Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Amaldako ikerketak

c

Aizarnako lurrak karstikoak direnez, bere lur azpian kobazulo ugari dira eta hauetako bat Amalda I dugu. Bertan ikerketa ugari eginak dira eta badirudi oraindik ere badagoela zer ikertu.

Honetaz aparte, gehiago ere badira ondare bezala katalogatuak, batzuk ikerketen zain daudenak eta besteak ikertuta edo ikertzen ari direnak. Adibide bat emateko, aipatu beharrekoak dira: Amalda II, III, IV, V, Autzoko gaina, Aztui gaina, Aitze, Aitzelar, Aizbeltz... Nik hauek aipatu ditut, baina baliteke beste gehiago ere izatea, nik ez jakin arren.

Denbora pasa Egańa mendian egiten genituen ibilaldietan askotan iristen ginen koba honetara; historiaurrean gizakia bizitakoa zela eta zer ikusiko ibiltzen ginen harri zulo handi honetan. Gazteak ginen eta mendi bideak eta basoak ere gaur egun dauden baino garbiagoak zeuden. Gure helburua harri bereziren bat edo beste aurkitzea izan ohi zen.

Horrelako haitzuloak beti izaten ziren erakargarriak guretzako. Lagun artean zer ikusiko ibiltzen ginen, eta herrian asko direnez, beti zegoen aukera zuloren bat edo beste ikusteko. Dena den, egun duten garrantzirik ez genion ematen garai haietan haitzulo hauei, eta inork ez genuen pentsatu ere egiten, historiaurrea ezagutzeko duen baliorik izango zuenik.

Ikerketa ugari egin dira lehen ere Amaldako zulo honetan eta oraingoan Nehandertalen bizimodua aztertzen ibili dira adituak, hemen bizitakoak baitira gizaki hauek. Badirudi orain arte Nehandertalek bere bizi antolaketa atzeratua zuten iritziak zeudela adituen artean, baina ikerketa hauek bestelakoa erakutsi dute, antolaketa eredu bikaina zutela agerian jarriz.

Nehandertalen izaeraz orain arte zeuden iritziak aldatzen ari omen dira JOSEBA RIOS-GARAIZARen esanetan, adimen txikia zutela esatetik, ia-ia gaur daukaguna zutela esatera ere iritsi dira adituak. Amaldako leize zuloan bereizi egiten omen zituzten lanen arabera lekuak: sukaldea, atseden tokia, armagintza eta abar. Badirudi gaur egiten dugun bezala antolatzen zirela gizaki hauek.

Esan behar haitzulo honetan egin den ikerketak asko lagundu duela gure historiaurrea ezagutzen eta Aizarnako leize zulo honetatik irteteak balio erantsi handia ematen diola Aizarnari aldi berean.

Berria egunkarian 2020-5-05eko alean, Ion-Orzaiz kazetariak idatzitako artikuluan egoki azaltzen digu ikerketa hauen berri; beraz nire aholkua berau irakurtzea da, ikerketa hauetaz jabetzea baliagarria baita, bailara honetan bizi garenontzat.

Jon Egiguren

............................................................................

Berria/2020/6/5

Ion Orzaiz

Amaldako harpean (Zestoa, Gipuzkoa) eginiko azken ikerketen arabera, neanderthal gizakiek erabileraren arabera antolatzen zuten leize barruko espazioa. Arkeologoek uste dute aurkikuntza hori «gizarte antolaketa konplexu baten adierazle» izan daitekeela.

Neanderthal gizakiak espezie atzeratu eta primitibo gisara aurkezten zituen, ikuspegi tradizionala azkar batean ari da birrintzen, ebidentzia berrien argitan. Azken hamarkadetan eginiko ikerketek frogatzen dutenez, neanderthalak gai ziren, besteak beste, euren artean hitz egiteko, pentsamendu abstraktuak izateko eta euren artean kultura transmititzeko. Aurkikuntza horiekin bat dator Amalda I leize-zuloan eginiko azken ikerketa ere (Zestoa, Gipuzkoa). Han, kartografia digitala eta bestelako teknika geo-espazialak erabilita, arkeologoek jakin dute neanderthalek banatu egiten zutela leize barruko espazioa, eta erabilera ezberdina ematen ziotela txoko bakoitzari.

Kaliforniako Unibertsitateko (AEBak) HERC Giza Eboluzioaren Ikerketa Zentroko Laura Sanchez Romerok zuzendu du ikerketa eta, neanderthalen ohiturei buruzko ebidentziak lortzeaz gain, leizearen okupazio aldien kronologia zehaztea ere lortu dute. Hala, arkeologoek jakin dute leizea «aldizka» okupatu zutela neanderthalek eta harrapari haragijaleek, eta harpeko espazio ezberdinak erabili zituztela batzuek eta besteek.

Amalda I-eko ikerketa lerroa proiektu zabalago baten parte da, CENIEH Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentroko arkeologo Joseba Rios-Garaizarren gidaritzapean. Egitasmoaren helburua da neanderthalek Kantauri aldean eginiko okupazioak ebaluatzea, besteak beste, «kronologia, lurraldearen mugikortasun eta okupazio ereduak eta talde horien antolaketa ekonomikorako moduak ikertuz». Rios-Garaizarrek berak duela zenbait urte planteatu zuen Amaldako neanderthalak espazioa antolatzeko gai izan zitezkeela.

Planteamendu hori da orain egiaztatu dutena. «Amaldako aztarnategian topatutako harri industria ikertzean, ikusi nuen askotariko tresna multzoak zeudela, erabileraren arabera banatuta: haragia erauzi eta moztekoak, larrugintzakoak, egurrezko lanei lotutakoak...», azaldu du Rios-Garaizarrek. Haitzuloko espazioa ere jarduera horien arabera banatua zegoela planteatu zuen arkeologoak orduan, baina ez zuen gaian gehiago sakondu, 2016an Sanchez Romerorekin elkarlanean hasi zen arte.

Animalien hezurrei erreparatu zieten lehenbizi: «Digestio trazak zituzten hezur asko zeuden, haragijaleen harrapakinenak, baina baita erretako beste hezurdura asko ere. Suaren erabilera horrek erakusten digu zeintzuk diren gizakiek ehizatutakoak». Aztarnen datazioari esker jakin zuten gizakiek eta harrapari haragijaleek ez zutela Amaldan topo egin, garai ezberdinetan okupatu baitzuten harpea: «Aldizkako okupazio bat izan zela ondorioztatu genuen. Gizakiek manipulatutako piezak aztertu genituen lehenbizi eta, lortutako datazioaren arabera, duela 48.000-45.000 urte artekoak ziren. Haragijaleek jandako animalien hezurrak, berriz, duela 28.000-26.000 urte artekoak; ordurako, neanderthalak desagertuak ziren».

Hipotesi batekin ari dira lanean: neanderthalak Amaldan bizi zirenetik 100-200 urtera galdu ziren Euskal Herrian. Ondoren, beste neanderthal batzuk heldu ziren, gaur egun Akitania den lurraldetik. Horiek teknologia ezberdina zuten, Chatelperron aldikoa. Bigarren neanderthal olde hori desagertu eta 2.000 urte ingurura azaldu ziren lehen gizaki modernoak Euskal Herriko lurretan.

Espazioaren antolaketari buruzko planteamenduan ere sakondu ahal izan dute arkeologoek, Amaldan lortutako ebidentzia berriei esker. «Egitekoak ongi sailkatuta zeuden: jarduera bakoitza toki zehatz batean egiten zuten, eta tresna ezberdinak erabiltzen zituzten, lanaren arabera. Lantza bat egiteko, adibidez, adar bat moztu, egurra landu, zuritu, harrizko punta egin, suarekin ondu... Lan bakoitzak zituen bere toki eta bere erreminta propioak. Nahiko modernoa zen ekoizpen prozesua». Ebidentzia horiek oinarritzat hartuta, Sanchezek eta Rios-Garaizarrek uste dute neanderthalek «antolaketa sozial konplexua» zutela.

Neanderthal bat metroan

Amaldan eginikoaren gisako ikerketei esker, neanderthalei buruzko «ikuspegi zaharra» aldatzen ari dela nabarmendu du Rios-Garaizarrek: «1990eko hamarkadan, Erresuma Batuko ikerlari batek idatzi zuen neanderthalek ez zutela inongo antolamendu espazialik eta, gordin esanda, lo egiteko eta jateko toki berean egiten zutela kaka. Gaur egun dakigun guztiarekin, ezinezkoa da halako baieztapenak egitea».

Arkeologoaren irudiko, zientzia «oso azkar» ari da ikuspegi tradizional hori desmuntatzen: «Neanderthalen gizartea oso sinplea zela, atzeratuak zirela... Baieztapen horiek guztiak atzean gelditzen ari dira. Lehen uste zen baino askoz konplexuagoak dira neanderthalen gizarteak. Are gehiago: ez dago ezberdintasun handirik gure espeziearekin».

Kulturaz eta antolaketa sozialaz gain, morfologian ere «antzekotasun handiak» zeuden neanderthalen eta Homo Sapiens Sapiens edo gizaki modernoen artean. Rios-Garaizarren esanetan, Bilboko metroan neanderthal batekin topo eginez gero, «askok ez lukete desberdintasunik antzemango».

Izan ere, bi giza espezieak «elkarrengandik oso-oso gertu» bizi izan ziren milaka urtez, eta horrek ikerlariak bultzatu ditu «galdera filosofikoak» egitera: «Oso interesgarria litzateke jakitea nola desagertu ziren neanderthalak eta nola gailendu zen gure espeziea. Gauza horiek jartzen gaituzte arazo baten aurrean: zenbateraino garen ezberdinak, zer esanahi duen horrek, eta zer punturaino garen espezie ezberdinak». Neanderthalek, beste espezie bat bainoago, «beste gizatasun mota bat» osatu zutela uste du Rios-Garaizarrek.

Rios-Garaizabalen lantaldeak bukatutzat jo ditu Amalda I aztarnategiko lanak, baina zabalik dute beste ikerketa lerro bat handik hurbil, Amalda III izeneko harpean: «Urteetarako lana dugu hemen».

Joan artikuluen zerrenda osora>