Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Aizarnako artzaintza

Danbolin aldizkariak argitaratu berria du Aizarnako artzain baten egunerokoa, eguneroko hau egoki irudikatuta ikusten da gainera. Irakurri dut berau eta atera dudan ondorioa hauxe izan da: Sorabilberriko senar emazte hauek ondo ikasita dutela ofizioa eta egiten dituzten gazta hauek lortu dituzten sariak ikusita, kalitatearen maila ere goian dutela.

Ardi kontuak aipatu eta gogora etorri zaizkit garai batetik ikusi ditudan aldaketak, hauetako bat, jaiotzeko urte garaiarena izan da. San Jose egunez arkumea jateko ohitura zen gure etxean eta negu gogorra bazen zaila izaten zen egun horretarako lortzea. Orain berriz Eguberrietarako nahiko arkume ikusten da zelaietan. Egoerak hobera egin duela ezin ukatu.

Aldaketa ez da arkumearena bakarrik izan, artileak ere izan du berea, garai batean etxeko koltxoiak eta galtzerdiak egiten erabiltzen zen eta sobratzen zena saldu, gaur egun nik dakidanez ez du baliorik, kopuru handi bat saldu ezean. Esan behar artilearekin ez dugula aurrerapenik ikusi.

Iraetako hiltegira eramaten dituztela arkumeak esaten dute. Lehen baserri bakoitzean egiten zen lan hau. Ondoren ilusio handia izaten zen arkume hau jateko, eta ez gutxiago honen belaun hezurrak lortzeko! Aizarnan “sakaponak”deitzen genien hezur hauei. Mutilek ez genuen hauekin jolasten, neskak bai ordea eta hauek lortzea balentria handia izaten zen guretzako.

Garai honetan ugaritzen ziren “sakaponak” Aizarnako plazan eta jolas hau nagusitzen zen plazaren bueltako petrilean. Gaur jostailu hauek ez dira ikusi ere egiten. Sakaponak umeentzat izaten ziren eta sabela gatzagia bihurtzen zen lehortu ondoren. Egun kimikoa erabiltzen da gehien bat.

Larruak ere ondo aprobetxatzen ziren baserrietan, arkumearenak azokan saltzen ziren eta ardiarena berriz uztarria eta honen uhalak zaintzeko. Uhalak bustiz gero takartu egiten baitziren (guk burutakoa deitzen genion). . Abere hauen balioespena handia izan da eta jarraitu egiten du oraindik, begiratu besterik ez dago erabiltzen ditugunei: haragia, gazta eta mamia; hiru elikagai eta hirurak preziatuak. Arkumearen sabela gatzagia egiteko, hezurrak haurren jostailu izan dira, larrua berriz behi buruak eta uztarriko uhalak zaintzen eta ilea oherako koltxoiak eta galtzerdiak egiteko. Hori bai, oraingoak bezain leunak ez ziren izaten.

Abere honek gizakiari egin dizkion ekarpen gehiago ere izango dira seguruenik, guztiak ez nituen aipatuko, baino nahikoa da artzainen lanak duen balioa goraipatu eta abere hauen balioaz jabetzeko.

Behean irakur liteke, Aizarnako artzain honen egunerokoa eta Aizarnari begira dagoen orri honetan ezin utzi aipatu gabe. Irakurri, merezi du eta.

Jon Egiguren

=================================================================================

Sara Matsutani

Argazkiak: Asier Acedo

Artzain baten 24 orduak

Kalean bizi garenontzat, oso urrutiko kontua da baserriko bizimodua eta artzaintza( gero eta gehiago) bai, sarritan ikusi ohi ditugu artaldeak gure baztarretan ,larrean, baina sekula ez baserri barruan, beren "intimitatean". Aizarnako Sorabilaberri baserrra etorri gara , eta Joxe Irure eta Karmen Irazusta zan ditugu bide-erakusle (Joxeren osaba Eusebio zena ere bai. Kafearen usain goxoarekin hasi dugu eguna eta ardien eta beren arkumeen arteko maitasun goxoarekin amaitu.

8:00 Eguneko lehendabiziko argi izpiak ageri dira. Suaren goxotasuna eta kafearen usain goxotik urrundu, eta bagoaz ukuilurantz. Hortxe daude arkumeak,elkarren goxotasunean, beren amen babesean. Orain izaten da arkume sasoia, urritik otsaila bitartean edo. Ehun bat ardi eta arkume dituzte momentuan eta oraindik 15 bat ardi dauzkate ume-egiteko.

Etxekoak sumatu orduko,jateko eske hasi dira ardiak; Joxek pentsua eta belar-ondua eman, eta gosaltzen utzi ditugu lasai. Bitartean beste lan batzuk egitera joan da Joxé, eta gu Karmenekin sukaldera itzuli gara.

Osaba Eusebioren argazkia erakutsi digu, ardiz inguratua "Bera bai zela benetako artzaina " dio Karmenek "Orain urte batzuk hil zen eta geroztik Joxe eta bion artean ematen dugu baserria". Oraintxe da ardiak atentzio gehien eskatzen duten garaia. Maiatza inguruan ekartzen dira ahariak, eta ardiak arkara jarri eta ernaltzen direnetik , bost hilabete behar izaten dituzte umea (edo umeak) egiteko. Beraz sasoi honetan jaiotzen dira arkumeak. "Umea-egiteko dauden ardiak kanpoan daude,zelaian, ikusten dugunean errapeak handituta dituztela, ukuilura sartzen ditugu, eta erne ibiltzen gara ume-egiten hasten badira ere. Askotan arkumeak oker irteten dira eta lagundu egin behar izaten zaie,jaiotzerakoan ez daitezen ito. Gauean hiru bat aldiz esnatzen gara ea batenbat (ume-sentitzeko zorian) ote dagoen ikusteko,, eta behar bada ume-egiten laguntzeko. Batzuetan ez gara konturatzen ardi bat ume-egiteko zorian dagoela, eta, horrelakoetan,ukuiluan badago ondo , baina zelaian badago erne ibili behar izaten dugu putreak edo azeriek ez dezaten harrapatu".

9:00 Ederki gaude hemen,kontu-kontari sutondoan, kanpoan hotz dago-eta, baina heldu da txikienei ere gosaria emateko ordua .

Berriz ukuilura goaz;ardiak jan dute pentsua eta belar-ondoa eta arkumeen ordua da orain. Ardiak kolore ezberdinez daude markatuta, umea kenduta dutenak bereizteko. Koloreen bidez errezago bereizten dituzte ardiak,baina Joxek eta Karmenek ondo asko ezagutzen dituzte ardi guztiak, eta ez dute ia kolore beharrik bereizteko, badakite ondo zein den zein. Ardi bati heldu eta berehala gerturatzen dira arkume pila bat horren esnea edatera. Arkumeek euren amaren esnea eta besteena edaten dute.

Umea kendu zaien amek esnea izaten jarraitzen dutenez, beste arkumeei edanarazten diete.

Tripak bete dituzte arkumeek, eta orain iritsi da etxerako esne pixka bat biltzeko ordua. Bien artean heldu dioteardiari eta Joxe hasi da esnea biltzen. Gazta egiteko erabiltzen dute esne hori. Ez dute asko egiten, gazta etxerako eta ingurukoentzako soilik egiten dute-eta Orain,arkume sasoian, esne gehiena arkumeei ematen diete.

10:00 Baldea hartu, eta Karmenek gazta egiten duen sukaldetxora joan gara. Bitartean ardiak patxadan utzi ditugu. Sartu orduko, han ikusi ditugu Karmenek eta bere amaginarrebak Zoroperietan irabazitako 6 sariak . Ordubetexo batean, gazta egina du, Itxura bikaina du baina, lastima ezin probatu, oraindik egin berriegia da eta ontzen utzi behar da-eta.

11:00 Ardiak zelaira ateratzeko ordua da. Gaur hemen goiko zelaietan ibiliko dira. Ardiak bakarrik,ordea; arkumeak ukuiluan geratuko dira, ez baita komeni horiek zelaiko sagarrak eta jatea, gero haragian nabaritu egiten delako. Joxe eta Karmenek atera dituzte ardiak kanpora, eta zelaira eurak bakarrik joan dira eguna ilundu arte, mendiak garbitzen eta tripak betetzen.

Gu, bitartean, arkumeekin geratu gara; azpiak egin ditu Joxek eta arkumeak jolasen hasi dira, alde batera eta bestera saltoka. Joxe eta Kanmenen begiradan ere nabari da zenbat maite dituzten:"Egunero-egunero berauekin harremanetan egotean, ezinezkoa da hauek ez maitatzea. Bizia duenak alaitasuna daramaki alde batetik bestera" dio Karmenek. Hilabete eta erdi dituztenean, gutxi gorabehera hiltegira emateko ordua iristen zaie batzuei, beste batzuek aurrerako uzten dituzte, alegia, ardia egiteko. Horixe da guretzat momenturik gogorrena. Naiz eta pentsatu ohituta gaudela, ez gara inoiz ohituko. Beti sentituko dugu tristura hori" dio Karmenek.

Urkaiko hiltegira ( Iraeta)ematen dituzte. Euskal Esne Bildotsa Label produktuek barruan daude Sorabilberriko arkumeak, baina gero hiltegian, arkume horien sailkapena egiten dute eta pisuaren,grasaren eta beste ezaugarri batzuen arabera erabakitzen dute prezioa.

11:30,17:00 Lasaitasun apur bat emango digute gure ardiek. Baten bat ume-egiteko baldin badago, begiratu; inor okerrera joaten bada zakurra bidali, eta horrelako kontuak. Arratsaldean, etxera ekartzeko, azpiak egin, lehorgarriren bat bota lurrean (batez ere eguraldi bustia bada ) eta pentsua prestatuta jarriz gero primeran.

17:00 Badoaz Joxe eta Lista ardi txakurra ardien bila. Txinto-txintxo, euren umeen gana itzuli dira ardiak, eta afaltzeko ordua iritsi zaie. Gosaritan izan duten menu berdina, artoa eta belar-ondoa. Amaren ondora gerturatu dira arkumeak,goxotasunera""Izugarria da nola babesten dituzten, oso ama onak dira" dio Karmenek. Bertan utzi ditugu Joxe eta Karmen, atseden hartzen,. Bihar beste egun bat izango da.

Danbolin aldizkariak argitaratua

Joan artikuluen zerrenda osora>