Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Baserri bateko zorigaitzak Aizarnan.

Aspaldiko kontu zaharrak irakurtzen ari nintzela, zirrara sortu zidan gorputzean irakurri nuen idatzi batek. Bertan familia baten zorigaitzak aipatzen zituen eta hemen argitaratzea pentsatu nuen nahi duenak irakurri.

Aspaldiko kontuak dira, baina Aizarnako baserri batean gertatutakoak 1865urtean. Eskutitz batean aipatzen dira gertaera hauek eta Altzolaras Jauregiko maiordomoak nagusiari idatzitakoa da gutun hori. Baserria Sustraiaga izenarekin ezagutzen dugu, Altzolaras jauregitik oso gertu kokatzen da berau.

Baserri hau Altzolaras jauregiarena zen eta bertako biztanleak maizterrak ziren dirudienez. Garai horretan Altzolaras jauregia Ramon de Zavala y Salazar, Conde de Villafuertes-ena zen eta etxezain edo maiordomoa Ramon de Berasategi.

Baserri honetan bizi ziren senar-emazteak familia hazita zeukaten eta jakina, berauek adinean aurreratuak. Urte txarra igaro zuten eta errenta ordaintzeko arazoak zituzten nonbait, atzeratzeko eskatzen dio nagusiari, igaro dituzten zoritxarrak gainditu arte. Ez dakit gainditu zituzten, baina ez da erraza gertaera hauen ondoren. Semea etxera ezkondu omen zen gurasoei laguntzeko asmoarekin, zer gartatuko eta berehala gurasoekin etxean ezkongai zegoen alaba zendu egin omen zen.

Zorigaitzak ez omen dira bakarrik etortzen eta bertara ezkondu zen semeak etxetik ihes egin omen zuen berehala, berari tokatzen zitzaizkion diru parteak eta gehiago hartuta. Ondorioa, adineko gurasoak pobrezian eta etxean bakarrik.

Aizarnako kalean, beste alaba bat bizi omen zen ezkonduta eta gurasoei laguntzeko baserrira itzultzeko prestaketan zebiltzala hau ere zendu egin omen zen. Zorte txarra benetan guraso hauena.

Beste seme bat Malagan bizi omen zen eta forjaria ofizioz. Garai haietan Malagara lanera joan bazen, Altzolarasko burdinolan ikasia izango zuen ofizioa seguruenik eta Konde honek Espainian zehar burdinolak nola zituen, seguru honen burdinola batean egingo zuela lan. Etxe zaindari edo maiordomoak karta honetan adierazten dionez nagusiari, zaila ikusten du semea Malagatik itzultzea eta baserrian lanean hastea, berak bizimodua oso errotuta zuelako hiri honetan.

Ez dakit senar-emazte hauek nola moldatu ziren aurrerago, etxean jarraituko zuten behar bada, baina seme-alabak hazten jardun eta zorte handirik ez zutela izan bai. Nik etxe hau biztanlerik gabe ezagutu dut.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>