Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Construcciones mecanicas Eguiguren lantegiaren sortzaileak.

Matias Egiguren, IXXgarren gizaldiko albaitaria zen eta Aizarnako Apategi baserrian jaioa. Herri txiki honetatik eta gizaldi horretan albaitari izatera iristea, baloratzekoa dela esan beharra daukat. Matias Egigurenek, albaitaritzan egin duen ibilbidea ezagutzeko bada orri honetan idatzi bat nahi duenak irakurri eta jarraian bere bost semeak enpresa munduan egin dutenari egingo diogu gainbegiratu bat. Pedro, Joakin, Felix, Juan eta Julian, bost anaia hauek 1940. urtean sortu zuten lehen lantegia Zumarragan, Construcciones Mecanicas Eguiguren izenarekin, eta makina-erreminta sektorean kokatu zuten berau. Urte batzuk Zumarragan egin ondoren, Zestoara ekarri zuten lantegia eta tornu paraleloak egiten jarraitu zuen, 1975 inguruan itxi zen arte.

-1948. urtean, Julian Eguiguren banandu egin zen beste anaiengandik eta Zumaian sortu zuen bere lantegia, "JEGUI" izenarekin. Beste anaiak Zestoako lantegian jarraitu zuten tornuak egiten eta oso ezagunak izatera iritsi ziren gainera. Lantegi honek, berak zuen galdategia burdina urtzeko eta tornuak behar zituen pieza gehienak berak urtzen zituen; mekanizatu ere zer esanik ez eta muntaia lanak egin ondoren saldu ere bai. Krisi aldi gogorrak ere jasan zituen, baina urte oparoetan ehun lagun eta gehiagok egiten omen zuten lan. Baita ere esan beharra dago, Zestoako industri maila sendotzen asko lagundu zuela lantegi honek.

Aizarnar askoren ogibidea ere izan da urte pila batean. Ezin da esan oso hurbil zegoela Aizarnatik, bai ordea onurak ekarri zituela herri txiki honetara, batik bat familiako sostengua bermatu eta gazteei ofizioa erakusten. Haurtzaroko kontuak dira baina gogoan ditut oraindik galtzada zaharreko langile ilarak “kapazua” eskuan zutela Aizarnara bidean eta gehienak urdin jantzita gainera. Nik hala gogoratzen dut behintzat.

Sendi hau ekintzailea izan dela esan beharra dago eta makina-erreminta arloan egin duten ekarpena goraipatzekoa. Aizarnan dute jatorria eta egin duten ibilbidea ikusi ondoren ez dut utzi nahi ezagutzera eman gabe webgune honetan.

Julian Eguiguren, anaiengandik banandu aurretik eta ondoren sortu zuen lantegiaren berri egoki erakusten du Zumaian sortu berri den webgunean eta Zumaiarra izan beharrik ez dago lan bikaina egin dutela esateko. Zorionak eman behar Aizarnatik, hau lortzeko lan egin duten guztiei.

Zumaiako industria-ondareari, Julian Eguigurenek egin dion ekarpena ikusteko egin klik helbide honetan http://www.ziiz.eus/makina-erraminta/julian-eguiguren/ .

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>