Amabirjinak Aizarnan 2023
Abuztuaren 12an arratsaldeko seietan zegoen iragarrita Aizarnako jaien hasiera. Ordubete lehenago Aizarnako plaza huts-hutsik zegoen, baina “etxafuegoa” jaurtitzeko garaian jende multzo handia inguratu zen bertara.
Jai luzeak direnez, jendea azken momentura arte gauerako prestatzen egongo zen nonbait. Esan behar aurtengo jaiei hasiera emateaz, herrian jaio diren haurren gurasoak arduratu direla. Merezitakoa!
Suziria jaurti bezain azkar isiltasunetik alaitasunera aldatu zen giroa. Buruhandiak irten ziren kalera eta hauek saihestu nahian entzuten ziren haurren garrasiak, gehi musikaren doinuak, erabat alaitu zuten herriko plaza.
Tamalez, plazako giro alaia berehala zapuztu zuen euriak, baina jai giroa pilotalekura igaro zen. Bertan pilota partida dotoreak eta afari alaitsua egon ziren. Egunari amaiera emateko Musikaz Blai taldea plazan, euria lagun zutela.
Abuztuaren 13an jubilatuen hamaiketakoa lehenik eta haurrentzako prestatutatako eguna ziren. Haurrek ez zuten hutsik egin, egun osoan jaun eta jabe izan ziren herriko plazan. Kirola, jolasak eta bazkaria plazan. Arratsaldean ere berdin jarraitu zuten, pailazoen emanaldia ikusteko plazako zoruan eseri ziren arte.
Esan behar, oraingo haurrak edozein ekintzetan parte hartzeko beti prest daudela. Nire garaian ez zen horrelakorik egia esan, aukera gutxi eta lotsa izaten zen nagusi.
Abuztuaren 14an oilasko biltzaileen eguna izan zen. Jaietan xarma berezia duen eguna Aizarnan, nahiz goizean goiz irten baserrietara, eguerdian aurreskua egitera iritsi artekoa luze egiten dela ezin ukatu.
Dena den aurten ondo bete ziren tarteko ordu hauek, goizean Jagoba Otaegik irakasle lanak egin baitzituen herri kiroletarako haurren zaletasuna bultzatzeko. Ez da irakasle hobea aurkitzen erraza. Baita ere ohiturari jarraituz, paella lehiaketa zegoen antolatuta pilotalekuan. Usain gozoa zegoen bertan, eta paella nahikoa ere bai gero goizeko lanak amaitzean oilasko biltzaileekin batera bazkaltzeko. Zorionak irabazleei.
Arratsaldean oilasko biltzaileak kalean zehar ibili ziren. Gazte talde honek berekin ibili zuen umorea eta besteei erantsi ere bai. Amaitzeko azken dantza plazan egin zuten denen aurrean, eta taldeko argazkiarekin bukatu zuten bere lana.
Ilunabarrean Rodeo taldearen kontzertua eta ondoren musika zaratatsua goiz aldera arte; gazteak dantzan eta adineko jendeak zailtasunak lo egiteko garaian. Dena den festek dituzten gora-beherak dira hauek eta okerragorik ezean denak gustura.
Abuztuak 15 Amabirjina eguna eta jaien azken eguna. Egun honetako ekintzarik nagusiena herri kirolak arratsaldeko seietan. Goizean egun arrunt baten itxura zuen kaleak, meza nagusiko garaian izan ezik, hiru egun festan ibili ondoren nekea izango zen errudun.
Dena dela, jaien hasieran bezala ordu bete aurretik hasi zen plaza girotzen eta girotu bakarrik ez, kirolari famatuak zirenez jende multzo handi bat hurbildu ere bai berauek ikustera.
Kirolari famatu hauekin batera herriko bi txikiek erakustaldi polit bat eman ziguten Jagoba Otaegik prestatuta, txikiak ere beti gustura ikusten dira eta herrikoak badira gehiago oraindik. Lehen pausoa eman dute, ea aurrerantz ere ikusteko aukera izaten dugun. Pentatloi erakustaldi dotorea eman zuten maila handiko kirolariek ere, eta ikuslea beti gustura gelditzen da berauekin, herri-kirol zaletasun handia baita gure herrian.
Jaiei amaiera emateko betiko ohiturarekin jarraituz erromeria ilunabarrean. Iritzi bat eman behar eta esango nuke aurtengo jaiek eman dutela bere maila, jai xumeak eta herrikoiak, bakean eta jendea asko gozatzen ikusi dut eta ez dago gehiago eskatzerik herri txiki bateko jaiei.
Jai hauetako giroaz jabetzeko argazki guztien artetik aukeraketa bat egin eta diaporama txiki bat osatu dut. Bideo hauek nire ustez nahiko egoki irudikatzen dute jai hauetan egon den giroa, beraz ikusi eta gozatu berauekin, merezi du eta.
Jon Egiguren