Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Akuan Galbario txiki eguna. (2017)

Urteroko ohiturari jarraituz aurten ere ospatu dute Akoan Kalbario txiki eguna eta ez nolanahi gainera. Bezperako afariarekin hasi eta egunean zehar festa giro dotorea sumatzen zen bailara zabal eta zoragarri honetan.

Goiz-goizetik korrikalariak ikusten ziren beroketak egiten kaltzadan gora eta behera, izan ere, Akua Bira hau gero eta arrakasta handiagoa hartzen ari dela esango nuke. Eta ez da gutxiagotarako, banatzen dituzten sariak ikusita lagun arte atsegin honetan.

Nesken artean lehen sailkatu zena Intza Uranga izan zen eta mutilen artean Igor Manzisidor. Irabaztea beti da atsegina, baina ez da gutxiago bailaran ekoiztutako sariekin etxera joatea. Hemendik saririk jaso gabe ez dut uste inor asko joaten denik, denentzako prestatzen baitituzte.

Umeek ere izan zuten korrika egiteko aukera horretarako prestatuta zegoen zelai lauan. Haur pila bat ikusten zen zelaiari bira ematen, etorkizuna bermatuta duela esango nuke urte pila batean Akua Bira honek.

Asto karrera gabe ezin ulertu Akuan jaiak, bailaran ez dago asto faltarik nonbait eta “jineteak” abilezia handiarekin gainera. Elkarren arteko lehia honekin benetan gustura sentitzen da ikuslea, ikuskizun polita ematen dutelako alegia. Lehiaketei eta jolasei begira entretenimendu ugari izaten da goiz osoan. Ondoren hamaiketako zoragarria denentzako, eta dohain gainera. Bejondeiela.

Bailara honetako biztanleek betidanik izan dituzte hartu-eman sendoak Aizarnako biztanleekin, izan ere, Ertxina hegaleko galtzada honetan tertulia asko egin baita urteetan zehar. Gaur egun kaltzada hau ez dugu zeharkatzen Zestoara joateko, baina hartu-emanak jarraitu egiten dute, bailara estimatua izan baita Aizarnarentzako. Eta ez daitezela zapuztu gainera,kaltzada zapuzten ari den bezala.

Aurrera Akua eta Akuatarrak.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>