Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Aste Santuari begirada bat Aizarnatik

Herri askotan bezala Aizarnan ere Aste Santuan Jesusen pasioa eta piztuera ospatzen ditugu, baina garai batetik gaur egunera akontezimentu hau ospatzeko era asko aldatu zaigula garbi dago, baita erlijio aldetik ere. Egun triste eta ilunak izatetik udaberriak berarekin duen argitasun eta alaitasunezko egunak zerbait gehiago sentitzera pasa gara.

Atzera asko begiratu gabe, garizumako egunak penitentzirako egunak bezala ezagutu ditugu, eta oraindik badira beren buruak martirizatzen kalean zehar ibiltzen direnak ere, Jesusen pasioa oroituaz. Sinismenarekin baino ikusmirarekin zerikusi gehiago izango duelakoan nago behar bada, ze egia esan, bizitza honetan ez al dago nahiko penitentzi bestela ere?

Aldaketen adibide bat emateko, sermoiek izan dutena azalduko du. Ez da nik asmatutakoa, adinean sartutako gizon batek idazten zuen egunkari batean. Zer nolako beldurrak pasa zituen kontatzen zuen gazte garaiko sermoiak entzun eta gero, inpernuko suak zuen beroa betirako zela entzutean. Orain elizkizun batean ondokoa entzun dio apaiz bati: “gizaki guztiak Jaungoikoaren semeak gara eta zein aitak bidaliko luke bere semea betiko sutara!”

Aizarnan ere aldaketa hau nabaritzen da, garai batean bezala ez dugu ikusten Santuen irudirik kalean zehar eta ez dut uste aldaketa hau biztanle murrizketak bakarrik ekarri duenik. Gehiago esango nuke nik, sinismen honekin erlijio barruan bizi direnak ere ez dutelako nahi honelako manifestaziorik kalean.

Ohitura asko aldatu arren badira oraindik beste batzuk jarraitzen dutenak, larunbat gaueko su berritzea adibidez. Ohitura hau ez galtzeko Juan Mari Artetxe ( Sakak) urte asko eraman ditu ardagaiarekin Aizarnako suak berritzen, bera izan da ohitura honekin jarraitu duena gaur egunera arte.

Aurtengoan ezin izan du lortu bere nahia, ebakuntza batetik errekuperatzen ari delako. Hala ere beraren lanak badu erreleboa, egiten zuen lanaren errekonozimentu bezala jarraitu dute etxez-etxe sua banatzen. Berarekin ez gara ahaztu Aizarnarrak, Zestoaraino eraman diogu berak banatzen zuen su berria.

Aste Santua era batera edo bestera denak ospatzen dugu Aizarnan, eta jarrai dezagula bakoitzak duen helburuarekin ahal den egokien ospatzen.

Jon Egiguren

Danbolin aldizkarian argitaratua

Joan artikuluen zerrenda osora>