Aizarnan normaltasuna nagusi.
Urtea amaitzera doa eta ezin dugu joaten utzi herri txiki honetan bizi ditugun gorabeherak aipatu eta Zestoar guztiei ezagutzera eman gabe. Krisiaren eragina gehiengo batek sufritu duen urtea igaro dugu, hala ere normaltasunez bizi dugula esan beharra dago eta ez da gutxi garai hauetan.
Normaltasunez, bai, normaltasunez igaro da urtea Aizarnan! Baina hala ere beti dago zerbait azpimarratzeko, nahiz eta eguneroko bizimodua errepikakorra izan.
Normaltasun osoz egindako akordioari esker ireki zen elkartean lasaitasuna da nagusi, tentsiorik gabeko giroa sentitzen da bertan. Kalean ere ahaztu dira pasa ditugun tirabirak eta honaino iristeko meritua herritarrena da.
Normaltasun giroan berreskuratu ditugu, baita ere, udaberrian ahaztuta genituen aspaldiko Pazko jaiak ere. Berreskuratu eta ez nolanahi gainera, egun honek nota handia lortu zuen askoren esanetan. Lehen aldia izan arren nota egokia eta aurrera begira gainditzeko asmoarekin gainera.
Normaltasun osoan ospatu dira, berriro ere, udan ospatzen ditugun Amabirjin jaiak. Zezenketarik nola ez dugun ospatzen, ez dago eztabaidarik Aizarnan, Zestoan ikusi dugun bezala. Eskerrak galdeketak baretu duen kalea, bestela Aizarna ere kutsatuko zuen gai honek.
Giro alaian ospatu genuen jaietan egiten dugun oilasko biltzea ere, naiz eta oso urrean ikusten dugun eztabaida animali hauen tratua dela eta. Amasan oilaskoak biltzeari uko egin eta arrautzak bildu izanak, izango du bai eragina gure artean ere. Dena den Zestoan zezenketen arazoa konpondu badute, gu ez gara gutxiago.
Normaltasun giroan burutu zen udazkenak berekin duen txerri boda ere, ohitura hau Aizarnako erara ospatu izanak ez dio xarmarik kendu festari, gehitu baizik. Aspaldian ikusten ez diren langintza zaharrak ikusteko aukera ere izan genuen. Esan genezake txerri boda herrikoa zela eta nik ez dut oraindik Aizarnan ezagutu, seguru asko izango du honek ere jarraipena.
Normaltasun giroan igaro baditugu orain arteko urtaroak, negua ere hala dago iragarrita eta abenduan gehiago, horretara bultzatzen duelako. Normaltasuna hitza gehiegi aipatuko nuen behar bada, baina honek dakarren egoerak giro atsegina sortzen du herrian eta lasaitasuna txertatu gizartean. Aurrera pausoak ematen asko laguntzen du, elkarren arteko hartu-emanak hobetzen joaten dira, ekimen pribatuak ere gehitu egiten dira eta herrian alaitasunak toki gehiago izaten du.
Azken urte honetan Euskal Herriko gizartean ere giro bera nagusitu da, beraz gure artean ere giro honek jarraitzen badu, seguru Aizarnari pauso berriak ematen asko lagunduko diola.
Krisiaren itzalpean hasi eta amaitu zer esanik ez, hala ere giro lasaia nagusitu da Aizarnan eta seguru asko leihotik begira ikusten dugun Olentzerok aurpegi alaiagoa izango duela aurten eta erregaliak ere hobeak ekarriko dituela.
Urte berri on.
Jon Egiguren
Danbolin aldizkarian argitaratua