Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Aizarnako kontu zaharrak.

Manuel Jose de Zabala Idiaquez y Alzolaras, III Conde de Villafuertes eta bere familiakoak izan dira epe luze batean Alzolaras jauregia, burdinolak, errotak, baserri eta baso askoren jabeak Aizarnan. Famili honetako kideak politikan ere asko ezagutzen dira Gipuzkoan eta ondare askoren jabeak izanik, eragin sakona izan zuten XVIII. eta IXX. gizaldiko ekonomian.

Famili honen gorabeherak jasotzen dituen artxiboa oso zabala da, 14.000 eskutitz gutxienez. Dokumentu interesgarri ugari ere bai eta denak ez direla jaso esaten da gainera. Eskutitz eta dokumentu hauek oso baliagarriak dira garai horretako bizimoldea ezagutu ahal izateko. Alzolaras jauregiko data gutxi direla aipatzen da artxiboko atalean, hala ere, argitaratuta diren gutxi hauek gustukoak ditudala esan beharra daukat.

Famili honetako kideak udaldian etortzen ziren egunak pasatzera, burdinolak,errotak eta bailaran zituzten ondareei ikustaldiak eginez. Bainuetxe edo Gesalagako urekin bainuak hartzen zituzten bertan ostatu hartu ondoren, (hamabi edo hamahiru????) osasunean hobekuntza nabaria sentitzen zutela eta. Egun pasak eta otorduak egiteko garaian Enparan, Alcibar, Narros eta beste jauregi batzuk ere aipatzen dituzte.

Alzolaras bailarako ondare-zaina eskutitzez baliatzen zen kondearekiko harremanetan. Hauetako batzuek ez dute ezer asko esaten, diru kontuak bakarrik aipatzen dituztelako, beste batzuek berriz xarma berezia dute, Aizarnan garai horretako gertakizunak ezagutzeko. Eskutitz hauetan gertaera edo pasadizo ugari irakur litezke, gehiegi dira idatzi batean aipatzeko eta interesgarri iruditu zaizkidanak bakarrik aipatuko ditut.

Alzolaras 17de Julio de 1856

Berasategi zen ondare-zaina eta honek bidalitako eskutitz batean dioenez, Aizarnako helbidearekin bidaltzeko eskutitzak esaten dio kondeari, azkar eta ondo iristen zirelako eta berak eskuan jasotzen zituela igandean meza entzuterakoan, Aiatik zetozenak berriz, bi erreal gehiago ordaindu eta beranduago iristen zirela. Badirudi garai horretan posta eraginkorra zegoela Aizarnan.

Alzolaras 21 de Agosto de 1867

Errenta ordaintzeko garaian ikusten denez, baserri txikienak ere hiru anega gari ordaintzen zituen urtean eta Pagaldazuri baserriaren kasuan, hamahiru anega eta ehun erreal. Baserrietan ere badira ezberdintasunak lur sail eta egokitasunean, baina hala ere alde handi xamarra ikusten da bi errenta hauen artean.

Alzolaras 21 de Junio de 1865

Sustraiaga baserriko kasua berriz nahiko gogorra ikusten da, baserrian lanean ari zen seme zaharrena hil zela eta hamabost egunera etxean zegoen alaba, urte berean Aizarnako kalean bizi zen beste alaba, seme gazteak berriz andrearekin etxetik alde egin omen zuen bere partea hartuta. Beste semea Malagan bizi omen zen, burdinola batean lanean eta etxera etortzeko zailtasunak edo gogorik ez, ondorioa guraso adinekoak bakarrik gelditu zirela etxean.. Egoera ikusi eta ondare-zainak errenta atzeratzeko eta malgutasunez jokatzeko eskatzen dio kondeari. Zer gaixotasun izan zuten ez du esaten eskutitzean.

Alzolaras 5 de Febrero de 1861

Bi gurdi egur ikatzekin kintal bat burdin ( 50 kilo) lortzen omen zituen Goikola burdindegiak eta golpean produkzioak beherakada handia izan omen zuen, berehala ikusten da arduraduna txondor zaleei errua botatzen, ondo landu gabe eta ezkoa zerbitzatzen zietela ikatza esanaz, neurriak hartuko dituela esaten die baserritarrei, kalitatezko ikatza zerbitzatzen ez badute.(Esan behar egur ikatzarekin ere ordaintzen zela errenta).

Aizarna 23 de Septiembre de 1862

Zelai eta basoetako lurzoruak kalterik izan ez dezaten nagusiaren araua omen zen, txerriak kanpora ateratzeko garaian muturrean aro bat jartzea, baserritarrak arauari jaramonik ez zietela egiten eta haserre ikusten da ondare-zaina, gaztainadi eta hariztiko zoruak harrotu eta gero urak eramaten zituelako. Berari kasurik ez dietela egiten eta neurriak hartzeko eskatzen dio kondeari.

Alzolaras 10 de Noviembre de 1869

Eskutitz honetan kondeari adierazten dioenez, Munoa baserria errenterorik gabe gelditu eta berriak sartzeko berrikuntza eskatzen zuela etxe honek, denak urte bat edo bi besterik ez zituztela pasatzen eta errenta ordaindu gabe uzten zutela gainera, bere aholkua etxea botatzea zela esaten dio nagusiari. Etxeak duen baratza gehi etxeak uzten duen lur sailarekin erraz gaindituko zuela lehen lortzen zen diru kopurua eta, gainera etxe honen teilak Veneciakoa berritzeko erabiliko zituela.

Ez dut ezagutu Aizarnan Munoa izena duen baserri edo etxerik, baliteke desagertu izatea edo bestela Venezia baserriak itsatsita zuen bizilekua izatea. Honek gela bat eta sukaldea omen zituen, baina hau dela esateko ez dut ziurtasunik. Gustatuko litzaidake non kokatzen zen etxe hau jakitea, ea norbaitek informatzen nauen.

v

Aipatu ditudan pasadizo eta data hauek agiritegi honetatik jasotakoak dira. ( Archivo de la Casa Zavala)

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>