Angel Mari Xernaren ibilbidea kirolean.
Angel Mari Sernak, kirolean egin zuen ibilbidea argitaratu nuen lehen ere orri honetan, orain Aizarnan egin zioten elkarrizketa bat irakurri dut “Gipuzkoarfubolak” sarean duen orrian eta berau gehituko diot lehen idatzitakoari.
Errealeko atezain ohiei eginiko elkarrizketak da berau, liburu batean jasotzeko asmoarekin eta Angel Marik ere bere iritziak azaltzen ditu liburu honetarako.
Banekien lehen idatzi nuenean ere Aizarnan eginiko elkarrizketa bat bazuela Angelek,, baina beraren berririk ez nuen, argitaratu gabe egongo zen nonbait. Orain lehengoari begirada bat emanez hemen jarriko dut aukera, Aizarnan denok ezagutu genuen kirolari eta kirolzale honen erantzunak elkarrizketa honetan.
Jon Egiguren
----------------------------------------------------
Gipuzkoarfutbola orritik jasota
Hemen doakizue futboleko eta eskubaloiko atezaina izan zen Anjel Sernari Realeko atezainen libururako eginiko elkarrizketa bat.
Anjel Serna: ´´Gure garaian normala zen atezain batek futbola eta eskubaloia uztartzea´´
Anjel Serna azpeitiarrak bi urte egin zituen Realean. Tarte horretan gazte mailako taldean, eta hirugarren taldean aritu zen. Gero, Lagun Onak taldean eta eskubaloian aritu zen jokatzen.
Nola iritsi zinen Realera?
Nik orduan Lekarozko eskolan ikasten nuen. Han interno pasatzen genuen urtea, eta futbolean eta eskubaloian aritzen nintzen. Beste azpeitiar bat eta biok fitxatu gintuen Realak.
Realean zein taldetan jokatu zenuen?
Gazte mailakora ekarri ninduten, eta han pasatu nituen bi urte. Ordurako Sanse Hirugarren Mailan zegoen, eta bazuen lurraldeko mailan hirugarren talde bat ere, Real Sociedad C deitzen zena, bi horien artean pasatu nituen. Lehen urtean ez nuen gehiegi jokatu ez batean ez eta bestean ere, eta apur bat aspertu egin nintzen. Gainera, Mundaizko taldean eskubaloian ere jokatzen nuen. Biak egin ahal izan nituen batera.
Arazorik ez al zenuen izan bietan aritzeko?
Ez. Garai haiek ez ziren orain bezalakoak. 60. hamarkada zen, eta Realarekin entrenamenduetatara joan behar genuen, eta partidetara. Hortik kanpo nahi genuena egiteko eskubidea ematen zigun.
Eskubaloian, oso gutxi entrenatzen zen orduan, eta ez nuen arazorik izan.
Realetik Lagun Onak taldera?
Bai. Bi urte egin nituen herriko taldean eta horren ostean nahikoa zela, eta futbola uztea erabaki nuen.
Eskubaloian jarraitu zenuen?
Bai. Arraten aritu nintzen, eta gero garai hartan Gipuzkoan zeuden talderik garrantzitsuenetan ere bai. Orduan futbola eta eskubaloia atezain askok uztartzen genituen.
Bietan zein zenuen gustokoena?
Nik futbola, baina aurrera egiteko eskubaloian aukera gehiago ikusten nituen, eta hantxe jarraitu nuen.
Eta bietan zailagoa?
Atezain batentzat oso ezberdinak dira bi kirolak. Niretzat futbola zailagoa da. Eskubaloian errefleju handiak behar dituzu, baina gero baloia urruntzea nahikoa da. Ez dago kornerrik, eta errazagoa da. Futbolean baloia harrapatu egin behar duzu, urruntzeak bakarrik ez du balio, bestela aurkariari abantaila ematen diozu. Faltak ere arriskutsuak dira futbolean, kornerrak ere bai, orokorrean zailagioa dela iruditzen zait
Jokalekuak asko aldatu al dira?
Bai futbolean eta baita eskubaloian ere. Gure garaian zelaiak lokaztiak ziren, eta eskubaloikoak, berriz, porlanezkoak. Orain dena ezberdina da, orain zorua primerakoa dute bietan.
=======================================================
Jon Egiguren
Kirolean gailendu diren Aizarnarrak aipatzea beti izan da atsegina niretzako, baita ere ordea ez izan arren bertan integratuta bizi direnenak ere. Jarraian aipatuko duten hau; Angel Mari Xerna dugu, jaiotzez Azpeitiarra da, baina urte asko darama Aizarnan eta bertakotzat daukagu gaur egun.
Kirolean atezain izan den honen bidea aipagarria iruditu zait eta laburbilduz egingo dut berrikuste bat, Aizarnara begira dagoen orri honetan
Kirolean aipatzen ditugunak goi mailakoak dira askotan, besteak garrantzirik ez balute bezala, Angel Marik goi maila lortu duenik ez dut esango, baina bere curriculum-a ikusi eta kirolean gailendu dela esan bai.
Lecaroz ikastetxean eman zituen kirolean lehen pausoak, baina asko eman baino lehen konturatu zen, bere afiziorik handiena atezaina izatea zela eta afizio honek eraman zuen berehala ikastetxeko taldean postu bat lortzera.. Futbolean eta atezain lehen pausoak, baina luzaro baino lehen konturatu ziren entrenatzaileak ere, postu honetan bazuela bereizitasun bat mutil honek.
Ikasketak amaitzerako, "Real Sociedad" futbol taldean ere jokatu zuen afizionatu mailan, hau egiaztatzen duten argazki zahar politak ere ikus litezke sarean, Atotxako harmaila zaharrak atzean dituela. Donostiako zelai mitiko horretan jokatzeak bakarrik ere, asko asetzen duelakoan nago kirolari baten bizitza, Atotxan jokatzeak xarma berezi bat duelako. Lecaroz eta Donostian jolastu ondoren Azkoitiko "Anaitasuna" taldean ere egin zituen denboraldi bat edo beste eta bere jaioterriko Lagun Onak taldean ere bai.
Orain arte aipatu duten etapa hau, futbolean eta atezain jolastu zuen. Angel Marik, nik ez nuen ezagutu jolasten, baina seguru nago egokia izango zela, hurrengo fitxatu zuen taldearen izena jakin ondoren.
Talde honek "Arrate" izenarekin eskubaloian jokatzen zuen, Eibarren sortu eta Gipuzkoan lehen mailan aritu zen denboraldi bat baino gehiagotan eta talde hau oso ezaguna izatera iritsi zen. Beraz futbol taldeak utzi eta eskubaloian jokatzera pasatu zen Angel Mari, beti atezain postuan jakina. Talde honetan jokatzea herronka handia gainditzea zen eta lortu bazuen atezain trebea zela agerian dago.
J-D. Arrate elkarteak 50 urte muga ospatzeko liburuxka bat argitaratu zuen eta hemen irakur litezke Arrate taldeari buruz data ugari, Angel Mari Xernaren argazkiak barren direla 67/68 eta 68/69 denboraldian. Irakurri dut liburu hau eta argazkiak ikusi ere bai, hala ere data gutxi dira bertan, mutil honek kirolean egin duen bide osoa egoki azaltzeko.
Data gutxi dira, garai haietan ez zirelako gaur egun bezala jasotzen, hala ere berau irakurtzean jabetzen da bat, mutil hau goialdera iritsi zen atezaina izan dela. Praktikatzeko aukera eta trebea zela ere ikusi dugu, baina ez zuen kirolean denbora alperrik galdu mutil honek, "Arrate" taldean jokatzera iristea ez pentsa "ahuntzaren gauerdiko eztula"denik.
Beste maila batean izan arren, Angel Marik jolastu zuen Aizarnak osatzen zuen futbol taldean ere, bailarako herrien artean antolatzen ziren lehiaketan adibidez.Honek zelaian taldea antolatu eta atea zaindu biak egiten zituen, beraz atezain eta entrenatzaile biak batera. Zer nolako emaitzak lortu zituen Aizarnako taldeak azaltzeko berririk ez daukat, baina, jolastetik etorri zen taldeak ezagutu eta kirolean zuen eskarmentuarekin ez ziren txarrak izango.
Nahiz eta adinean aurrera joan, kirol zaletasuna berekin darama oraindik, pilota partiduak antolatu eta zuzentzen.urte batzuk egin ditu Aizarnan ere eta hau eskertzekoa da.
Amaitzeko esango dut zaletasunak ez duela adinik eta orain arte bezala, jarraitu dezala kirol munduari ekarpenak egiten. Nik bide hau ezagutu ostean, zorionak eman besterik ez zait gelditzen.
Angel Marik kirolean egin duen bide hau ez nuen egoki azalduko behar bada, dena den agerian jarri dut behintzat, gailendu den atezaina izan dela baieztatzeko.
Aizarnako pelotalekuan epaile lanak egiten.