Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Batzar nagusiak Zestoan hartutako erabakia

Gaztelako Erresuman Alfonso VIII. agintari zegoela, 1.200. urtean zehazki, Gipuzkoa anexionatu zen Erresuma honetara. Anexio honen baldintzak ez dira ondo ezagutzen eta historialarien artean ere ez dago adostasunik.

Batzuk diotenez, Gaztelako Erresumak indarrez hartu zuten lurraldea eta ondoren berak ezarri zituen hitzarmen honetako arauak.

Besteek, bien artean adostutako hitzarmena zela esaten dute, probintziak zituen lurralde-foruak, eskumen zaharrak eta biztanleen ohiturak errespetatzeko bermearekin beti ere.

Inork ez zuen hitzarmen honen berririk eta ahozkoa izan zitekeela ere esaten da, urte haietan Gipuzkoa politikoki antolatu gabe zegoelako agian.

Dena den, jakin-min handia zegoen hitzarmen hau ezagutzeko, Gipuzkoaren oinarriak nondik norakoak ziren jakiteko oso baliagarria baitzen.

Urte batzuk geroago 1.655. urtean, Batzar Nagusiak 4.000 ‘dukat’ eskaini zituen hitzarmena aurkitzen zuenarentzat. Ondoren, saiakera ugari egin zen Simancas, Santo Domingo de la Calzada eta beste artxiboetan paper garrantzitsu honen bila, baina emaitzarik gabe amaitu ziren saiakerak.

Bederatzi urte geroago 1.664. urtean, Zestoan egin zen Batzar Nagusien bilerara, Don Antonio Lupian de Zapatak aurkeztu zuen hitzarmen honen dokumentua. Dokumentu honek, Gaztelako Erresumak eta Gipuzkoak elkarren artean adostuta egin zutela hitzarmena jasotzen zuen. Gizon hau Erregearen kronista ofiziala omen zen.

Artxiboko lanetan aditua zen bera. Itxura zaharreko papera aurkeztu omen zuen eta hau zela egiazko hitzarmena esaten zuen. Hala ere, Batzar Nagusiak eztabaidatu ondoren, ez zioten sinesmenik eman.

Ondorengo urteetan, gaia jorratu duten adituek ere ez diote sinesmen handirik eman hitzarmen honi. Iritzi artikulu batzuk diotenez faltsifikatze lanetan aditua omen zen gizon hau, eta aurrekariak ere ba omen zituen. Metodo berezi bat erabiltzen omen zuen suarekin paperei zahar itxura emateko.

Egiazkoa bazen, papera zaharra behar zuen izan eta hau egiaztatzeko ez dakit aditurik bazen garai hartan bilera horretan. Edo agian bazeukaten gizon honen aurrekarien berri.

Ondorio gisa, esan daiteke Batzar Nagusiak Zestoako bileran erabaki zuela hitzarmenaren nondik norakoa. Gipuzkoa, Gaztelako Erresumara anexionatu zen hitzarmena ez zela adostutakoa izan alegia, inposatutakoa baizik. .

Erabilitako iturriak:

La incorporacion de Gipuzcoa a la Corona de Castilla (119/1200)

El memorial de Gabriel de Henao de 1702.

Estudio y documentosRosa Ayerbe Iribar.

Geografia de Guipuzcoa de Serapio Mugica.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>