Amabirjinak ... (2012)
"Kontzejuko" balkoitik zinegotziak etxafuegoa bota zuenean hasi ziren ofizialki Aizarnako Amabirjinak, nahiz eta aurretik oilasko biltzaileen doinu eta makila hotsak entzun ahal izan genituen kaletik. Ordurako sardinak prest zeuden parrillan, eta sagardoa ere bai laguntzeko. Jendea berriz etxafuegoa lehertu zain, parrillara inguratzeko.
Bezperako sardinada ospatzen dela ez dira urte asko oraindik, baina badirudi nahiko finkatu dela herrian eta aurreko urteetan bezala ekintza hau izan zen Aizarnako jaiei hasiera eman ziena.
Aurtengo egitaraua luzea eta ekintza ugarirekin osatuta zegoen. Eskerrak arduratzen den taldeak profesionalen mailan egiten duen lan, hori bai, soldatarik gabe eta Aizarnari dioten sentimendu handi batekin.
Aurten oilasko biltzaileak Amabirjin bezperan aritu ziren lanean, eta hau berria da Aizarnan. Aldaketaren arrazoia gazteak fresko irten eta fresko itzultzea zen, baina helburua ez dut uste osoan lortu zutenik eta errua eguraldi beroari botako diogu.
Pilotaleku bikaina badugu eta pilotari gazteak lanean ikusteko aukera ere izan genuen. Dena den ikusleen kopurua ikusi eta badirudi ez dagoela pilotazale asko Aizarnan, edo bestela bezperako gau pasa izango zen errudun.
Iparraldeko herri kirolen erakustaldia benetan bikaina gertatu zen, ikusleak oso entretenituta egon ziren hauek lanean ari ziren bitartean. Lasto fardoak ermitaren teilatu parean ikusten genituen, eta neska gazteak trontzarekin egurra nola moztu! Kirol honek beti lortzen du arrakasta handia eta aurten ere berdin gertatu zen, zaletu asko ditu nonbait kirol honek.
Ekintza honen barruan bitxikeri bat ere aipatu behar dut: aurkezleak egin zuen galderan jarri nuen arreta eta Aizarna herria edo auzoa zen galdetu zuenean, gehiengo batek herria zela erantzun zuen. Benetan ote dago sentimendu hau kalean?.
Herriko bikoteen arteko paella txapelketan ere giro bikaina nabaritzen zen eta usain gozoa zer esanik ez. Tomas eta Segundo nagusitu ziren lehian eta ondoren paella jana herriko plazan. Euskaldunok mahai ingurua ez badugu ez dakigu jaiak ondo ospatzen eta Aizarnan ere berdin, egunero zegoen plazan sabela betetzeko aukera: sardina jana, oilasko biltzaileen bazkaria, gazte afaria, paellada, ume eta gurasoen bazkaria, herri afaria, jubilatuen hamaiketakoa eta triki poteoa noiz nahi.
Ume jolasak, asto probak, erromeriak eta gaupasak ere izan dute nahiko arrakasta, baina ezin da lerro gutxitan denen berri eman. Jaiak luzeak iruditu arren lasaiak eta alaitsuak izan dira eta herritarren parte hartze bikain batekin gainera. Zorionak eman behar antolatzen lan egin dutenei eta jaietan parte hartu duten guztiei. Ea hurrengo urtean gainditzen ditugun eta gora Aizarnako Amabirjiñak!
Jon Egiguren
Danbolin aldizkarian argitaratua