Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Aizarnan jatorria duten abizenak

Lehen ere argitaratu nuen idatzi hau eta honezkero irakurrita izango duzue seguruenik, baina orain konturatu naiz, abizen bat edo beste ez nituela aipatu bertan. Aipatu gabe nituen hauek gehitu eta berriro argitaratu dut lehengo zaharra ezabatu ondoren.

Herri txiki baterako abizen ugari ikusten dira, honek agerian jartzen du Aizarnak garai batean zuen garrantzia lurralde honetan. Egun, armarririk ez da ikusten abizena jatorria duten baserri hauetan, baina garai batean seguru izango zituztela. Frantses militarren inbasioek suntsitu omen zituzten, hala diote adituek.

Hasteko esan behar, Erromatarren zibilizazioak erabilitako ohiturek eta legeek gaur egun ere badutela eragina gure artean. Horietako bat abizenarena dugu, eurak hasi baitziren lehengoz erabiltzen.

Izena bakarrik erabiltzetik, familiak bereizteko abizenak erabiltzera pasa ziren; eta familia bakarrik ez, jatorria edo arraza ere bereizten zuten bigarren abizenarekin.

Jarraian ezagutu diren kulturek ez dute abizenik erabili. Erdi aroan, ordea, berriz hasi ziren erabiltzen eta gu ere, beste herrialdeetan bezalaxe, orduan hasi ginen berriz erabiltzen.

Euskal Herriko abizenak, toponimiko eta patronomikoak dira. Toponimikoak, bailara edo lekuaren izenean dute jatorria; patronomikoak, berriz, besteen deitura edo izenetan. Adibidez, “Aranburu” toponimikoa dugu, lekuarekin baitu zerikusia; “Domingorena”, berriz, patronomikoa.

Euskal Herriko abizenak oso ugariak dira, beste zenbait herrialderekin konparatuta eta Aizarnari begiratu besterik ez dago hau egiaztatzeko.

Aizarnako abizenak toponimikoak dira, leku-izenetan dute jatorria. Batzuen esanahia ulertzea erraza da baina beste batzuen esanahian adituak ere ez dira ados jartzen.

Ondoren aipatzen diren sortetxeak edo jauregiak Aizarnako bailaran ezagutu dira, nahiz eta gaur egun beste auzo batzuetan kokatu. Sortetxe hauek, abizena bakarrik ez, gizon ilustratuak eta jakintsuak ere eman dituzte, nahiz eta denak ezin hemen aipatu.

Aizarnatea armarria

Aizarnako abizenen artean ezagutzen dugun zaharrena, AIZARNATEA dugu. Arabeak erbesteratzeko Navas de Tolosan deitzen diogun borroka batean aipatzen da, 1212. urtean.

AIZARNA abizena bera, bailarako izenari dagokio, Gipuzkoan zehar asko zabaldua dago gaur egun.

ALZOLARAS abizena, izen berarekin ezagutzen dugun jauregian du jatorria. Jauregiak, gaur egun, hormako harriak bakarrik ditu agerian.

AMILIBIA baserrian zuen jatorria Eustasio Amilibiak, Donostiako alkate izandakoak. Hango kale batek bere izena darama gaur egun ere.

ARANBURU baserrian zuen jatorria Argentinako errepublikan lehendakari izan zen jeneralak.

EGAÑA, politikari ospetsuen sortetxea dugu, baserri honetan dute jatorria, Bernabe de Egaña, Pedro de Egaña, Domino Ignacio de Egaña eta abarrek. IGARTZA, BIKENDI, ETXEGARAI, EZENARRO, IRIBARREN, POZUETA, PORTU, INUNCIAGA, URBIETA, PAGALDE, SORAZABAL, CHIRIBOGA... sortetxeak Aizarna bailaran dute jatorria, nahiz eta abizen hauetako batzuk beste herrietakoekin ere partekatu beharra daukagun.

Lan honetarako agiri hauek erabili ditut: “Compendio Historial de Guipúzcoa”, Lope Martinez de Isasti-rena; “Etimologias de apellidos vascos”, Isaac Lopez Mendizábal-ena.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>