Benantxio Irureta mendizalea ( 1 )
Mendiarekin lotura handia duen Aizarnarra dugu Benantxio Irureta. Aspaldiko debozioa du mutil honek mendiak zeharkatu eta beraien tontorrak zapaltzea. Lortu dituen gailurren artean, Yalung Kang izango da gailurrik ezagunena, baina beste espedizio askotako partaidea ere izan da mendizale hau.
Azpeititik Everestera antolatu zen espedizio batean ere hartu zuen parte, Joxe Takolo, Josu Bereziartua eta beste bost lagunekin batera. Gailurra lortzerik ez zuten izan, baina oso gutxi falta izan zuten balentria hau lortzeko ere.
Gogoratzen dut beste espedizio bat ere, Azpeitia eta Nafarroako gazte batzuen artean osatu zutena Pumori mendiaren gailurra zapaldu nahian. Benantxio bera zen espedizioan beteranoena eta ezbeharrak zapuztu zuen ekintza hau. Elur jauzi batek taldeko gazte batzuk azpian hartu zituen, Beñat Arrue Aizarnarra tartean zela. Mendian egun zoriontsuak igarotakoa izango da, baina bestelakoak ere ezagutu ditu.
Mendizale bezala ezagutzen dizkiodan garrantzitsuenak aipatu ditut hemen, baina beste bidaia asko ere baditu bere kurrikulumean: trekking ugari ere eginak ditu Himalayara. Hauetako bat, Aizarnako gazteekin, eskarmentua duen gidaria aukeratu baitzuten bidai honetarako (orduko argazkiak ikusgai dituzue aizarna.com honetan bertan)
Yalung Kang mendiaren tontorra lortu eta etxera itzultzean, herritarrak egin genion omenaldi txiki bat bazkari batean. Bertan oroigarriak ere jaso zituen, egin zuen balentria asko aipatu zen komunikabideetan eta honen ondorioa Aizarnaren izena zerbait gehiago ezagutzea izan zen mendizaleen artean.
Aizarna mendi artean dago eta bertan jaiotzeak emango du mendirako grina, baina gero ere asko garatu duela zaletasun hau esango nuke. Nahiz eta adinean aurrera joan mendirako zaletasunik ez du galdu oraindik: mendi martxaren bat bada inguruan, han izango da Benantxio motxila bizkarrean duela.
Mendian lortu dituen emaitzengatik, berarekin izan duen epe luzeko lotura ikusi eta Aizarnarra izanik, egin duen bidea ezagutu ondoren , nire onarpena luzatzen diot lerro hauen bitartez eta jarrai dezala bere zaletasun honekin urte askotan.
Berari egindako elkarrizketa batzuk azaltzen ditut hemen behean, egin dituen espedizioen gora beherak azaltzen ditu bertan, berriro irakurri eta gogoratu nahi duenik bada, hemen du aukera.
Jon Egiguren
==================================================================== ====================================================================
1988, Yalung Kang, Benantxio Irureta
Azpeitiko multzo batek Himalayara egiten zuen bigarren espedizioa izan zen Yalung Kang-eko (8.505 metro) hura, eta Lagun Onak Mendi Bazkuneak orain arte gehien lagundu duena. Nik neuk ilusio handiz hartu nuen harantz joateko deia. Egia esan, ez nituen ia batere ezagutzen espedizioko kideak. Gehien, Joxe Takolo. Besteak, bistaz bai baina tratu aldetik ezer ere ez. Hala ere, hori ez zen oztopo izan.
Gerturatze martxa gogorra baina kategorikoa izan zen. Luzea, euritsua, baina oso ederra. Kanpamendu nagusira heltzen 22 egun pasatu genituen. Igoal erreka bat pasatu behar eta zubirik ez. Eta handik pasatu egin behar espedizio kideok eta beste 85 porteadoreek. Geuk egin behar izan genituen zubiak-eta.
Kanpamendu nagusia 5.500 metrora zegoen. Iritsi bezain laster, buruko mina sentitzen hasi nintzen. Botaka eta guzti egin nuen, ondoezik nengoelako. Atzera berriz behera jaitsi nintzen, Pello Aranbururekin batera. 500 bat metro behera jaitsi ginen, errekuperatzera, leku harritsu batera. Morala hanka azpian nuen. Nik, gainera, Himalayara joaten nintzen lehen aldia nuen eta erridikulu pertsonalaren beldur nengoen. Osatu nintzen, ordea, eta III kanpamendua ezartzean, jadanik parte hartu nuen.
IV kanpamendura (7.800) Josu Bereziartua Kunfu, Josu Arrieta, Javier Maiz Mahatsa eta lauok joan ginen, baita bi sherpa (Puri eta Purba) ere. Goizeko ordubatak edo ordu biak aldera gauzak prestatzen hasi ginen: ura, gosaria...Luzeagoa joan zen hura, luzeagoa! Pixka bat urduri ere bageunden. Halako batean, behintzat, moldatu ginen gora abiatzeko. Urriaren 11ko goizeko bostak ziren. Gaur egun entzuten diren orduekin, nahikoa berandu da ordu hori, baina guk orduan normala ikusten genuen.
Gorako erasoan, berezko selekzioa egin zen, gogo eta indar gehien zutenak joan baikinen gailurrerantz: kunfu eta biok. Josu Arrietak gaua gaizki pasatu zuela-eta, gora ez zihoala zioen. Mahatsa, berriz, gaizki zegoen. Purik eta Purbak, aldiz, esan zuten metro gehiegi zeudela goraino eta haiek ere IV kanpamenduan geratzen zirela. Goizeko bostak aldera irten genuen, gora, Kunfuk eta biok. Hotz egiten zuela gogoratzen naiz: kanpin barruan, zero azpitik 22. Poliki-poliki atera ginen. Irten eta ordu laurden batera-edo, Kunfuk esan zidan botak min ematen ziola, galtzerdia gaizki jantzita zuelako edo. Eskularruak kendu zituen, orduan. Bota jantzi, gero berriz eskularruak, baina eskuak izoztuta zituela zioen. “Ni kanpinera noak, eskuak berotzera”, esan zidan. “Eta nik zer egin behar diat?”, nik. “Hik jarraitu gora; gero harrapatuko haut”, erantzun zidan. Eta nik goraka segitu nuen. Halako batean, goian eguzkia jotzen hasi zen. Eta eguzkia berotzen hasi zenean, derrepente harrikozkorrak goitik behera erortzen. Baita izotz puskak ere. Asko, gainera. Ni ez ninduten jo. Beherago zetorren Kunfu bai ordea. 8.150 metrora-edo zeuden orduan. Hala ere, zorte ona eduki zuen.
Halako batean, gailurrera heldu nintzen. Eguerdiko ordu batak aldera, goizeko bostetan abiatuta. 1988ko urriak 11 zen. Ez nintzen denbora asko egon, bost minutu-edo. Argazki batzuk atera nituen (Everesti, Lhotseri, Kanchenjungari, motxilari ere bai...). Sasoi aldetik oso ondo nengoen, banekien zer egiten nuen, ez nuen burua galdua. Eguraldi ona zegoen, baina hotz egiten zuen. Gailurrean ez zegoen ezer ere, neuk ere ez nuen ezer utzi, ikurrina Kunfuk baitzeukan. Kanpamendu nagusitik, katalejo handiekin, han ikusi omen ninduten tontorrean sukaldariak eta Rosa Maria Segues-ek.
Bost minutuz goian egon ondoren, behera atzera berriz. IV kanpamendura heltzeko ordu erdi bat falta zitzaidala, Puri eta Purba etorri zitzaizkidan laguntzera. IV era arratsaldeko lauak aldera iritsi nintzen. Takolo eta Mahatsa han zeuden. Kunfu eta Josu behera joanak ziren. Hurrengo goizean, traste guztiak hartu, eta nola edo hala iluntzean kanpamendu nagusiraino jaitsi ginen. Egun bateko atsedena hartu ostean, Takolo eta biok I kanpamendura igo ginen, trasteak hartzera, baina hura kostatu igotzea! Psikologikoa izango zen ziurrenik.
Behin nik gailurra egin nuenean, espedizioak ez zuen ezta pentsatu ere egin beste saio batean. Eta segituan etxerako bidea hartu genuen.
Uztarria.com orritik kopiatuta.
==================================================================== ====================================================================
Pumori espedizioa : Benantxio Irureta (Espedizioko mendizale beteranoa)
«Ardura sentitzen dut, baina ilusioa daukat gazteekin joateko» Aizarnakoa da jaiotzez Benantxio (47 urte ditu), baina “erdi azpeitiarra” dela dio, azkeneko 22 urtean gurean bizi baita.
Nola sortu zitzaizun espedizio hau?
Gazte hauetako batzuk joan den urtean Perun ibili ziren, gauza politak egin zituzten, eta mendi-gosearekin etorri ziren, eta pauso bat handiagoa ematea nahi izan dute. Nik Beñat asko ezagutzen dut, gazteen artean harremana badute, eta, halaxe, Pumorira joateko aukera sortu zen.
Zaharrena zeu zara, alde handiarekin, eta Himalayan esperientzia daukan bakarra. Erantzukizunik sentitzen?
Bai, handiegia. Gazteek esaten didate lasai egoteko, baina ni sentitzen naiz... Gainera, mendia bera zail samarra da, eta arrisku batzuk ere baditu, elur-jausiak ugari daudelako eta argi ibili beharra dagoelako.
Zeu izango al zara espedizioburua?
Ez, inor ez da izango espedizioburua. Gainera, gazte hauek ni baino teknikoagoak dira mendian. Ekipo polita egiten dugu, eta niri ilusioa egiten dit gazteekin joateak.
Zu atzera Himalayara...
Hirugarren espedizioa dut: 1988an Yalung Kang-era joan nintzen [tontorra egin zuen] eta 1991n Everestera. Gogoa dut berriro Himalaya aldera joateko; trekking-a egin izan dut han, eta polita da, baina mendi-gosearekin geratzen zara.
Zer helbururekin zoaz Pumorira?
Badut gogoa igotzeko, baina gazteotako batek igoko balu ere oso gustura sentituko nintzateke.
Uztarria. com orritik kopiatuta.