere idiak baino hobeagorik ez zegoela inguruan eta prest zegoela edozeinekin neurtzeko airatzen omen zuen.
Egañak desafioari aurre egiteko Ezkurroa baserrira jo omen zuen, hemengo idiekin apustua jokatzeko eta adostu ere bai nagusiarekin. Baina Olaskoagak hau jakin zuenean atzera egin omen zuen. Atzera egiteko eman zuen arrazoia hau izan zen: bere emaztea Ezkurroa baserrikoa zela eta ez zuela nahi famili arteko apusturik.
Baina Olaskoaga kikiltzen zen gizona ez omen zen eta handik egun batzuetara Aizarnako taberna batean sartu omen zen, oso tente gainera; ez da aipatzen zein taberna zen, nagusiaren alabak Rita izena zuela bakarrik. Honek Egañari ohartarazi omen zion Olaskoaga sestra bila zebilela eta etxera joateko, baina bertan segi omen zuen lagunekin eta Olaskoagak Egañaren taldeari begiratuta esan omen zuen “gizon txikiak eta esperientzia gabekoak ez zitzaizkiola gustatzen”. Egañak erantzun ere bai, berari berriz gehiago gustatzen zitzaizkiola txikiak eta abileziarekin. Ondoren Egañak bere lagunekin irten egin omen zuen, liskarrik gertatu ez zedin.
Desafio honetako gertaerak argitzeko beste lekuko batzuen izenak ere azaltzen dira epaitegian: Jose Manuel de Lizaso, Pedro de Aizpuru eta Manuel de Aranburu, adibidez.
Desafio honen gora-beherak epaiketa bat izan zelako daude jasota, baina beste zenbat gertatuko ote ziren auzoan? Auskalo! Desafio honetan hitzak bakarrik ikusten dira arerioen artean, baina zenbat ote dira eskuetara iritsi zirenak ere. Auskalo!
Dena den, desafio honek nahiko garbi erakusten du nolako giroa sortzen zuten herrian. 200 urte eta gehiago dira gertatu zela, baina geroztik ere seguru gertatu direla bat baino gehiago. Izaera hau, euskaldunok gizaldietan zehar barruan eraman dugun grina txar bat dela esango nuke.
Jose Antonio Azpiazuk idatzitako Juegos y apuestas en la historia de Heuskal Herria liburutik jasota.
Jon Egiguren