Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Basogintza Aizarna bailaran

Foresta web orriari begirada bat ematean, Zunzunegi aita semeak basogintzari buruz eman dituzten iritziak irakurri ditut. Hausnarketa bat egin ondoren idatzi txiki bat azaltzera ausartu naiz bailara honi buruz.

Anatxan bailarako lurrak dira familia honek basogintzarako erabiltzen dituenak, eta malda honek dituen ondareaz aparte paisaia zoragarriak ere badira bertan.. Aizarnako mugen barruan kokatzen da zati haundi bat.

Azpeititik Aizarnarako bidean dago bailara hau, Zestoatik pasa beharrean Lasaoko bidea hartu eta errepideari jarraitzea besterik ez dago. Askotan egin dudan ibilbidea da hau, zuhaitz artean murgilduta. Erreka alboan dauden baserri, zelai eta zuhaitz ugariei begiratu, errekaren zarata goxoa entzun eta zuhaitzak ematen duten itzalaren freskurarekin aukera egokia dago bertan naturaz gozatzeko.

Errekarekin paralelo doa errepidea eta bihurgune batzuk pasa ondoren errota zahar baten eraikuntza dago, urak bira asko eragin dizkion turbina bistan dela. Aspaldian geldirik dago, baina arto ugari irindutakoa dela esango nuke, eraikuntza honi begira gure aitona-amonen bizimodua etortzen zait burura.

Erreka muga hartu eta eskuin aldera gailurreraino baso ezugutu dugu mendi hegal hau, baina atzera asko joan gabe Aizarnako bi baserri zeuden bertan kokatuta: Anatxanzar eta Anatxanberri, gaur desagertuta daude biak.

Aurrera goazen bezala zerrategi txiki bat dago uraren indarrarekin baliatzen dena, abeltegi handi bat eta Otola baserria. Hemen bira eman eta maldan gora, Ilurdan baserri ondotik pasa eta Aizarnara. Bailara hau ezagutzen ez duenari aholku bat emango nioke, egun erdi hartu eta ibilbide hau egitea, damurik ez du izango!

Bailarak duen xarma alde batera utzi eta basogintzak dituen arazoei begirada ematera pasako gara.Gaur egun basogintzan, naturari egiten zaion ekarpena etekina baino haundiagoa dela esaten dute elkarrizketa honetan. Hau da, mendiari berari ematen zaiona gehiago da, hortik ateratzen den dirua baino. Dena den, irakurri ondoren bakoitzak atera dezala bere ondorioa.

Elkarrizketa irakurtzeko egin klik helbide honetan.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>