Aizarnako txokolatea
Kakaoarekin txokolatea egiten hasi eta artisautza honek gaur egun duen arrakasta lortzerako ibili luze bat egin du, eta ibili honetan Aizarnak ere badu aipatzea merezi duen ekarpen txiki bat egina. Artisautza honek Aizarnan noiz duen hasiera ez dakit, baina amaiera ezagutu nuen. 1960 urte ingurua zen, gutxi gorabehera. Adin txikia nuen garai hartan, baina txokolatea nola egiten zuten begira egondakoa naiz. Hala ere, artisautza hau hobeto ezagutu zuten herritarren azalpenek asko lagundu didate idatzi hau osatzen.
Aizarnak artisautza honi egin dion ekarpena aipatu aurretik, kakaoaren historiari egingo diogu begirada txiki bat. Asko dago idatzia elikagai honi buruz, eta adostasun osoa dago bere jatorriari buruz, Amerika deitzen diogun lur haietatik datorrela alegia. Zehatzago izateko, Azteka, Tolteka, Maia eta Olmeka kulturei esker ezagutzen ditugu kakaoak dituen aberastasun guztiak. Hauek gizaldiak zeramatzaten janari honekin elikatzen.
Kultura hauek gehienbat zuku eginda xurgatzeko erabiltzen zuten kakaoa, baina orean ere erabiltzen zuten, gisa honetan errazago garraiatzen zuten nonbait eta iraunkortasuna gehitu ere bai. Janari honekin eta beste ezer gabe egunak igarotzen zituzten gudariek basoan. Egunak txokolaterekin bakarrik eta gorputzak ahultasunik ez! Hau ikustean harriturik gelditu omen ziren elikagai honekin kolonizatzaileak.
XVI. gizaldian hasi omen ziren kakaoa Espainiaratzen. Lehen urteetan, ordea, gutxi ekoizten zuten landare hau eta garraiatzeko itsasoa zeharkatu beharrak asko garestitzen zuen produktu miragarri hau. Beste gauza askorekin gertatzen den bezala, errege eta jauntxoen etxeetan bakarrik mahairatzen zen janari preziatu hau.
Errege eta jauntxoen mahaietatik Aizarnako mahaietara iritsi arte pasako ziren urte batzuk, baina iritsi zenean laster ikasi zuten txokolate ederra egiten Aizarnan ere. Puertokoan eta Konpitterokoan fabrikatzen zen txokolatea, biak saltokiak eta tabernak ziren. Kakaoa ekoizteko baimena eta tresneria lortu ondoren berehala hasi ziren elikagai hau komertzializatzen. Ekoiztu zuten kopurua ez dakit zenbatekoa izan zen, baina herriko beharrak asetzeaz gain Azpeitian ere saltzen omen zen Aizarnako txokolate berezi hau. Bada zerbait!
Nik, modu industrialean lantzen ezagutu nuen, elektrizitatearen indarrez baliatzen zen makina batean. Makina honek harri handi bat zuen oinarri, azpian sua eginez berotzen zuten berau. Oinarrizko harri beroaren gainean eta pisu handi baten azpian hiru alper zituen biraka, galga bat ere bazuen komeni zen xehetasuna lortu ahal izateko.
Makina honek, kakaoa xehetzeaz gain, txokolateak behar zituen osagaiekin orea egiten zuen. Baina jakina, tresnak ez zuen errezetarik eta nolako maisu txokolateroa halako txokolatea irtengo zen. Orea egin bezain azkar zilar kolorea zuten txapazko moldeetara jaurtitzen zuten. Txapazko molde hauetan hoztu eta loditzen zenean kanpora.
Egileak erabiltzen zuen markarekin txokolate tableta bildu eta apaletan tolestatzen zituzten. Bat edo beste erakusleihora ere bai jakina, txokolate egin berria salgai zegoela eroslea ohartu zedin. Besteek ez dakit, baina nik behintzat eskolatik etxerakoan makina bat begirada egin nien erakusleihoko tableta dotore hauei.
Jakin dudanez udako egunetan zailtasunak izaten zituzten hoztu eta orea gogortzeko eta etxe barruko beroari ihes egiteko Gurutze Santuko estalpe freskora ere askotan ateratzen omen zituzten, Puertoko kasuan behintzat.
Konpitterokoan ‘Iruretagoyena’ marka alde batetik eta Puertokoan ‘Aguirre’ marka bestetik, bi marka erregistratu baziren kontsumitzaileen aukerarako. Lehenengoak bilgarri urdina zuen eta besteak gorrira jotzen zuen marra batzuekin. Erbestean egiten zen txokolateak 250 g. pisatzen zituen eta Aizarnakoak 300 g. salneurri berean. Gogoan dut oraindik tableta hauek nolako ontza handiak zituzten, azukrea kakao artean bereizten zelarik. Esaten dute Aizarnarrak bereizi xamarrak garela eta pentsatzen hasia nago txokolate berezi honekin haurtzaroan elikatu izanak eragina izan ote duen ere!
Langintza honek utzi dituen aztarnak baditugu oraindik Aizarnan. Adibidez, Konpitteroko kasuan tresneriak erabili zuen ardatz nagusiaren sostengua egurrari ezarrita ikusten da oraindik. Puertokoan berriz jasota dute tresna zaharra bere harri eta guzti. Txokolate hauen bilgarri dotoreak ezagutzera ematea ere bazen nire nahia argazki batean, baina bat behar eta bakar bat bera ere ez dut lortu. Ea hau irakurtzen duen norbaitek dituen.
Danbolin aldizkariak argitaratua
Jon Egiguren