Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Aizarnako ondarea eta historia zaintzeko jardunaldia

Aizarnako elizan burutu berri den jardunaldian, Gure Ondarea gure historia gaia hartu eta eliza barrutiak herrietan dituen eraikuntzak eta ondare baliotsuak nola zaindu aztertu da. Antolakuntza Gordailuaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku egon da, eta bi erakundeek adierazi dutenez, Aizarnan proba pilotu bat jarri dute martxan, gero beste herrietara zabaltzeko asmoarekin.

Argi geratu da arazo hau ez dela Aizarnakoa bakarrik. Gipuzkoako beste herri askotan antzeko egoerak bizi dira, eta neurri batean Aizarnak egoera apur bat hobea izan dezake azken urteotan egindako berrikuntzen ondorioz. Hala ere, aurrera begira arazoa handituz joango dela antzematen da: gazteak ez dira hurbiltzen erlijio kutsua duten jardueretara, eta elizkizunetan gehienbat adineko jendea ikusten da. Belaunaldi berriek tartea ez badute hartzen, arazoak mantendu egingo dira, eta ezinbestekoa izango da espazio hauek erabilera berrietara egokitzea.

Eztabaida hasi aurretik, elizaren historia eta ondarearen balioa azpimarratu zituzten, eta harritzekoa da zenbat lagun hurbildu zen gaiaz arduratuta. Iritzi asko plazaratu ziren: eraikuntzen jabegoa herriari uztea, desakralizatzearen aukera eta abar. Proposamen honek ere ez dut uste arazoa konponduko lukeenik, eta ezin dira herriko fededunak eliza sakratu gabe utzi; oraindik bertan hartzen baitira sakramentuak (bataioak, jaunartzeak…) eta hileta elizkizunak ere maiz eskatzen dituzte familiek.

Eliz barrutiko ordezkariak adierazi zuen ez dutela arazorik eliza erabiltzeko, baldin eta jarduerak arduratsuak badira eta apaizaren edo eliz barrutiaren baimena badute. Aizarnan egiten diren ekintzetarako, beraz, ez dirudi oztopo berezirik dagoenik.

Bestalde, alkateak gogorarazi zuen herrian eliz barrutiak dituen eraikuntzen erabilerak sortzen dituela kezka nagusiak, eta proposamena luzatu zion eliz barrutiko ordezkariari kudeaketaz hitz egin eta adostasunak bilatzeko. Ordezkariaren erantzuna baikorra izan zen: gero eta gehiago direla udalekin akordioak lortzen dituzten kasuak, eta prest daudela bide horretan jarraitzeko.

Eliza alde batera utzita, Aizarnan badugu beste gune baliagarri bat: goiko eskola izenez ezaguna. Betidanik izan da jarduerak egiteko tokia (antzerkiak, zinemak, gaztaina-janak eta abar). Egun ez dakit ze egoeratan dagoen gela hau, baina egokitu ezkero herriko lekurik egokienetako bat izaten jarraituko luke. Gainera, badirudi elizak ez lukeela horretarako arazorik jarriko.

Hala ere, lehen esan bezala, arazoa ez da Aizarnakoa soilik, eta boluntario faltak jarraitzen duen bitartean arazoak hor egongo dira. Beharbada etorkizuneko irtenbidea eliz barrutiarekin Udalak akordio zabalago bat lortzea izango litzateke, eraikinen zaintza eta erabilera modu egokian bermatzeko. Gaurko egoeran ez dut erraza ikusten, baina etorkizunean, agian bai.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>