Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Aizarnatik Santa Engrazira ibilbidea.

Aizarnatik irten eta berehala ikusten dira bide ertzean ura irentsi eta irentsi ari diren zuloak. Eguraldi euritsua ez bada ez dira entzuten erortzean ateratzen duen zarata, baina elementu isurkari honek urteetan zehar egin dituen zuloak, begi bistan dauzkagu.

Hauez gain badira Aizarnan beste eztarri batzuk ere, irentsi eta irentsi ari direnak, eta eskerrak hauei, bestela gaur ikusten den bailara polit hau urak estalita egongo litzateke.

Ez dakigu egia den hala ez, baina Aizarnan beti esan ohi da Zestoako Bainuetxe inguruan irteten direla hemengo zuloetan sartzen diren urak.

Bailarari begiratu besterik ez daukagu auzoa zulo batean dagoela kokatuta ikusteko, eta urak ez duela beste aukerarik ihes egiteko. Beraz zulorik ezean laku handi bat izatera iritsiko litzateke.

Aldapa igotzen hasi eta bide ertzean Aranguren baserria daukagu, urteetan zehar sagardo ugari egin den baserria. Horretarako erabili diren tresneriak agerian ditu "mandioan" eta egin diezaiegun begirada bat, gure arbasoek sagardoa nola egiten zuten nozio txiki bat hartzeko balioko du eta.

Eskuin aldera begiratzen badugu, " Ergoin" deitzen diogun bailara daukagu. Eremu honetan ere badira baserri polit eta egokiak, baina malda malkartsuak ere bai. Hemen ere merezi du egonaldi txiki bat egitea, begiak asko gozatzen baitute paisaiarekin eta natura zalea bazara, gehiago oraindik.

Errepidean gora goazela gailurrean dagoen Santa Engraziako ermita gero eta urreago ikusten da eta bere kanpai hotsak hobeto entzun ere bai. Baina gailurrari begiratzea utzi eta ezker aldera begiratuz gero hor, Egaña baserriak ikusiko ditugu.

Egaña abizenak hemen du jatorria eta abizena bakarrik ez, gizon ospetsuen jatorria ere bai. Hauetako bat Pedro de Egaña dugu, Isabel II Erreginaren ministro izatera iritsi zena.

Baso eta zuhaitzei begiratuaz berehala iritsiko gara ordeka txiki batera, eta bertan ondo zaindutako ermita bat dago, Karmengo Amari eskainitako erretaularekin. Aspaldiko ohitura da txanpon batzuekin laguntzea eta borondateak jarraitzen badu, seguru gaur egun duen itxura egokia urte askotan izango duela.

Gain honetatik hegoaldera begiratzen badugu Izarraitz mendiaren maldak ikusten dira eta sortaldean Gazume mendiarenak, hau dena paisaia polit baten barruan eta zelai berde ederrez inguratuta.

Berehala errepide nagusia utzi eta Santa Engraziako bentara doan bidean sartuko gara eta beraren aurretik pasako gara gailurrean dagoen ermitara iristeko. Benta honetan Santio egunez ospatzen dira jaiak nahiz eta ermita ez dagoen berari eskainita. Urteetan zehar erromes eta mendizale askoren atseden leku izan den benta zaharra daukagu aurrean.

Hemendik ermitarako bidea aldapan eta harkaitz artean egingo dugu, harrizko gurutze batekin topo egin arte.Hemen atseden txiki bat egingo dugu Aizarna bailara osoa ikusteko aukera dagoelako eta berehala gara gailurrean.

Gailurrean kokatuta dagoen ermita hau, Euskal Herriko zaharrenetakoa dela esaten dute, honek historia luzea du, noiz eraikitakoa den esateko ere datarik ez daukagu, bai ordea aspaldikoa dela egiaztatzen duten agiriak.

Garrantzitsuena aipatuko ditugu hemen: Benedicto XIII Aita Santuak buldak ematea onartu zueneko idatziaz ari naiz. 1405.urtean argitaratu zuen idatzia eta berak dioenez egun jakin batzuetan Santa Engraziara bisita egiten zuten kristau guztiei buldak ematea erabaki zuen. Erromesen bitartez lortzen zen dirua ermitaren mantenuan erabiltzeko konpromisoarekin, garai horretan Irunako elizbarrutiaren barruan kokatzen zen ermita hau. . Juan Sebastian Elkano ere hil zorian zegoela Pazifiko itsasoan, ermita honekin gogoratu zen eta Urrezko Dukado bat utzi ere bai testamentuan. Debozioa ere handia zuen bailarako jendeak ermita honetako Santuekin, batik bat amak beren haurrak hitz egiteko arazoak sendatzeko garaian eta abar.

Kanpaiari dagokionez, Apategi baserriko ahariak jaso zuela esan ohi da bailaran. Mitoa izango da behar bada, bestela ahari handia beharko zuen honelako balentria lortzeko.

Erlojuari dagokionez 1914. urtean jarritakoa dugu eta egilea “ YEREGUI Y CIA” (CONSTRUCCIONES ZUMAYA AÑO 1914).

Gizaldi askotan egon da erlijiotasunarekin lotuta ermita hau, gaur egun mendizale eta natura zaleak gehiago dira hona etortzen direnak paisaiekin gozatzera, Urdaneta, Altzola, Aizarna, itsasoa eta abar. Gipuzkoaren erdian kokatzen denez lurraldearen gehiengoa ikusten da bertatik, beraz ermitari bira bat edo bi ematen dizkiogun bitartean gozatu paisaia paregabe honekin.







Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>