Aizarnako organo zaharra
Ezin ukatu Aizarnako elizan daukagun organoa, altxor berezia bat dela herrirako. 227urte dira gaur dagoen tokian kokatu zela, beraz urte pila bat baditu bizkarrean eta belaunaldi batzuk ezagutu ere bai eliza honetatik pasatzen. Geldirik ez zituen urte asko egingo, beti jardun zaigu elizkizunak alaitzen eta gaur egun ere jarraitzen du bere betebeharretan.
Organo berezia omen da, hala esaten dute behintzat adituek. Berezitasun honen ezaugarri nagusiak hauek omen dira: egitura barrokoa duela, lehenetakoa dela eta gutxi daudela gaur egun honelakoak Gipuzkoan.
Artxibo eta argitaratuta dauden data historikoei begiratuz gero Zestoako organoaren lehen aipamena 1784. urtean ikusten da, Arroakoa 1785. urtean, eta Aizarnakoa 1792 urtean. Donostiako organogile zen Manuel de Betolaza arduratu zen hiru tresna hauek muntatzeaz. Egun Aizarnakoak bakarrik irauten du bizirik.
Orain arte iraun badu, mantenu lanak ere egin direlako izango da. Bata 1880. urtean Jose Amezua Azpeitiarrak egin ziona eta bestea, 1982. urtean Hernaniko Alejandro Usabiagak, beti hasieran zuen egitura errespetatuz. Egun beste zainketa baten beharra izango du seguruenik.
Gogoan dut nire haurtzaroan nola joaten nintzen korura, eskuzko hauspoari eragitera, naiz eta orain motor elektriko baten bitartez egiten duen lan. Aldaketa honekin berezkoa zuen xarma galdu egin du, hauspo zaharra falta duelako alegia. Bestalde, gaur egun zeinek aurkitu lan hau egiteko jendea? Dena den nik gustura ikusiko nuke lehen zuen hauspo zaharrarekin, tresna zaharren zalea bainaiz.
Honelako organo zaharrekin antolatutako kontzertuak ugaritzen ari direla esango nuke, naiz eta nik mundu hau ez dudan ezagutzen. Aizarnan denbora gutxian bi entzuteko aukera izan dut eta gehiago ere izango direlakoan nago, zaintzen badugu tresna berezi hau.
Amaitzeko aipatu behar azken kontzertuan aurkezle zen Lorentxok esan zuena, Udaletxeko kultur arduradunari eta alkateari zuzenduta gehien bat: organo honek zaintzea merezi du eta zaintze lanak ez dago edozeinen eskuetan uzterik, lan talde adituen eskuetan baizik.
Ana Belen Garciak Easo taldeko Gregoriano taldearekin eman zuen kontzertua ikusi eta entzuteko aukera jarri dut behean. Irudiak ez dira hain onak, argi gutxi baitzegoen elizan.
Entzun eta ikusi kontzertu honetako irudiak eta jabetu zein doinu polita duen tresna zahar honek.
Jon Egiguren
https://youtu.be/PlC7MUx_J2o