Alzolaras eta Aizarnako parrokiaren arteko hitzarmena
Aizarnako eliza ezagutzen ez duenak, zaila izango du idatzi hau osoan ulertzea, hilobiak eta kapila non kokatzen diren ez dakielako. Dena den, jakin-mina duenak nahikoa du bisita bat egin eta eliza honetan duten kokapena ezagutzea.
Aspalditik nuen esku artean dokumentu zahar hau eta irakurtzea zaila egiten zitzaidalako gordeta nuen ordenagailuan. Atzera botatzen nuen askotan, noizbait itzulita aurkituko nuelakoan, baina ez dut aurkitu eta lasai-lasai irakurri ondoren, ulertu dudana argitaratuko dut ondorengo lerro hauetan.
Aizarnako historiaren barruan sartzen dut 1750.urtean eskuz idatzita dagoen dokumentu zahar hau, Alzolaras Jauregikoen eta Aizarnako parrokiaren arteko hitzarmena baita.
Alzolaraskoek, San Frantzisko de Asisi eskainitako kapila bat zuten Aizarnako elizan eta bi hilobi ere bai, bere inguruan familiakoak hobiratzeko. Hilobi hauei idatzi honetan “Carneros” deitzen diete; euskarara itzultzean “haragi tokia” esan nahi du, gorputzak bertan sartzen zirelako alegia.
Jabegoa berauena zen eta mantenua ere berauek egiten zuten, 1750 urtean Aizarnako parrokiari transferitu zizkioten arte. Alzolaraskoek baserri bat baino gehiago zituzten Aizarna bailaran eta hauen diru ordainekin egiten zituzten mantenu lanak. Baserri hauetako bat “Benezia” zen eta etxe honetakoak arduratu dira urteetan zehar kapila hau zaindu eta apaintzeaz.
Dokumentua Juan de Egaña eskribauak idatzita dago, Aizarnako parrokiaren izenean. Bertako erretore zen Juan de Aranburuk sinatzen du, eragin handiko gizonekin batera. Alzolaraskoen izenean, Urdanetako erretore zen Bartolome de Larrazabalek sinatzen du, honi eman baitzizkioten botere guztiak horretarako.
Dokumentua irakurri ondoren badirudi Aizarnako parrokiak obrak egin nahi zituela eliza apaintzeko, eta horretarako hilobien berriztatzea eskatzen zuen. Hau izan zen arrazoia Alzolaraskoen ondare hauek parrokiaren esku uzteko.
Hitzarmen honetan Alzolaraskoek baldintza batzuk ezartzen dituzte eta honelako zerbait diote: berrikuntzaren gastuak parrokiak egin behar ditu eta hilobiak ezin dira puskatu. Parrokiak ere ezin du beste inoren eskuetan utzi ondare hau, eta armarria agerian egon behar du, hilobi edo kapila ondoan. Gaur ere armarri hau hala ikusten da kokatuta.
Argazkirik ez daukagu eta ez dakigu zer itxura zuen leku honek berrikuntzak egin aurretik. Nik uste, lurzoruan eserlekuak, ganderailuak eta argizaiolak izango zituztela, familian hildakoei beilaldiak egiteko. Aldare nagusitik oso hurbil dagoen lekua da eta okupatzen zuten lurzorua, libre uztea izango zen hitzarmen honen helburua, gero erretaula eta berak duen aldarea kokatzeko.
Egun erretaularen aldare honek, hilobi bat tapatu egiten du, argazkian ikusten den bezala eta losa erraldoiaren zati bat ere agerian dago. Beraz hilobi hau kondenatu egingo zuen berrikuntza honek. Parrokiaren esku utzi zituzten bi hilobi hauek 1750.urtean, baina geroztik ere Alzolaraskoek kapila hau erabili dute. Nik neuk ez ditut ezagutu, baina adineko jendeak gogoan ditu famili honetako kideak kapila honetan.
Hauek laburbilduta, nik dokumentu honetan irakurri eta ulertzen ditudan pasarte garrantzitsuenak. Dokumentu honek aurre azala gehi zortzi orrialde ditu guztira.
Jon Egiguren