Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Akua bailarako jaiak (2010)

Akua bailara aspalditik dugu ezaguna. Ordeka honetan kokatzen diren baserriak aspalditik aipatzen dira idatzietan eta bertako biztanleek lotura handia izan dute beti Aizarnarekin, nahiz eta gaur egun Zestoara begira gehiago ikusten ditugun.

Bailara egokia eta polita dela ezin ukatu, baserri gehienak berrikuntza egokiak eginda ikusten dira, garai batekoa ikusi duenak, ia ezin du ezagutu ere egin.

Nik oso ezaguna dut bailara hau, lantokira joateko egunero zeharkatzen bainuen Aizarnatik Zestoara doan galtzada. Baina ermita honetan meza santua bakarrik ezagutu nuen, eta orain jai politak ezagutzeko aukera izan dut.

Aurtengoan paregabeko eguraldia izan dute jaiak ospatzeko eta bai probetxu egokia atera ere. Jende multzo handi bat biltzea lortu dute antolatutako ekintzak ikusi eta beraiekin gozatzeko, eta gainera, hamaiketako denei, bejondeiela!

Mendiko herri-krosa, asto-lasterketa, trikitia, txistulariak, hamaiketakoa eta ingurune paregabea eguraldi eguzkitsu baten laguntzarekin. Ea hurrengo urtean ere gozatzeko aukera izaten dugun Akuako jai hauekin.

Argazki batzuk atera nituen bertan eta hemen ipini ditut ikusgai, bata bestearen segidan nahi dituenak ikusi.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>