Aizarnatik Erniorako ibilbidea ( 1 )
Ibilaldi hau beti espazio zabalean egiten dugu, naturarekin kontaktu berezia sentituaz, beraz egun erdi paregabea igarotzeko proposamen egokia delakoan nago.
Aizarnatik Ernio gailurrerako ibilaldi honetan aldapa dugu nagusi, hala ere bide hau zeharkatzerakoan ikusten ditugun baserri, bailara eta mendiak oso atsegin egiten dute berau eta nekea sentitu ere ez dute egiten bidaiariaren oinek.
Aizarnatik irten eta berehala ikusten dira bide ertzean ura irentsi eta irentsi ari diren zuloak. Eguraldi euritsua ez bada ezin dugu entzun jaurtitzerakoan sortzen duen zarata, baina elementu isurkari honek urteetan zehar egin dituen zuloak ikusi bai. Zulo hauetan ezkutatzen da Aizarnan pilatzen diren uren parte handi bat eta lur gaineko errekarik ezean batek daki nora bideratzen dituzten eztarri hauek.
Hauez gain badira Aizarnan beste eztarri batzuk ere, irentsi eta irentsi ari direnak, eta eskerrak hauei, bestela gaur ikusten den bailara polit hau urak estalita egongo zen. Nik ez dakit egia den hala ez, baina Aizarnan beti esan ohi da Zestoako Bainuetxe inguruan irteten direla hemengo zuloetan ezkutatzen diren urak. Egia ote da?.
Zalantza hau egiaztatu beharrik nola ez daukagun ibilaldi honetan, alde batera utziko dugu. Aldapa igotzen hasi bezain azkar, atzera begiratu besterik ez daukagu auzoa zulo batean dagoela kokatuta ikusteko, eta urak ez duela beste aukerarik ihes egiteko. Hau egiaztatu ondoren bakoitzak aukera dezala paisaiarik gustukoena zein duen, ikusten ari dena edo aintzira handi bat.
Errepidean gora goazela gailurrean dagoen Santa Engraziko ermita gero eta urreago ikusten da eta bere kanpai hotsak hobeto entzun ere bai. Baina gailurrari begiratzea utzi eta ezker aldera begiratuz gero hor, Egaņa baserriak ikusiko ditugu. Egaņa abizenak hemen omen du jatorria eta abizena bakarrik ez, gizon ospetsu ugarik ere bai: hauetako bat Pedro de Egaņa dugu, Isabel II Erreginaren ministro izandakoa.
Eskuin aldera begiratzen badugu berriz, Ergoin deitzen diogun bailara daukagu. Eremu honetan ere badira baserri polit eta egokiak, mendi malkartsuak ere bai. Hemen ere merezi du egonaldi txiki bat egitea, begiak asko gozatzen baitute paisaiarekin eta natura zalea bazara, gehiago oraindik..
Aurrera goazela eskuin aldean eta nahiko zuloan gainera, Arane baserria ikusten da eta begiratu bezain azkar konturatzen da bat, lanerako erosotasunik ez dituzten baserriak ere baditugula herrian. Malda hauetan familia aurrera ateratzeko lana gogor egindako garaiak ere izan direla.
Pauso lasaian goazela perretxiko tokiak ere ikusten dira inguruan, eta zaletua bazara zer esanik ez. Dena dela ibilaldi honetan ez gara hasiko basoan barrena sartu eta hauen bila, denak ez baitago egiterik egun batean. Baso eta zuhaitzei begiratuaz berehala iritsiko gara ordeka txiki batera, eta bertan ondo zaindutako ermita bat dago, Karmengo Ama birjinari eskainitako erretaularekin.
Oraindik ere jende asko ikusten da txanponak botatzen ermitara eta borondateak jarraitzen badu,gaur egun duen itxura egokia urte askotarako izango duela pentsatzen dut. Arduradunak jaso aurretik esku luzeak dituen besteren batek lapurtzen ez baditu behintzat.
Gain honetatik Ego aldera begiratzen badugu Izarraitz mendiko malda osoa ikusten da eta zelai egokiak ere bai baserri inguruetan. Ipar aldean berriz Aizarna bailara zabala ikusten da itsaso eta guzti, ikuspegi honi begirada bat egiteko Santa Engraziko benta ingurutik egitea dugu egokiena. Nahiz eta zerbait desbideratu merezi du ikuspegi honekin gozatzeak. Atzean utzi panoramika polit hau eta errepidean aurrera jarraituko dugu. Berehala iritsiko gara Erdoiztako bide gurutzera, hemen maldan gora hartu beharrean Etumetara joko dugu bide erosoagoa delako eta ikuspegiak ere politagoak, niretzat behintzat.
Etumetako benta zaharraren ondotik pasatzean, etxe honen iragana gogoratzea ere ez zaigu gaizki etorriko. Denok dakigun bezala Loiolako Iņigok hemen egin zuen atsedenaldia, Erromatik etxera zetorrela. Horrez gain erromeri ugari egindako garaiak izan ditu taberna honek eta bailarako jendearen solastoki ere izan da.
Ernio gailurra zapaltzeko gutxienez erdia falta zaigu oraindik, baina dena ez dago idatzi batean azaltzerik, eta falta den guztia beste idatzi batean azalduko dut.
Jon Egiguren