Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Akuan Santakutz txiki jaiak 2014

Akoan Santakutz Txiki eguna ospatu dute aurten ere eta ez nolanahi gainera. Esan beharra dago bailara honetako jendea trebea dela jaiak antolatzeko garaian, dena perfektu antolatuta izaten dute egun honetarako. Bezperan afaria su festa eta guzti, egunean meza entzuten dute, lasterketa edo krosa ere egon ohi da, asto karrera, oilasko biltzea eta amaitzeko Zestoara buelta bat egiten dute auzotarrek. Bada zerbait auzo txiki baterako.

Hemen bezala, hamaiketakoa muxutruk ematen duten leku askorik ez dut ezagutzen: haragi egosia eta txorizoa errioxako ardoarekin hurbiltzen diren guztientzat. Egia esan sabela alaituz jaiei begira egoteko ere beste gorputz bat jartzen da hamaiketako honekin. Baita ere ikusgarria lasterketa honetako sari banaketa, bailarako baserri guztiek jartzen dute zerbait eta bazirudien banaketak ez zuela amaitu behar. Partaide ugari ikusten dira beren sariak eskuan dituztela, ez dut uste denentzako iritsiko denik baina ez zen horretarako asko faltako.

Goiz parteko eguraldi ederrarekin eta bailara polit honetan festa giroan gozatzeko aukera paregabea zegoen. Jaiotetxetik hurbil dagoen auzo honek oroitzapen zoragarriak berriztatzen dizkidala ere esan beharra daukat eta honek bultzatzen nau urtero bertara gerturatu eta lortzen ditudan argazkiekin diaporama txiki bat osatzera. Horra hor ikusi nahi duenarentzat.

Ahaztu gabe zorionak antolaketa honetan parte hartzen duten guztiei eta jarrai dezatela urte askotan.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>