Danbolinen argitaratutako elkarrizketa
Jon Egiguren
----------------------------------------------------------------------
-25 URTE ZITUENETIK AZPEITIAN BIZI BADA ERE,AIZARNAREKIN LOTZEN DUEN ZILBOR-ESTEA EZ DU INOIZ ETEN ION EGIGURENEK,( AIZARNA,1949 ). AURTEN 20 URTE BETE DITU AIZARNA.COM BERE WEBGUNEAK, ETA AITZAKIA POLITA IRUDITU ZAIGU ELKARTU ETA BERRIKETALDIA EGITEKO. ZALANTZA HANDIRIK EZ BAGENUEN ERE, ARGI GELDITU ZAIGU ZENBAT MAITE DUEN AIZARNA.
Nola gogoratzen dituzu webgunea sortu zenueneko hasiera haiek?
Gogoratzen dut webgunea sortu aurretik artikuluren bat edo beste idatzi nuela Danbolinen. Nonbait irakurri nuen auzoetako edonork parte har zezakeela aldizkarian, eta kultur etxera deitu eta Fernandok azaldu ziran irainik ezean…argitaratzen zituztela jasotako idatziak. Orduan sartu nintzen abentura honetan, ikasketa handirik gabe, egia esan. Ilusioz hasi nintzen Aizarnako kontuak idazten. Lehen idatzia 2.000 urteko Danbolineko hirugarren zenbakian argitaratu zen; aizarnarrek “mariñelaren bordara”egin zuten eta aspaldi ahaztua zegoen bidaia bati buruz aritu nintzen.Neure orria sortu baino lau urte lehenago izan zen hori. Meategien inguruan idazteko ere gogo handia nuen, eta horri buruz ere egin nuen beste artikulu bat. Danbilinek webgunea martxan jarri zuenetik Komunitatean ere parte hartzen dut, “Aizarnari begira” txokoan
2004an ireki zenuen webgunea. Danbolinek baino 10 bat urte lehenago.
Bai, 2004ko urte hasieran,eta ez du geldialdirik izan,aktibo egon beti. Aizarnako gertaerak jaso eta herrigintza lantzeko interesa nuen, eta orriak horretarako aukera emango zidalakoan sortu nuen. Alabaren senarra ibiltzen zen lan hoietan, eta,asko aipatu eta gero ,berak egin zidan webgunea eta hogei urte hauetan berak egin dizkio egokitzapenak. Hasieran xumeagoa zen; gero, beharraren arabera, atal gehiago sartzen joan nintzen, eta gaur egun zazpi ataletan dago banatuta. Datu zehatzik ez dut, baina esango nuke garai hartan Zestoako Udalak ere ez zuela webgunerik.
-54 urte nituen orduan, eta gogoratzen dut tailerretik ateratakoan agiten nituela lan hauek. Gure belaunaldiko jendeak ez zuen ia ordenagailurik erabiltzen, baina ni gustura ibiltzen nintzen. Betidanik izan dut irakurtzeko zaletasuna, argazkiak ateratzekoa ere, eta biak uztartu nituen. Argazki eta bideoen mundua dezente kontrolatzen dut, eta hor ez dut izaten arazo handirik. Lanetan zailena idaztea izaten da niretzat, baina gero eta hobeto moldatzen naiz. Euskaraz alfabetatzeko ikastaro batzuk egin nituen Franco hil eta gero. Gauetan elkartzen ginen Laxaro Azkunerekin. Gaur egun, gainera, Interneteko aplikazio eta zuzentzaileek ere asko laguntzen dute.
Zer gai lantzen dituzu gehien zure webgunean?
Aizarnako historia, pasarteak, argazki zaharrak eta neure artikulu pertsonalak sartzen ditut, meategiak, Aizarnako eliza eta ermitak eta santuak ere landu izan ditut. Aizarnako bazter gehienak irudietan jasota ditudala uste dut. Gehien landu dudan gaia alzolarastarrena izan da. Ondare gehienak ere haiek zuten, haiek ziren elizaren jabeak, patronatua ere haiena zen, palazio eta etxe pila bat ere bazuten, eta jasotako dokumentu gehienak ere haienak ziren.
Gaien bat gutxi landu izanaren sentsaziorik baduzu?
Faltan bilatzen dut artxibo zaharretan eta aztarka gutxiegi egin ote dudan; denbora falta zitzaidalako edo letra zahar horiek ulertzeko zailtasunagatik izan daiteke behar bada. Horretarako espezialista xamarra ere izan behar da eta. Argazki zaharrakin osatutako atal bat ere badut, eta hori ere gutxiegi landu ote dudan pentsatzen dut tarteka. Mordoxka dut bilduta, baina gehiago ere egongo dira ; agian pertsolalegiak, ez dakit.
Jendeak lagundu zizun argazki zaharrak osatzen. Bai, webgunean dauden argazki zaharretatik hamarretik bederatzi jendeak emandakoak dira. Ni eskolan hasi nintzen garaiko maisu Don Juan Epelde zenaren argazki argazki mordoxka dut. Aizarnan gerra denboran egon zen maixu batenak ere pila bat daude; kartzelan egon zen, falangista ote zen ere esan zen…Aizarnan urte mordoa egin zuen, lagunak eta zeuzkan, eta argazki mordoa zuen. Webgunearen bitartez nirekin harremanetan jarri ziren haren ondorengo batzuk, eta egun batean etorri eta eman egin zizkidaten. Dokumentu mordoa ere bazen tartean, eta udaletxera eraman genituen. beste batzuk nik ditut jasota. Denak ez dira publikatzekoak; tarteka gai batzuk delikatuak izaten dira, izenak eta agertzen direlako…
Horrek ere emango zizkizun lanak; kontuzko gaiak alegia...
Auzo txiki hauetan denok ezagutzen dugu elkar eta kontuz ibili behar da. Gauza batzuk baditut nire ustez argitaratu ezin direnak. Sentimendu asko daude tartean , eta denean ez dago sartzerik.
Beti zeuk elikatu izan duzu wegunea?
Bai, orri pertsonala da. Bere garaian gutun bidez Aitzbarna elkarteari eskaini nion parte hartzeko aukera. Elkarteak antolatzen zituen ekintzak eta herri mugimendua ere han zegoen, baina ez nuen erantzunik izan. Nik uste dut mundu hau oso urrun gelditzen zitzaiela eta ez zutela ondo ulertu. Ondoren, neure izenean jarraitu dut; baina herriarena balitz bezala idazten dut, beti ere ideologia alde batera utzita.
Argazkiz osatutako hiru liburu ere kaleratu dituzu.
Bai, hala da. Bi liburu atera ditut Aizarnako baserri eta jaietako irudiekin, eta beste bat Gipuzkoako parrokia zaharren argazkiekin osatu nuen. Azken horrek dezenteko lanak eman zizkidan.Gipuzkoa osoan ibili nintzen parrokiaz-parrokia. Aizarnako jaietako argazkiak urtero jasotzen ditut, eta gehien bat horiekin osatutakoak dira beste bi oliburuak. Artxiboan askoz gehiago ditut, baina denak ezin nituen liburuan jaso. Dena den, argazki guztiak ondo jasoak ditut, eta hor geldituko dira etorkizunerako.
Eta bideoak?
Youtubeko Aizarna.com kanalera igotzen ditut. Mordoxka dago, festen ingurukoak eta …Jendeak badu joera hoiek ikusteko. Aizarnarrak izango dira gehienak, baina kanpokoak ere egongo dira seguruenez. Orain dela urte batzuk hartutako irudiekin osatutako bideoak ikusten jartzen naiz tarteka , eta jende asko falta da…Beldurra ere ematen dit !.
Antolatu ote da zerbait Aizarnan zuk atgazkirik atera gabekorik?
Aste buruetan Aizarnan egoten naiz normalean, eta gustatzen zait hasitako lanarekin jarraitzea. Nik uste dut gehienak egongo direla, zerbait faltako da agian.
**Ez da lan makala. Pixka bat kostako zaizu…**
Geroz eta gehiago. Adinean aurrera goazen neurrian, festetara ere ez gara lehengo interesarekin joaten…Baina orain ere, ekintza kulturalen bada edo bada uste dut gehienak harrapatzen ditudala. Orain arte!. Nik lagatzen dudanean ikusiko dugu zer gertatzen den. Libre dago beste norbaitek egin nahi badu; lana besterik ez du hartuko. Nik urte askotako lana daukat hor, baina nirea ere noizbait bukatuko da.
Webgunean atal berezia du Santa Engrazik eta bere erlojuak.
Azken urte hauetan, jubilatu ondoren, auzolanean ere gustura ibiltzen naiz Santa Engraziko auzo lan taldean. Ermitako erlojua zaharberritzeko lanetan ibili nintzen, eta hura zaintzeaz arduratzen naiz orain. Nire ogibidea mekanikari lotuta egon da beti, eta lan hauetan ez dut zailtasunik ikusten; eta , gainera gustuko lanak ditut. Zestoako eta Arroako erlojuak eraberritzeko lanetan ere buru-belarri ibili nintzen. Aizarnakoa falta da orain. Zalantza batzuk tarteko eraberritu gabe dago , baina espero dut hori ere laster konponduko dela.
Antzematen zaizu Aizarna asko maite duzula
Ezkondu nintzen arte bizi izan nintzen Aizarnan, 24-25 bat urtera arte. Aizarnako bizipenak niretzat beti zoragarriak izan dira: hasi taberna bazterreko tertuliak, lagunarteak, zapatu iluntzeko tabernako saltsak, gaztetako jolasak eta mus partidak, eskolan igarotako egunak, jolasak, igande arratsaldeetako dantzalekuko gozamenak….oroitzapen zoragarriak ditut. Nahiz eta adinean aurrera joan,Aizarnan gaztetan egindako lagunak ditut gogokoen oraindik ere. Aizarnan dago nire bizitzako zati handi bat, eta ezin dut galdu herri horekin dudan lotura. Batzuek esaten didate didate gehiegizkoa dela, eta izango da beharbada,baina nire barruan zerbait itsatsita gelditu zait, eta behin onezkero hala izango da betiko.
Oroitzapen txarrik ez duzu?
Disdira duen guztia ez da urrea izaten, eta tristura pixka bat badut barruan meategien aztarnak desagertzen ikusten ditudalako. Askotan aipatu bai, bideak egin behar direla eta bata eta bestea, baina ikusten dut ez dugula ezer egin.
Eta pertsonalean?
Egun samintsuenak, behar bada, Agiñako gure baserria kendu zigutenekoak izango dira. Aita Apategi baserrikoa zen , baina gu Agiña baserrian jaiotakoak gara, hamar anai-arreba . Lau behirekin hasi ginen!. Askotan esan izan dut “milagro aleman” izan zela hori. Eskritura eta paper arteko kontuak tarteko, 80 urteko gure aita, aitona, bere baserritik bota zuen anaiak. Familia handia ginen eta beste modu batera konpondu ginen, baina egun tristeak izan ziren.
Baserrian eta laguntzen zenuen?
Lan askorik ez genuen egiten, baina bagenituen behiak eta ardiak eta…Badakizu zaharrena hasten zen , eta hura tailerrera joaten zenean hurrengoak laguntzen zuen baserrian, eta horrela txandaka. Eskola 14 urte pasatxorekin amaituko nuen, eta gure aitari ez zitzaion gustatzen 16 urte bete arte tailarrean hastea eta… Ez ziren berehala iritsi!. Ordura arte etxean laguntzen! Gure etxeko lana ura ekartzea izaten zen, Ez zegoen iturriko urik, eta iturria kilometro batera edo zegoen mendi urarekin ; astoarekin garrafoiak hartuta joaten ginen egun biz batean edo. Gurean ez, baina baserrian lan asko zegoen boladetan eskolara joan gabe ere asko egoten ziren, garai hartan. Agiña baserritik bide zigorra zegoen eta zuzenean jaisten ginen kalera eta eskolara. Aitak Ertxinako minan lana egiten zuenean ere, bazkaria hara eramaten genion, mutil koskorretan. Lanera Guztiok batera galtzadatik oinez ibiltzen ginen. Galtza barrenak bustita iristen ginen, baina han buzoa jantzi eta kito.
Zure gazte garaiko Aizarna ere beste bat izango zen
Mina garai oparoenak eta herri giro handia orduan Aizarnan, eta meza egunero. Erosketak eta denak Aizarnan egiten ziren Konpitterokoan eta Puertekoan . Nekazari herria zen, gari-jotzea egiten zen baserrietan, eta gogoan dut atuneroak etortzen zirela amu bezala erabiltzeko artoen barruko zati zuria jasotzera. Konpitterok autobusa kontratatzen zuen aste barruan langile jendearentzat, eta asteburuetan, igande arratsaldeetan, irteera beti egiten zuen, Arroabeko Kabañara; edo batera ez bazen, bestera. Orduan kotxerik ez genuen, eta gazte guztiak hor joaten ginen. Aizarnatik ateratzea egundokoa zen!
Politika kontuak ez ditugu aipatu. Anaia Jesus aipatu gabe ezingo dugu ba amaitu?
Egia esan, anaia politika munduan famosoa edo dena delakoa izatea ez da arazoa izan niretzat Aizarnan, baina beti sortzen zuen nolabaiteko urduritasuna eskoltarekin ibiltzen zelako. Konplikatu egiten zuen, esate baterako, trago bat hartzea. Garaiak ere beste batzuk ziren. Anaia gazteena zen, eta, berak bizi zuen egoera ikusita, beti duzu samiña barruan nahiz eta ez kanporatu. Dena dela beti saiatu naiz laguntzen egoera zail horietan. Ideologiaren gainetik dago familia. Osasuna ere galdu zuen. Orain iruditzen zait pixka bat errekuperatu duela, baina urte gogor asko pasa ditu. Familia ere pixka bat alde batera utzi zuela aitortu izan du. Berarentzat dena politika izan da, gehiegi agian. Zahartuta iristen dira errekonozimenduak ere, eta ari da han eta hemen aitortzak jasotzen. Faltan ematen dut, egia esan, oraindik Zestoako Udalak ez dioela aitorpenik egin.
Gainontzeko anai-arrebok ibili zarete politika kontuetan?
Ni zerbait ibili nintzen. Frankismo garaian hasi nintzen Zestoako mugimendu komunistaren barruan. Ez zen nire pentsaerarekin ondo lotzen, batez ere boterea lortzeko armak erabiltzeko bidearekin. Guztiok Baten lan egiten nuen garaia izango zen, klandestinitate garaia. Ezkondu ondoren Azpeitiko Alderdi Komunista Europearrean hasi nintzen militatzen.Telefonicako zentralean “behetik” etorritako jendea ibiltzen zen, eta militante dezente zegoen. Jai eguerdietan aldizkaria banatzen ibiltzen ginela gogoratzen dut. Jendeak zomorro arraro batzuk bagina bezala begiratzen zigun.Telefonica itxi zenean,jendea sakabanatu egin zen, eta alderdia ere pikutara joan zen. Euskadiko Ezkerra zegoen alderdi ezkertiarra orduan, eta han egin nuen militantziarik luzeena. Oraindik ere ondo jasota dauzkat urte haietan erabilitako argazki eta panfletoak. Alderdi hark PSErekin bat egin zuen gero,eta erabaki behar izan zuten bertan afiliatu edo zer egin. Ni ez batera, ez bestera, libre geratu nintzen militantzia polikotik. Nire militantzia orain botoa ematea da.
Saio ederra egin dugu berriketan. Bizita osoari errepasoa egin da ondorio modura hauxe bota digu Egigurenek: “Adinarekin alde batera uzten dituzu gauza asko, eta bizitzak dituen beste balore batzuk erabiltzen hasten zara; eta orixe egin dut nik ere. Lagunekin duzun lotura zaindu, ibilaldiak egin eta seme seme-alabei lagundu. Baina Aizarnarekiko dudan lotura hau ezin dut baztertu, eta espero dut webgunea osatzen jarraitzea osasunak laguntzen didan bitartean”. Luzaroan izan dadila!
JONE BERGARA