Aizarnako maisu baten memoriak. (Jarraipena)
Lehen idatzian, maisu honen bizipen guztiak aipatu gabe utzi nituen. Beraz, oraingoan memoria hauekin jarraituz garrantzitsuenak aipatuko ditut, lehenengoa irakurri eta jakin minez gelditu direnentzat.
1935-36. ikasturtean, berrikuntzak ekarri zituen eskolara, horretarako eguraldiaren iragarpena egiteko tresnak erosi zituen. Tresna hauekin, haizearen abiadura, presioa, hezetasuna eta abar neurtzen ikasten hasi ziren mutikoak. Egunero jasotzen zituzten tresneri hauen data guztiak eta eguraldiaren iragarpen txiki bat egin ere bai, ondoren nahi zuenaren esku jartzeko.
Ez dakit noraino iristen ziren iragarpen hauek, baina seguru baserritarrak ez zirela fidatuko iragarpen hauekin, belar ontzeko garaian. Dena den, garai haietan ikasgai hau jorratzea bakarrik ere aurrerakoia iruditzen zait Aizarnarako.
Gau eskolako berrikuntzen artean, hitzaldiak antolatu zituen Bainuetxeko medikuarekin, herriko erretorearekin eta abar. Adibidez erretorearena antolatzeko, baimena eskatzen zuela esaten du, garai horretan hezkuntza laikoa zenez horregatik izango zen.
Ikasturtea amaitzean erakusketa bat antolatu zuen eskolan, eta guraso denak pasa omen ziren bertatik. Bere esanetan, mutikoekin lortu zituen emaitzekin gustura sentitzen da, eta baita gurasoak ere.
Ikasturtea amaitu eta berehala ‘Altxamendua’ deitzen diogunarekin egin zuen topo. Egun batzuk igaro eta espetxeratu egin zuten, “Frente Popularrak” Zestoako Bainuetxean zuen espetxean. Badirudi Aizarnan bazekitela gizon honen ideologiaren berri, eta Altxamendua ez zuela gaitzestu ere bai. Hala ere, herriko kargu edo arduradunek aske uzteko eskatu omen zuten, parrokiko erretorea barren zelarik.
Eskaera hau dela eta, berehala utzi zuten aske maisua. Aske uzteko Frente Popularraren komunikatuak, honela dio:Este comitè, en uso de sus facultades y en vista de sus informaciones pertinentes llevadas a cabo, ha acordado poner en libertad con todas los pronunciamientos favorables a D. Placido Navas, que se hallaba detenido por orden de la Comisaría de Orden Pùblico de Guipúzcoa. Cestona a 27 de Agosto de 1936.
Askatasun eskaera honek “gorrien” eskuetatik askatu eta bizia salbatu ziotela Aizarnarrek esaten du; bestetik, herrira etortzean harrera bikaina egin ziotela ere bai. Herritarren jokaera ikusi eta badirudi ideologiaren gainetik maisu honekin gustura zeudela Aizarnan.
Errepublikaren babesle hauei “gorriak” deitzen die maisuak eta lurralde hauek berauen menpe zeuden bitartean, eskola biltegi bihurtu omen zuten. Gainera, Frankisten beldurrez ihes egiten ari zen jendearentzat gordeleku ere bai. Arma konturik ez du aipatzen, beraz armatu gabeko jendea izango zen seguruenik. Alde egitean mutikoak gustura omen ziren, eta berauekin txukundu omen zuen eskola, berriro ikasturtea hasteko.
Espetxeratu izanak, ondorengo beldurrak, gehi gerra garaiko esperientziak, asko murriztu zioten hasieran zuen baikortasun hori. Baita ere, bi edo hiru aldiz denboraldi baterako eskola utzi behar izanak, Mugimendu Nazionalak deitu ziolako.
Dena den, berriz penintsula barrenera destinatu aurretik, berak ezarri zituen berrikuntzak izan zituen oinarri eskola honetan. Normaltasunez eta azpimarratzeko ezer askorik gabe igaro zituela beste ikasturteak esaten du. Hori bai, destinu berrira joan aurretik, alkateak zoriondu egin omen zuen, berriro mutikoekin meza nagusira etortzen hasi zelako.
Pasarte hauek exajeratuta daudela esango dute batek baino gehiagok, baina gertatu bezala kontatuta daudela esaten du. Egiaztatu nahi dituenak galdetu dezala Aizarnan, pasarte hauen berri ondo baitakite.
Memoria hauek irakurri eta ez dakit nola baloratu gizon hau, ideologiari begiratuta bakarrik egiten dugulako askotan. Bestalde, ideia politikoen gainetik ere, balore asko ditu gizakiak eta hauek ere aintzat hartu beharrekoak niretzat. Ideia politikoen gainetik balioztatu zuten maisu hau Aizarnan eta ni ere horrekin gelditzen naiz.
Maisu honek Aizarnan atera zituen argazki eta jaso zituen data guztiak, familiak doan utzi ditu udaletxean. Beraz, orain arte ezagutzen dugun historia aberasten laguntzen dutenez, zoriontzeko ekintza dela esan behar.
Jon Egiguren