Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Benantxio Irureta mendizalea ( 2 )

Aizarnako mendizalea" izenburu jarri eta lehen ere azaldu nuen orri honetan, mutil honek mendiarekin duen lotura artikulu batean. Baita ere "Yalung Kang" mendiaren gailurra lortu zuenean, Aizarnan egin genion omenaldia ere, argazki eta guzti.

Urte batzuk pasa dira ausardia hau lortu zuenetik, baina orain ere jarraitu egiten du mutil honek mendiarekin gozatzen eta aurten Valtoroko treking-a egitera joan zaigu nafar batzuk lagun dituela.

Hau dela eta Uztarria aldizkariak elkarrizketatu berria du eta mendizale honek esaten duen guztia irakurtzeko aukera jarri dut hemen ere nahi duenak irakurri.

Jon Egiguren

Uztarria orri digitaletik kopiatuta.

=================================================================== =================================================================== ===================================================================

Ainitze Agirrezabala

Benantxio Irureta: "Mendiak eta mendiaren inguruko guztiak bete egiten nau"

Obsesiorik gabe”, baina oraindik “zapaltzeko eta ikusteko paraje asko” dituela dio aizarnarrak.

Probatu bazuen probatu,mendiak bizio bilakatu zaizkiola esan daiteke. Ingurukoei ere iturri horretatik edaten eman zalea da, gainera. "Semeari txikitatik egurra eman" ziola aitortzen du. "Urtebete zuela Anetora eraman nuen motxilan, eta 14 urterekin Everesteko treking-a egitera eraman nuen". Orain aitona eginda, mendiekin duen miresmen horrekin kutsatu nahi ditu ilobak. "Zaharrena Izarraitz eta Erniora eraman dut bizkarrean; txikienak sei hilabete ditu eta udazkenean eramango dut Erniora".

Beñat Arrue eta Benantxio Irureta, Pumori atzean dutela.

Bihar [ uztailak 8 ] aterako zara Pakistanera. Zer egin asmoz?

Valtoroko treking-a egitera noa, nafar talde batekin. Hango zortzimilakoen inguruan ibiliko gara: Gashembrun I-II, Broad Peak... Horko erregea K2 da eta K2ko oinarrizko kanpamendura joango gara, duela 25 urte nafar haiek estatu mailan aurrenak izan baitziren K2ko gailurra zapaltzen.

Istripua eta gero, Arrueren argazki-kamera berreskuratzea lortu zuten, eta Iruretak besoetan duen Nepalgo neska hau Arrueren kameran agertu zen.Gerora, Nepalen,Arrueren kamerako neskatoa aurkitzea lortu zuten.

Eta, bizar hori?

Nepalen eta Hego Ameriketan txaboletan lo egiten dugu eta dutxatzeko aukera izaten dugu. Pakistanen, ordea, mendira joan eta ez omen dago ezer ere, oso basatia da. Norbere garbitasuna zaintzeko aukerarik izango ez dugunez, horregatik utzi dut bizarra. Hartara, pakistandarren artean beste bat gehiago emango dut. Denek esaten didate zaharragoa ematen dudala. Horrek erremedio erraza du. Handik etorritakoan segituan kenduko dut.

Picos de Europan, Naranjo de Bulnes gailurrean,Xabier Osinalde eta Arantxa Iturberekin.

Txabolarik ezean, gauak kanpinean igaroko dituzue?

Horrek ere tranpa pixkat badu. Kristoren montajea dago gure inguruan. 10 kiloko motxila bana eramango dugu, baina gure trasteak eta jatekoa eramateko 40 pisulari daramazkigu. Egia esan, hara joan behar eta morroiekin edo neskameekin ibiltzea ez da nire estiloa. 8.000ko bi espedizio egin ditut, Yalung Kang eta Everestera. Yalung Kang oso urruti dago, Nepalen barruan, eta bertara iristeko bideak oso zailak ziren. Gu joan ginen garaian oinez hasi eta oinarrizko kanpamendura ailegatzen 22 egun pasatu genituen. Noski, gaur egunean, dirua pagatuta, helikopteroz, oinarrizko kanpamenduan jartzen zaituzte, traste guztiekin. Niri estilo hori ez zait gustatzen. Nahiago dut oinez joan, bazterrak ikusi, hango herrixkak pasatu, umeei karameluak eman, aitonak ganadu xaharrekin lanean ikusi, argazkiak atera... Mendia igotzearen parte polit bat da hori, bizipoza da.

Mendiak zeharkatu eta tontorrak zapaltzeko debozioa nondik datorkizu?

Aitarekin ehizera joaten nintzen, baina ez nintzen behin ere joan mendira. Gero etorri zitzaidan mendiko zera hori. Ni Zarautzen ibili nintzen eskola profesionalean, elektrizista ikasten, eta eskolako lagunen bitartez sortu zitzaidan mendiko zaletasun hori. Handik hasi nintzen. Gero Azpeitira etorri nintzen bizitzera, duela 40 urte, eta hemen Joxe Takolo eta neure andrea izandakoa ezagutu nituen. Pirinioetako aurreneko pausoak haiekin eman nituen.

Noiz geratu zitzaizkizun hemengo mendiak txiki?

Behin ere ez zaizkit hemengo mendiak txiki geratu. Nik hemengo mendiak asko maite ditut. Askotan entzun behar izan dut: Zuei horiek txikitxo geratzen zaizkizue. Ez, ez. Ni aurten Izarraitzera askotan joan naiz. Erniora gutxiago. Azpeitiko martxa ere egin dut, Pagoetara ere joan nintzen. Hemen ere oso gustura ibiltzen naiz. Orain, egia esan behar da, Pirinioa hiru ordura dugu, gertu dago oso, eta izugarrizko aukerak ematen dizkigu, bai udan eta bai neguan, gauza zailak nahiz errazak egiteko, luzeak, motzak, eskalada mailan, elur mailan, trabesia... Kristoren aukera ona dago.

Urtea udari begira pasatzen al duzu? Ala, urtean zehar badituzu beste erronka batzuk?

Suerte handia daukat, oporrak neuk nahi ditudanean hartzen ditut, hilabete. Azkeneko urteetan gehienbat treking-ak egitera joaten naiz. Zortzimilakoetara ez naiz joaten, diru eta denbora gehiago eskatzen baitu. Urtero nire buruari helburu bat jartzen diot, aliziente bezala, kanpora joatea. Hamaseigarren urtea dut segidan irteten dudala eta denera 19-20 bidaia egin ditut. Egia esan, jende pilo bat aldatu dut, zaharra neu bakarrik geratzen naizelako. Denak erretiratu dira. Ni, ordea, mendiak eta mendiaren inguruko horrek bete egiten nau. Ez da ahuntzak bezala mendian ibiltzea bakarrik. Baina han egiten diren harremanak eta giro sano hori, oso polita da. Ez dago dirurik hori ordaintzeko. Eta, gainontzean, urtean zehar, mendira. Niretzako ez dago denboraldi alturik eta bajurik. Nik urte guztian funtzionatzen dut. Astebururo. Askotan Pirinioetara joaten gara. Ostiral arratsaldean atera eta jaira arte. Lo egiteko tokiak ere fitxatuta ditugu. Ijitoek bezala, zubi azpian, arbola azpian, eliza atarian... aire librean egiten dugu beti lo, bai neguan, bai udan. Larunbatetan 10-12 orduko mendi buelta egiten dugu. Igandetan 6-7 orduko mendi buelta egin eta etxera garaiz etortzea gustatzen zaigu, jai arratsaldean lagunekin kalera atera behar delako. Niretzako oso garrantzitsua da hori. Azkeneko hiru urte eta erdian, gainera, ama egoitzan daukat eta hari bisita egiteko aprobetxatzen dut.

Nola gozatzen da gehiago: prestatzen, ala mendia egiten sufritzen?

Nik egin ditudan tontorrik gogorrenetan, mendi handietan, alegia, kezka galanta izan dut nola jaitsi behar dudan pentsatuta. Barruan eramaten duzu kezka hori, etxekoekin akordatzen zara, sufritu egiten duzu, eta igoal malko batzuk irteten zaizkizu. Mendia egitea ez da bukatzen gora ailegatutakoan, behera jaitsitakoan, orduan bukatzen da mendia. Orduan hasten zara gozatzen, behera jaitsi eta lagunak besarkatzean. Mendian istripurik gehienak beherakoan gertatzen dira. Jendea erlaxatu egiten da, nekea pilatu, eta erreflexuak ere ez dauzkazu behar den bezala. Fisikoa oso garrantzitsua da, baina baita zuhur jokatu eta burua erabiltzea ere. Mendiari beti errespetua. Arriskua badago, kontuz ibili behar da eta jakin egin behar da atzera egiten. Ez dago zertan pentsatu atzera egiten delako frakasatu bat zarela.

Zenbat diru kostatu daiteke espedizio bat?

Lana egin eta aurrezten ditudan diru txamar denak izaten dira hortik zehar ibiltzeko. Nik azkeneko urteetan gehiena treking-ak egiten ditut. Iaz, Nepalgoa 3.000 euro kostatu zitzaidan, Pakistangoa beste horrenbeste. Tontorrak egitea ia beste gauza bat da. Zortzimilakoetan permisoak behar dira eta diru asko ordaindu behar da. Baimena, agiri bat, paper bat. Zazpi laguneko talde batentzako balio du baimenak, eta taldekide bakoitzak 6.000 euro inguru ordaindu behar du. Aparte hegaldia, bidaia eta dena. Nik diru dena mendian gastatzen dut. Askok esaten didate kaskatuta nagoela, baina hori esanda ez naiz haserretzen. Arrazoi igoal izango dute, baina mendiak eta mendiaren inguru guztiak bete egiten nau.

Inoiz eduki al duzu aukerarik horretatik bizitzeko?

Niri makina batek esaten didate, hasi hadi moteil, gidari bezala, hik bizimodua aterako huke-eta. Nepalera jende pilo batekin joan naiz, Pirinioetara ere bai, gazte askorekin. Bideak eta gauzak jende askori erakutsi dizkiet hemen, baina lagun bezala. Azken aldian, gainera, pare bat-hiru bat bikote ezkonberri ere etorri izan zaizkit, Nepalera treking-a egitera joateko asmoa zutela eta. Bidaia zenbat kostatuko zitzaien, zer ikusi zezaketen, non lo egin edo nondik nora ibili zitezkeen aholkatu nien. Baina, gidarena ez dut sekula planteatu, ni baino askoz hobea izan behar da gauza horietarako. Alpeetako gidak fisikoki oso eskalatzaile gogorrak dira. Noski, kobratu ere halaxe egiten dute. Nahi duzun tokira eramaten zaituzte. Alpeetako Cervino mendia mitikoa da, oso polita, baina arriskutsua. Hura igotzen ausartzen ez bazara, gida bat kontratatzen duzu. Bezeroari soka bat lotzen diote eta baserritarrak txahala bezala eramaten dute behetik gora. Toki txarretan heldu eta arrastaka eramaten zaituzte. Orain dela hogeitaka urte, 100.000 pezeta pagatu behar izaten zuen bezero bakoitzak gida, Cervinon. Nik horrela igotzea baino nahiago dut batere ez igotzea.

Gaur egun zein dituzu mendilagunak?

Lehengo lagunak soziedadean daude, tripa handiarekin, eta gazteekin ibiltzen naiz orain. Jose Luix Eizagirrerekin asko ibiltzen naiz, gehiena. Olatz Larrañaga ere ibiltzen da gurekin, Amane Arrue, Mikel Arregi... horiek oraingo lagunak.

Pasaban eta Oiarzabalen afera, erreskatea medio; 14 zortzimilakoak egiten lehenengo emakumea izateko Pasabanek Oh Eun Sun korearrarekin izandako lehia. Zortzimilakoak igotzeko gose hori... Mendizaletasunarentzako ona al da hori?

Historia zatarra izan da hori (Pasaban eta Juanitoren artekoa). Lehenengoa izatea beti da polita. Beti esango da lehendabizi Everest Hillaryk igo zuela. Eta lehenengo 14 zortzimilakoak Mesnerrek igo zituela, eta orain lehenbiziko emakumea, Edurne Pasaban esan beharko dugu. Baina, gaur egun sartu garen konpetizio maila hori niri ez zait batere gustatzen. Esponsor eta diruaren aldetik, mendia futbolaren pare jarri da. Zentzu horretan zatarra iruditzen zait. Ez dit inbidiarik ematen. Ni, behintzat, poltsikotik osatzen banaiz joango naiz, eta ez daukadanean ez naiz joango. Baina, neure kasa, etorritakoan lagunekin afari bat egin, diaporamak erakutsi... nahiago dut horrela ibili.

Miresmen berezirik sortzen dizun mendizalerik ba al duzu?

Takolo, behintzat bat. Umila eta jatorra, natuala. Berezia zen, mutilzaharra zen horrekin. Bihotz onekoa zen eta oso mendizalea. Bere kasa, bakarrik, gehitxo ibiltzen zen. Pirinioetara ia beti bakarrik joaten zen. Oso zaila zen berarekin planak egitea. Bakartia zen oso. Bakarrik ibiltzeak neuri ez dit graziarik egiten. Lagunarekin beti hobeto.

Esperientziarik onena?

Onak, bat baino gehiago ere bai. Duela 23 urte, 1988an, Azpeitian espedizio bat egon zen Yalung Kangera (8.500m). Estatu mailan gailur hura igotzen aurrenak izan ginen; harrezkero, Oiartzabal eta Pasaban egon dira igotzeko asmotan, baina inork ez du igotzerik lortu. Modestiak aparte, neuk bakarrik lortu nuen gailurra egitea. Herri-mailan kristoren omenaldia egin ziguten. Hiru hilabete pasatu nituen. Oso polita izan zen. Oroitzapen oso politak ditut Yalung Kangekoak. 25 urte betetzen direnean berriro bueltatzeko asmoa dut; gailurrera ez, baina oinarrizko kanpamendura joan eta Yalung Kang ikusi, hemen natxeok oraindik esateko.

Mendiak eman dizun gauzarik onena?

Horrela kolpera esanda, lagunak.

Eta, igotzeko pendiente duzun mendi bat?

Zerrenda luzea dut. Parajeak ikusteko oraindik asko dauzkat, baina obsesiorik ez daukat. Oraindik ere esaten didate: Zer, zortzimilakoren batera?. Zortzimilakoa egiteko bi hilabete behar ditut; tailerretik baimena lortuko nuke, baina diru asko behar da, 12.000 euro, behintzat, behar dira. Eta 12.000 euro gordetzen, urte bat edo bi sakrifikatu egin beharko nituzke, eta nik nahiago dut urtero gauza txiki bat egin, ailegatzen naizen bidaia bat, baina urtero egitea.

==================================================================== ==================================================================== ====================================================================

Benantxio Iruretaz diotena

Xabier Osinalde (mendizalea):" Mendiaz dakitena berak irakatsi dit".

Mendia Benantxiorekin ezagutu dut. Aurrenekoz Aneton izan zen, 1998an. Txandala besterik ez neraman, eta gora gindoazela, erdi bidean, ia hotzak akabatu ninduen. Termotik kafea eman zidan, beroan sartzeko, baina nirekin behera jaitsi zen. Beste biek tontorrera jarraitu zuten. Mendiaz dakidan dena Benantxiok irakatsi dit. Pazientzia du, eta todoterrenoa da. Denekin ondo moldatzen da, zaharrekin, gazteekin... Sasoia beldurtzekoa du. Lagunarteko pertsona da, eta mahaiaren bueltako giro hori ere asko gustatzen zaio. Pertsona ederra da".

Arantxa Iturbe ( mendizalea ); "Mendia asko bizi du, dena da berarentzat".

Ahizparen bitartez ezagutu nuen. Treking-a egiteko grina berak sartu zidan. Gero, Mustagata-ko espediziora (7.500 m) beraiekin joan nahi al nuen esan zidan. Nik beti esango dut Benanengatik igo nuela. Asko animatu eta lagundu ninduen, kristorena izan zen gailurra egitea. Mendia asko bizi du, mendia dena da berarentzat, eta ingurukoei ere hori transmititzen die. Lehen ibiltzen ginen taldetxoak udaero egiten dugu irteeraren bat Pirinioetara. Pakistanera joaterako esan zigun, prestatzeko, bueltan norabait joan behar dugula eta".

Joxe Luix Eizagirre (mendizalea): "Kristoren laguna da, maisua da mendian"

"12 urte dira elkarrekin hasi ginela. Harrezkero asko ibili gara elkarrekin. Beti hor zehar, lurrean, egiten dugu lo, hotel milestrellas-en. Pakistanera berarekin nintzen joatekoa, baina Boliviara noa azkenean. Nepalen izan ginen, Puta Yun Chulin, konjelazioak jasan nituen eta esan daiteke berari eskerrak nagoela hemen. Oso ondo portatu zen. Kristoren laguna da, maisua da mendian. Benanen bidez mendian lagun oso onak egin ditut. Gauza asko kontatzen diogu elkarri. Jendeak asko estimatzen du. Akats bezala esango nuke sasoi handiegia duela”.

==================================================================== ==================================================================== ====================================================================

Pumori, liluratzen duen mendia

.

Mendian egun zoriontsu asko igarotakoa bada ere, bestelako "une garratzak” bizitzea ere egokitu zaio Benantxio Iruretari. Nolanahi ere, bizipen batzuk eta besteak balantzan jarri, eta “onak gehiago dira txarrak baino”.

Urriaren 17an hamar urte beteko dira Pumori mendiko (7.161 metro, Nepal) gailurra egin nahian zebiltzala, Beñat Arrue azpeitiarra eta Iñaki Aiertza aizarnazabaldarra —beste hiru nafarrekin— hil zirela. “Mendi oso politera joan ginen, baina ezbehar gogorra eduki genuen eta bost lagun han geratu ziren betirako. Emaztearengandik banatzea eta gero, hori izan da bizitzan gertatu zaidan bigarren kolpea. Hamar urte dira gertatu zela, baina oraindik ere horrekin bizi naiz. Ahaztu egin behar dudala behin baino gehiagotan esaten didate, baina nik ez dut ahaztu nahi, Pumoriko istripua nire bizitzako parte da".

Istripua gertatu zenetik, Pumorrekin “lotura berezia” duela dio. “Ez daukat ezer mendi horren kontra, kristoren polita da, eta oso gustura joaten naiz. Istripuaren ondoren, oroigarri bezala denen izenekin harri bat dugu jarrita, oinarrizko kanpamenduan. Harrezkero, zazpi bat aldiz joan naiz, iaz azkena. Beñat Arrueren gurasoekin askotan joan izan naiz, baita Iñaki Aiertzaren neskalagunarekin ere. Loretxo batzuk jartzen dizkiegu, Pumoriren magalean”.

Joan artikuluen zerrenda osora>