Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

AIZARNAN AMABIRJINAK 2015

Ospatu ditugu aurten ere abuztuko Amabirjinak Aizarnan. Ekintza alaiak eta atseginak ikusi ditugu, lau egun festa giroan murgilduta eta ez dira gutxi herri txiki baterako. Hala ere egun guztiek eman dute nahiko emaitza egokia.

Amabirjina bezperan arratsaldeko bostetan hasi zen giroa berotzen “etxafuegoak” Kontzejuko balkoitik jauzi ondoren, baina ordurako elkartean lanean ari ziren afaria prestatzeaz arduratu ziren Aizarnarrak. Pilota partidak ere bezperan jokatu dira aurten eta pilotari gazte hauen artean Aizarnarrek ere jokatu zuten.

Pilotari gazte hauek ikusi ondoren bertsolariak balkoitik balkoira lehengo ohitura zaharra gogoratuz, bertso batzuk entzun eta triki poteoa egin ondoren denak afari herrikoira. Mahaiak frontoian jarri beharra gertatu zen eguraldiak ez zuelako segurtasunik eskaintzen. Denok dakigu xarma gehiago duela afari honek herriko plazan, baina segurtasunak gehiago balio du. Marmitakoa zoragarria zegoela entzuten zen mahaikideen artean, beraz zoriondu egin behar sukaldariak.

Ohitura den bezala, Amabirjina eguna meza nagusiarekin hasi genuen herriko korua kantari zela, Honek asko lagundu zuen atsegina izaten, baina horretarako lan bikaina eginda dagoela esango nuke koru honen antolaketan. Meza alaia beti da atsegina partaide guztientzat beraz jarrai dezatela lanean herriak duen alderdi bat baita. Meza amaitzerako zain zeuden Zestoako dantzari txikiak eliz atarian goiza alaitzeko eta alaitu ere egin zuten eskainitako dantza sortarekin.

Arratsaldean herri kirolak plazan eta hemen ere herriko bi kirolari ikusteko aukera zegoen, Jagoba gaztea Igeldoko harri deformearekin Izeta handia lagun zuela eta Txapartegi Otañorekin aizkoran. Jagobak erakustaldi bikaina eman zuen berak ondo erabiltzen duen harri deformearekin eta aipatu ditugun kirolari handi hauekin lehiatzeko moduko bi kirolari izateak asko janzten du Aizarna. Herri denek ez dute aukera hau.

Gaueko erromeriak ere eman dute dantzan egiteko nahiko aukera, nahiz eta gaur egun garai batekoekin konparatuta dantzari gutxi ikusi herriko plazan.

Amabirjina bigarrena oilasko biltzaileen eguna zen, Aizarnako jaiek duten ezaugarri nagusiena niretzako, urteak joan eta etorri jarraipena duen ohitura zaharra dugu hau. Gazteekin batera beteranoak ere ikusi ditugu aurten, naiz gazte hauei jarraitzea erraza ez izan. Egun honetan paella handi bat prestatu zen plazan nahi zuen guztiak bazkaltzeko, honekin indarberritu eta dantzariek arratsaldean jarraitu zuten herri inguruak alaitzen.

Eguna amaitzeko kupela taldearekin erromeria. Esan behar gazteek egiten duten gau pasako zarata asko jatxi dutela aurten, beraz zoriondu egin behar lo egin behar dutenak aintzat hartzeagatik.

Amabirjin hirugarrena txikien eguna zen eta hauek egin ziren herriaren jabe, gurasoen baimena eta laguntzarekin, jakina. Egun osoan aritu ziren jolas eta jolas herriko plazan, dena haurrez beteta ikusten zen plaza egun horretan. Hauek sortu zuten irudia zoragarria zen benetan. Haur pila hura ikustean, etorkizuna ziurtatuta zegoela Aizarnan pentsatu nuen. Eguraldiak laguntzarekin egun zoragarria hirugarrena, bai haur eta gurasoentzat, seguru nago gau horretan ederki egin zutela lo txikiek, nekatuta bukatu baizuten eguna.

Nire ikuspegitik aurtengo Amabirjinak utzi duen irudia bikaina dela esango nuke. Herritarren parte hartzea handia ikusi delako batetik, beraz herrikoiak izan dira; herrira hurbildu den ikusle kopurua nahiko polita izan delako bestetik, eguraldiak ere nahiko egoki lagundu baitu; eta nola ez, bakean egun denak igaro ditugulako. Amaitzeko, jaiak antolatzen ibili diren guztiek lan bikaina egin dutenez, zorionak.

Urtero egiten dut herriko jaien laburpen txiki bat, iritzi pertsonalak azaldu, bertan ateratako argazkiekin diaporama txiki bat osatu eta webgunean jarri Aizarnako jai giroa erbestean ere ezagutu dezaten eta ikusterik izan ez duten herritarrentzat. Hauek dira aurtengoak, ikusi eta gozatu.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>