Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Aizarnako kirolari anarkista

Txikito de Aizarna edo Aizarnako Txikia, biak erabili dira gizon honen balentriak idatzietan argitaratu dituztenen artean. Aizarnakoa eta kirolari trebea, Klaudio Egañarekin ezagutzen dugu berau. 1928 eta 1935 urte artean egin zuen bere bidea kirolean, Aizarnak izan duen korrikalarik onena eta herri honen izenari aipamen berezia eman zioen kirolaria.

Ez dut bere jaiotzaren datarik jaso, baina irakurtzen dudanez 1911. urtean jaio zen Aizarnan eta bertan bizi zen Altzako herrira joan zen arte. Gizon hau ezagutu zuen biztanlerik ez dut uste egun izango denik Aizarnan, baina kaskoan bizi zela entzun izan dut, baita ere morroi egoten zela Aizarnako “Aitxota” baserrian eta lanak amaitu ondoren ilunabarrean egiten zituela bere entrenamenduak.

Bitxikeri gehiago ere entzun izan ditut Aizarnan, gizon honi ezarriak, baina hemen berak kirolean eman zuen maila, eta izan zuen heriotza bortitza aipatzen denez, berauek kontatzen jarraituko dut.

Herrera Sport, kirol elkartean ezagutzen da gehien bat Egaña. Elkarte honetan “1” zenbakiarekin lehiatzen zuen. Espainiako txapeldun izatera ere iritsi zen eta hau lortzeko maila berezia behar dela denok dakigu. Espainian zehar eta garrantzizko lasterketa askotan hartu zuen parte, baita Hamar Nazioen arteko krosean ere. Espainiatik joandako lehen selekzioarekin “el vasco duro” deitzen zioten kazetariek bere idatzietan.

Hauez gain, desafio famatuak ere baditu gizon honek, hauetako bat 1928. urteko otsailaren 6an Azpeitiko zezen plazan jokatu zuena, Aiako txikiaren aurka. 14 kilometro egin behar zituzten eta bira erdi batengatik galdu omen zuen Aizarnakoak. 18 urte besterik ez zituen, eta Aiarrak 25.

Famatuena behar bada, hiru urte geroago Gorputz egunean Donostiako zezen plazan jokatu zuena izango da, hau ere Aiako txikiaren aurka. Oraingoan 25 kilometro egin behar zituzten. Hasierako kilometroak parean egin omen zituzten, baina 102garren bueltan erretiratu egin zen Egaña, beroak eraginda. Irakurtzen dudanez plaza jendez beteta omen zegoen bigarren desafio honetan, arrakasta handia lortu zuen nonbait zaletuen artean.

Egañak kirolean egin zuen ibilbidean, aipamen berezia merezi dute bi desafio hauek, arrakasta handia lortu zutelako eta gertaera hauei begira bertso paperak ere argitaratu zirelako. Bertso hauek amaieran ezarriko dizkiot idatziari, xarma berezia baitute. Gainera garai horretan bailaran zegoen kirol giroa egoki irudikatzen dute.

Egañak kirolean egin zituen balentria batzuk aipatu ditut, baina ezin dut aipatu gabe utzi gerra garaian izan zuen heriotza bortitza, Lanaren Konfederazio Nazionala sindikatuko kide bezala Burgosen exekutatu zutelako hain zuzen ere. Sindikatu hau Anarkista bezala da ezaguna eta hau jakin ondoren kirolaz aparte kontzientzi soziala ere bazuela gizon honek esango nuke,.

Orain arte ez zegoen datarik Egañak “frente popularrean” borrokatu zuenik, baina orain oroimenaren legeari esker, frankismoaren biktimak argitaratu direnean, azaleratu da bere izena. Burgoseko kartzelan zegoen preso eta beste 29 presorekin batera Estepar mendian exekutatu zuten, CNTko kide bezala.

Aizarnako korrikalari gazte honen bidea gerrak zapuztu zuen, beste gazte askorenak bezala, eta asko dira Egaña bezala exekutatu ondoren hobi komunetan lurperatuak. Diktadura garaian galarazita zegoen, baina orain legeak ireki du bidea ahaideek biktimak identifikatu eta exhumatu ahal izateko. Orain arteko informazioen arabera oraindik ez dago identifikatuta bere gorpua.

Askotan entzun eta askotan egon naiz bere argazkiei begira, baina orain bere datak jasotzerakoan irakurri dudanarekin, zerbait gehiago dakidala bere bizitzaz esan beharra daukat. Hemen gelditzen dira jasota laburbildu ondoren Aizarnako kirolari Anarkista honen pasarteak, nahi duenak irakurri.

Behean irakur daitezkeen bertsoak, Aiako txikiaren aldekoek atera zituztenak dira. Aizarnako Txikiaren aldekoak ere atera omen zituzten, baina ez daude jasota, beraz galduta izango dira seguruenik.

Jon Egiguren

AUSPOA ARGITALETXEAK ARGITARATU ZUEN ANTONIO ZABALAREN EUSKAL JOKOAK LIBURUTIK JASOTAKO BERTSOAK.

AZPEITIKO DESAFIOARI JARRITAKO BERTSOAK (1928)

1/ Bertso berriyak ateratzeko
lenguan esan dirate,
Azpeitiya'ko korrika-apustu
ori dala mediante;
egon zaitezte pasadizuak
zer diran aditu arte,
irabaztunak pozak dabiltza,
galdu duenentzat kalte.

2/ Otsaillaren ogei ta seian
jokatzen ziraden asi,
asko ankezko azkarragorik
iñon ote da ikusi?
Biyak galanki saiatu dira,
ez dute egin itxusi,
baña Azpiroz Azkue'kuak
azkenian irabazi.

3/ Jokatzeko aurretik doblian
izanduba da trabesa,1
esku-aldatuba izango da
makiña bat interesa;
zenbat diru egin dan jakiten
ez dago oso erreza,
irabazita daukan guziyak
ondo aprobetxa beza.

4/ Azpiroz eta Aizarnar ori
Azpeiti'n jokatu dira,
amalau kilometruan egin
dute guztizko pelira;
Azkue'rekin diruba franko
irabaziyak badira,
orrelako korrikalariyak
Gipuzkua'n gutxi dira.

5/ Azkue'k ankak ariñak dauzka
eta indarrak biziyak,
gutxiyeneko bost apustura
baditu irabaziyak;
ondo portatu dalako orrek
merezi ditu graziyak,
arriturikan utzi zituen
begira zeuden guziyak.

6/ Korrika-apustura orretan
bazan jendia ugari,
zer mesedia egin diyoten
Azpeiti'ko erriyari!
Jan da eran lasai emanak dira
ara juan diradenari,
propina onak utzi dizkate
ango tabernariyari.

7/ Saltakari onak daude oiek
bata bezela bestia,
Aizarnar orrek nunbait nai zuen
Azpiroz ori austia;
emeretzi urte omen dauzka,
oraindik dago gaztia,
Aiaarrentzat orren indarrak
oraiñ iristen eztia.

8/ Leku askotatikan jendia
Azpeiti'ra zan etorri,
zar eta gazte diru jokatzen
aguro ziraden jarri;
bi aldietatik esperantza
aundiya zan izugarri,
Azkue'gatik diruba pranko
etxera degu ekarri.

9/ Apusturako lanak askotan
bera jetxi edo iyo,
ai Juan Manuel Azkue'kua,
ez dezu gutxi baliyo;
Aizarnar ori bere aldetik
izan biar zuen piyo,
ustez seguru egonagatik
kukuak oker jo divo.

10/ Berriz Aizarna'k egiten badu
desafiyo jokatzeko,
ez det uste egongo danikan
Aiaarra ukatzeko;
apusturak izaten dirade
irabazi ta galtzeko,
Juan Manuelen biarra bazan
lengo faltak osatzeko.

11/ Iru probintzitako jendiak
ikusten izan geranak:
Gipuzkua, Bizkai ta Naparrak
trabesen jardun diranak;
arrisku aundiya izaten du
apusturetako lanak,
kaskuari atz egingo divo
utsikan gelditu danak.

12/ Aia aldian diruba franko
irabaziyak badia,
arriskatzeko duro batzuek
jende kupira gabia;
milla pezetako ederrak or
esku-aldatubak dia,
gora Azkue eta lagunak,
ederki portatu dia.

13/ Motibo aundirikan etzuten
guretzat kantak jartzeko,
Aizarna aldeko kontu oiek
gaude goguan artzeko;
nunbait bildurrik ez dauka orrek
oraiñ kartzelan sartzeko,
baña alrebes gertatu zaio
bertso berriyak saltzeko.

14/ Aia'n baserri etxe batian
egin dute banketia,
nunbait nai zuen bere lagunai
jan da eran ematia;
nagusi orrek askorentzako
zeukan borondatia,
joko orretan poltsa ederki
izan biar du betia.

15/ Orra korrika orren kontubak
nik zerbait adierazi,
len kantak jartzen jardun dan orrek
onenbeste du merezi;
ustez seguru zuten jokua
juan zitzaien igesi,
lenguak bazterrera utzita
oek aurrena ikasi.

DONOSTIAKO DESAFIOARI JARRITAKO BERTSOAK (1931)

1/ Bertso berriyak jarri biaitut
iñork nai badu ikasi,
korrikalari oien berriyak
nai ditut adierazi;
zer abildade daukan Egaña'k
ederki degu ikusi,
asko nekatu gabe Azkue'k
orri divo irabazi.

2/ Donostiya'ko zezen-plazara
sartu gera ikustera,
batzuek diruba ekartzera
eta bestiak uztera;
Azkue'rekin juan giñaden
jokua irabaztera,
oso kontentu etorri giñan
andik Aia'ra ostera.

3/ Bigarren aldiz jokatu eta
nai zuen irabaztia,
kostako zaio Juan Manuel
orri irabazi naian dabil
bat ezbada bestia,
or dabiltzanak Azkue'rentzat
oraiñ iristen eztia.

4/ Bederatzi apustura dago
Azkue irabaziya,
onenen marka iru minutuz
orrek daduka ausiya;
egun batian etziñan jaio
korrikalari itxusiya,
famatu gabe ez det utziko
oraiñ al dedan guziya.

5/ Juan Manuelek orain korrikan
dauka abillidadia,
nun billatu gentzake beste bat
ori dan baño obia?
Plazara juanda lana egiten
dago kupira gabia,
geiago're konponduko ditu
orrena etortzen badia.

6/ Iru t'erdiyak jo zutenian
jokatzen ziran abitu,
Aizarna pizka bat aurrera ta
Azkue'k berriz segitu;
Aia'kuak bestien indarrak
laiste menderatu ditu,
eun da bigarrengo bueltan
Egaña ori zan gelditu.

7/ Orrenbeste apusturatikan
bat ere ez dezu galdu,
orrelakorik inguru ontan
oraindik ez da azaldu.
Juan Manuelek oraiñ goratzia
zerbait merezi ez al du?
Orren notiziyak biar ditut
leku guziyan zabaldu.

8/ Leku askotan orren gañian
gu gerade itzegiñak,
baita trabesa egiteko're
asko aldiz otsegiñak;
gutxi dira jokuan Azkue'k
bezin gizon atsegiñak,
orra ederki erremeditu
aizkolaien utsegiñak.

9/ Emezortzi urtekua ez dago
esaten zuten Egaña,
baña Azpiroz'ek aguro artu
ziyoen orri tamaña;
mundu ontara sortu zan ori
korrikalari bikaña,
orregatikan .Qeroztik egin
ditu oinbeste azaña.

10/ Beatzi apusturetatikan
ekarri ditun dirubak,
altxa dituzu zere erriya
ta gañera ingurubak,
baserritako famili asko
ondo jartzeko modubak;
aziyo gutxiyago eginda
artzen dituzte gradubak.

11/ Etzera gutxi enpeñatuba,
ai Juan Manuel maitia,
zureganako leku askotan
daukate borondatia;
ankaz ariña, petxu lasaia
eta korajez betia,
kostako zaio beste bateri
gaur zuri eramatia.

12/ Orren korrikako apusturak
ez dira izango aztuta,
batzuen poltsak betiak daude
eta bestiak ustuta;
Juan Manuelek arrazoi txarrik
orain merezi eztu-ta,
irabaztunak orri begira
jarriyak daude poztuta.

13/ Berriz Azpiroz'i desafiyo
irabazi duenian,
entrada gabe diro gutxitxo
dago gaurko egunian;
naiz kamiyora edo plazara
Azkue juaten danian,
ikara aundi gabe jarriko
da orren aldamenian.

14/ Azpiroz orrek apustura asko
irabaziyak izanik,
noranai juanda seriyo dabil
ez dauka arrotasunik;
Juan Manuel, aditu zazu
oraiñ egiya esanik:
1 korrika ezta emen azaltzen
irabaziko dizunik.

15/ Ara bertso berriyak atera
korrikalari oientzat,
oso gaizki jarriyak daudenik
neri iruritzen etzat;
pasadizo au ona izango da
oraiñ kristau askorentzat,
amar zentimon dago papera
erosi nai duenentzat.

Joan artikuluen zerrenda osora>