Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Akua auzoan jaiak ( 2012 )

Gurutze Doneari eskainita duten ermitaren oroimenez, Akua bailara jai giroan murgildu da aurten ere Iraileko hirugarren igandean.

Jaiak arrakasta handia izan dute eta antolatzen duten kros herrikoiak zer esanik ez, kirolari ugari eta maila handikoak ikusi ditugu eta ez da bertako baserriak jartzen dituzten sari ugariren eragina bakarrik, bailarak dituen paisaia eder eta bertako jende atseginak ere badu zer ikusia horretan.

Bailara honek duen esku zabaltasuna agerian gelditzen da, kirolarien artean banatzen dituzten sari pila ikusita, bazirudien ez zuela amaitu behar banaketak, auzo honek horrenbeste produktu ekoizten duela sinestea ere zail egiten da. Baserri denak egiten dute ekarpen bat edo beste eta sarien artean txahal txiki bat ere banatzen dute, begira noraino iristen diren auzotar hauek.

Kirola amaitu bezain laster edonorentzat hamaiketako paregabea egoten da nahi duenak eskuratu eta musu-truk gainera, hau ez da ikusten toki askotan eta mendiak ematen duen gosearekin zein etxeratu hau dastatu gabe.

Asto karrera ere antolatzen dute zelai dotore batean eta eguraldiak laguntzen badu hurbiltzen diren guztiak ikusten dute froga hau. Asto hauen abiadurak ikusi eta nabaritzen da bai, Ertxina mendiak dituen larreak benetan indartsuak direla.

Beti erakarri nau bailara honek, inguruan jaio, bizi, edo askotan zeharkatu dutelako izango da behar bada, gaur egun ere Azpeititik Aizarnara bidea, gehiengo batean behintzat hau izaten da niretzako. Ertxina mendiari eta Akua ordekari begirada bat eginez.

Gozatu nuen zegoen jai giro bikaina eta bailarak duen xarmarekin, argazki batzuk jaso ere bai eta hemen azaltzen ditut nahi dituenak ikusi.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>