Aizarnatik Erniorako ibilbidea ( 2 )
Lehen idatzian Etumetako Bentan utzi genuen Aizarnatik Erniorako ibilbidea, honetan falta zaiguna irudikatuko dugu.
Loiolako Iņigok Erromatik itzuleran, Etumetan egin zuen atsedenaldian ikusiko zituen lehen aldiz Izarraitz azpian kokatuta dauden jaiotetxeko lurrak. Berak ikusi zituen garaitik zerbait aldatuta egongo dira Txillarramendi eta Azpeiti inguruak, hala ere egin diezaiegun begirada bat berauei, lasai eta presarik gabe, Iņigok ikusi zituenak imajinatuaz.
Txillarramendi bailarak, garai batean biztanle ugari eta xarma handia zuen, gaur egun ez hainbeste, baina polita izaten jarraitzen duela ezin ukatu.
Errepidea berehala utziko dugu ezker aldean dagoen gurdi bidean sartzeko. Bide honetan sartu bezain azkar, ezker aldera begiratzen badugu zelai berde- berdeak eta pago zuhaitz handiak ikusiko ditugu. Garai batean ugari izango ziren itxura honetako basoak, baina gaur egun ez dira asko ikusten, Nafarroa aldera joaten ez bagara behintzat!
Eskuin aldean berriz askotan ikusten dugun irudi modernoa ikus liteke: bainuontzi bat urez beteta, ganaduak mendian egarririk pasa ez dezaten. Ez da oso estetikoa mendian, baina probetxu asko atera zaion tresna bai, hainbeste ikusten dira!
Komizolatzarako bide zati hau, zuhaitz azpian egiten dugu gehien bat, ertzetan dauden zuhaitzei begira, alde batean autoktonoak eta bestean insignis pinuak.
Iritsi eta hemen ere geldialdi txiki bat egingo dugu burdinazko gurutze ondoan. Bertatik bailara luze eta zabala ikusteko aukera dago: Urdaneta, Altzola, Beama, Pagoeta eta Erdoiztako eliza borobila ere bai. Hauei begira deskantsatzea oso ondo etorriko zaigu, aurrean dugun aldapari lasaituta erasotzeko.
Aldapatsua da bai, Gazumera eramaten gaituen bidea, buztina eta arbel harria ikusten da gehien bat. Nire aholkua lasai lasai igotzea izango da, eta ordekara iritsi baino 200 metro lehenago eskuin aldean dagoen lubakiari begiratzea. Nik guda garaiko trintxera dela pentsatu izan dut, baina ez nago seguru eta bakoitzak erabaki dezala.
Ordekara iritsi eta Zelatunera arte ez daukagu nekerik, bidea harkaitz artean egiten dugu eta pago zaharren azpian. Gazume tontorra ezkerrean eta eskuin aldean berriz harkaitz pilaketa handiak ikusten dira. Garai batean meatzariek egindako lanak dira hauek, beruna eta zilarra ateratzen omen ziren meategi hauetatik. Nik hala entzun izan dut behintzat.
Zuhaitz artetik irten eta aurrean ditugu Zelatuneko zelaiak. Udaldian ardi ugari ikusiko dugu larrean, artzain bordak eta zelaiak banatzeko harrizko horma ugari ere bai. Harri tolestura hauei begira gustura egon izan naiz beti eta pareta hauen egileak artisau bikainak zirela pentsatu izan dut.
Ernioko gailurra lortzeko ez zaigu asko falta, baina taberna ondotik pasa behar dugu. eta tentagarria egiten da barrura sartzea. Tentaldiak alde batera utziko ditugu sasoian gailurra lortu nahi badugu behintzat, gainera malda honek asko eskertzen du sabel arina.
Arkaitz arteko aitzur bidea ez da hain luze egiten, laster ikusten baita gailurrean dagoen gurutze handia. Honi begira goazela gurutze zaharraren ondoan berehala kokatzen gara. Honek zintzilik dituen uztaiak pasako ditugu gorputzean burutik beheraino, erreuma sendatzeko oso baliagarriak omen dira eta. Hala esan ohi da behintzat! Uztaiak pasa eta gailurreko gurutze handira iristeko, bi edo hiru pauso besterik ez dauzkagu.
Ernioko gailur honek 1.078 metroko altuera du, hala ere merezi du igotzeak, hemendik ikusten den panoramika honen partaide sentitzeagatik bakarrik ere. Hemendik ozta-ozta ikusten diren mendi gailur denen izenak erakusten ditu mapatxo batek, honi begiratzean jabetzen gara nolako ikuspegi luzea dagoen gailur honetatik.
Ibilaldi honek duen xarmaren barruan sartzen da baita ere, gora igotzerakoan sartu ez garan artzain txabola. Orain sartu egingo gara, salda beroa hartuko dugu eta ogitarteko bat, seguru nago itzulerako bidean eskertuko digula gorputzak.
Jon Egiguren