Auzo lana eta dokumentala
Santa Engraziako erlojuaren konponketa lanetan ari ginela, grabaketa ugari egin zituzten Al Borde Films taldeko arduradunek. Helburua, dokumental bat osatzea zen, auzo lanean egiten ari ginen lanen berri jasotzeko.
Dokumentala osatu du taldeak, Lanbroa izenburua duelarik eta orain grabaketak egin zituzten herri edo auzoetan erakustea dute helburu: Zestoa, Zumaia, Usurbil, Aizarna eta abar.
Zestoan proiektatzeko eskaera jaso zuen udalak eta honen ikuspegitik dokumental honek ez du jasotzen auzolaneko izpiriturik, bi pertsonen protagonismoa bakarrik gailentzen delako; esan behar nik ere iritzi bera dudala gai honetaz.
Irakurri berrria dut udalaren erantzuna, Al Borde Films taldeko arduradunei bidalia eta ondoren Aizarnara begira dagoen Wuebgunean argitaratzen dut, nahi duenak irakurri.
Jon Egiguren
Udalaren erantzuna.
Ezer baino lehen, ez dugu zalantzan jartzen Al Borde Films etxeak egindako dokumentalaren kalitate estetikoa eta artistikoa. Hala ere, uste dugu, dokumentalak ez duela behar bezala islatzen Santa Engraziako erlojuaren zaharberritzearen testuingurua. Erlojuaren kontserbazioaz harago, lana egiteko modua, auzolana, azpimarratu zuen Zestoako Udalak eta horri eman nahi izan zion erabateko lehentasuna hasiera-hasieratik. Bego Arrutik berak esandakoa da honako hau: “Auzolanaren bidez egiten baduzu lan hau, hemen parte hartzen duen jendeak, herriko jendeak, gehiago maitatzen du erlojua” (danbolin, 2016ko azaroa).
Gure iritzi apalean, ez dugu uste dokumentalak behar den bezala islatzen duenik auzolanaren izpiritu hori eta, aldiz, uste dugu protagonismoa bi lagunei ematen zaiela nagusiki.
Hori horrela izanik, Zestoako Udalaren eskutik erakustea lehenengo aldiz dokumental hori, auzolanean ibili zen eta lan ikaragarri egin zuen lantaldearekiko leialtasun eta sentsibilitate falta gisa interpreta daiteke eta, ondorioz, ez dugu dokumentala aurkezteko urratsik emango.
Nolanahi ere, Santa Engraziako erlojuaren zaharberritzearen protagonistak herritarrak izan direnez, uste dugu haiei luzatu behar zaiela proposamena, eta haiek baloratu behar dutela ea auzolanean ibilitako taldearekiko sentsibilitate edo leialtasun falta hori hala den edo ez.
Zentzu horretan, auzolanean ibilitako jendeari egin diezaiokezue kontsulta eta haien aldetik eragozpenik ez balego, zabal zabalik leudeke udal lokalak proiekzio hori aurkezteko. Beste aukera bat litzateke, Santa Engraziako erlojuaz ari garenez, proiekzioa Aizarnan egitea, hango jendearekin hitz eginda.