Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Aizarnako kazetaria telebistan

· Maribel Aizarnak (Aizarna, 1961) ia 26 urte daramatza kazetaritzan. Urte gehientsuenak ETB1eko albistegiak aurkezten pasatu ditu, nahiz eta horren aurretik beste zenbait zereginetan ere jardun duen. Ez du bokazioan sinesten, ongi egindako lanean baizik. Kanpoan zenbait urte egin baditu ere, Aizarnara itzuli eta han bizi da senarra eta hiru alabekin.

Zergatik aukeratu zenuen kazetaritza?

Letretako zerbait ikasi nahi nuen eta aurrena zuzenbidea egitea pentsatu nuen, baina konturatu nintzen niri benetan gustatzen zitzaidana idaztea eta gauzak kontatzea zela. Azkenean horregatik aukeratu nuen kazetaritza.

Beraz, bokazio puntua bazenuen.

Bokazioan ez dakit asko sinesten dudan. Zer duzun gustuko, hori da garrantzitsua. Nik ez diot bokazio deitzen nireari.

25 urteren ondoren, gustuko izaten jarraitzen duen lana al da?

Gustuko izaten jarraitzen du. Ez dut esango hasierako grina hura ez dudanik, baina, egia da pika bat nekatuta ere banagoela.

Urte hauetan zehar zer lan egin dituzu ETB barruan?

Denetik egin izan dut. Kazetaritzako laugarren urtea egiten ari nintzela curriculuma bidali nuen oposaketak atera zirelako, azterketara deitu ninduten eta gainditu egin nuen. Lanean ari nintzela bukatu nuen laugarren urtea eta baita bosgarrena ere. Baina, noski, fakultatera joan behar nuenez, asteburuko txandan egiten nuen lan. Gogoratzen dut garai hartan ostiral gauetan egiten genuela programa bat, Plaza berri, Joxe Mari Iriondo zen zuzendaria. 1983ko apirilean hasi nintzen lanean eta ekainean hasi zen programa hau.

Ostegunetan sartzen nintzen lanera, eta ostegun haietako batean, erredakziora iritsi nintzenean esan zidaten: «Bihar programa hau aurkeztu behar duzu». Aho zabalik gelditu nintzen. Ostegun eta ostiraletan Plaza Berri-rako egiten genuen lan, eta asteburutan albistegiaz gain, garai hartako Kirolez Kirol ere egiten genuen.

Gaur egun, nolakoa da zure lanegun bat?

Goizean goiz jeiki, gosaldu eta berehala ateratzen naiz etxetik. Autoa hartu eta Bilbora abiatzen naiz. Bidean irratia entzuten joaten naiz, modu horretan erredakziora iristerako badakit nolakoa izango den eguna, hasiera batean behintzat. Behin iritsita, editoreekin eta errealizaziokoekin bilera egiten dugu, gaiak aukeratu eta lanari ekiten diogu gogor, 14:00ak laster heltzen dira eta. Ordubete izaten dut orrazteko eta makilatzeko. Goizean zehar informazioa eskuratzen joaten naiz, kazetariekin hitz egiten dut bideoan sartu behar dutenari buruz, horren arabera albistegiko sarrerak eta titularrak egiteko.

Erlojuaren kontra lan egiteak presioa gehitzen al dio lanari?

Bai, noski. Eguerdiko albistegia egitea edo gaueko edo asteburukoa egitea desberdina da. 14:00etan, gure albistegia emititzen ari dela gauzak gertatzen ari dira oraindik. Aldiz, gaueko albistegirako gauzak gertatu dira jada. Albiste iturri gehiago izaten dugu goizez eta azken orduko gehiago; horrek, nahitaez, presaka lan egitera behartzen zaitu.

Eta ohitzen al da kazetaria presio horretara?

Beharko ohitu! Ni beti korrika iristen naiz platora ordubiak bi minutu gutxitan. Gaur bost gutxitan iritsi naiz, lasai, eta denek harrituta begiratu naute. Oso arraroa da ni pauso normalean iristea platora.

25 urte hauetan asko aldatuko zen kazetaritza egiteko modua ezta?

Bai, izugarri aldatu da, teletipoen makinatik hasita. Gaur egungo inpresoraren moduko makina bat zen, eta handik etengabe papel rollo bat ateratzen zen; idazteko makinaren antzeko soinua entzuten zen etengabe. Agentzietako informazioa etengabe iristen zen, orain Internet bidez jasotzen direnak. Gela txiki batean egoten zen makina hori eta urgentziazko albisteren bat iritsiz gero, halako kanpai hotsa egiten zuen makinak eta han joaten ginen guztiok arrapaladan. Bestalde, idazteko makinetan idazten genuen lehen, orain, ordenagailuan. Irudiak grabatzeko ere, bereiztuta zeuden kamera eta bobina, bi makina ziren zilbor-heste baten bidez lotuak baleude bezala. Gero asmatu zituzten zinta barruan zeramaten kamerak eta hori ere aurrerapauso handia izan zen. Bideoak editatzeko modua ere asko aldatu da. Lehen bi monitore genituen. Horietako batean sartzen zen irudi iturria eta bestean editatzen joaten ginen; oso nekeza zen. Gaur aldiz, dena toki beretik egin dezakezu: albistea idatzi, bideoa editatu, ahotsa sartu... Askoz ere aukera gehiago daude orain teknika aldetik.

Egia al da kazetariek denetarik jakin behar dutela?

Bai, edozer gauzari buruz hitz egitea tokatzen zaio aurkezle bati. Atal jakin batean lan egiten baduzu, agian, ez duzu denetarik jakin beharrik, baina, albistegietako aurkezle batek bai. Izan ere, ekonomiaz, burtsen egoeraz edo AEBetako hipoteken gaiari buruz hitz egin beharko du aurkezleak ekonomia ezer gutxi interesatzen bazaio ere. Azken finean, zertaz ari zaren jakin behar duzu. Zeuk ez baduzu ulertzen, zer ulertuko dizu, bada, ikusleak?

Euskarazko telebistan aintzindariak izan zineten.

Bai, ETB izan zen euskara hutsean emititzen lehena eta orduan ez zegoen euskaraz telebista egiteko eskolarik. Hasiberriok ikasi egin behar izan genuen hizkuntza erabili beharraren poderioz.

Nolabait, zeuek egin duzue eskola hori. Euskararen erabilera normalizatzeko bidea egin duzue?

Adibide bat jartzearren: nork esaten zuen duela 20 urte garrantzitsu hitza? Inork ere ez, inportante erabiltzen zen. Gaur egun, erabili askok egiten dute baina denek dakite bere esanahia. Hitz horrekin bezala, beste mila hitzekin. Beraz, normalizazio prozesu horretan, nik uste dut zeresana izan dugula. Gauza batzuek ondo egingo genituen, beste batzuk ez hain ondo; baina uste dut nolabaiteko bidea jorratu dugula.

Gaztelerazko kazetaritzan hizkuntza jasoa erabiltzen da. Euskaraz, aldiz, ikus-entzulearengana iristeko hikuntza apalagoa erabiltzera jotzen al da?

Ez dakizu nolako borroka dudan nik gai horrekin ETBn. Izan ere, zorigaiztoz, ez dut esango gazteleraz pentsatzen dutenik, baina egia da, zenbait kazetarik eskema mentalak gaztelerazkoak dituztela. Euskara, nire ustez, askoz ere zuzenagoa da eta horretaz baliatu behar dugu. Hizkuntza bera, berez ez da ponposoa, apalagoa da eta zuzenagoa. Azken finean, kazetaritzaren helburu nagusia hori da, ahalik eta errazen eta zuzenen komunikatzea. Beraz, zertarako erabili beste hizkuntzetako zeharkako egiturak eta hitz ponposoak, geure hizkuntzan mezu hori askoz zuzenago helarazi badezakegu?

Zein da komunikabideen zeregina eta eragina gizarte batean?

Komunikabide baten zeregina informatzea da. Noski, komunikabide bakoitzak bere prismatik begiratuko du gertakaria eta prisma horren arabera emango du albistea. Horregatik da interesgarria eta ona komunikabide asko edukitzea, gauzak ez baitira alde bakarretik ikusten.

Hori ez al dago objektibotasunarekin kontraesanean?

Bai, nolabait. Baina, horrenbeste urteren ondoren ikusi dut, ahalegina eginda ere, nekez izan zaitezkela objektibo. Esate baterako, gure albistegiari begiratuta, nik ez dut erabakitzen zein albistek irekiko duen albistegia. Editoreak erabaki du gaurko lehen albistea, adibidez, Obamaren kargu-hartzea izatea. Baina beste editore batek, agian, Gazan gertatu denarekin irekitzea erabakiko luke. Eta zein da objektiboagoa? Pertsonak gara eta subjektiboak gara. Beti egongo da subjektibitate puntua, nahiz eta ideala objektibo izatea izan. Nahiz eta gertakari bat era aseptikoan tratatu, subjektibo izan zara jada albiste hori aukeratu duzunean eta ez beste bat.

Zein ikusle motatan pentsatzen duzu idazten ari zarela?

Ez dut ikusle prototiporik. Ahalik eta ulerterrazen egiten saiatzen naiz. Beste aldean berdin-berdin egon daiteke hamabi urteko nerabe bat eta baserriko sukaldean dagoen hirurogeita hamar urteko amona, eta tartean beste asko. Orduan, denek ulertzeko moduan egiten saiatzen naiz. Egia da batzutan hitz arraroak sartu behar izaten ditugula; horrelakoetan saiatzen naiz kalean esango litzatekeen moduan idazten, badakidalako jendeak horrela ulertuko duela; baina gero zuzentzaileak esaten dizu euskara batuan beste era batera esan behar dela. Horretaz gain, gero kontuan izan behar da ez dela berdina Gipuzkoako euskara, Bizkaikoa ala Ipar Euskal Herrikoa. Ikusle mota guztiak kontuan edukita, ahalik eta jende gehiengana nola iritsi izaten dut buruan.

Euskal Herriko historiarentzat garrantzitsu izan diren une askotaz hitz egitea tokatuko zitzaizun urte guzti hauetan. Zein da gehien ukitu zaituenetako bat?

Gauza asko izan dira, orain ez zait bat burura etortzen, ezingo nuke gauza bakar bat esan, hainbeste izan dira!

Atzerrian ere ikusi zaitugu zenbaitetan, AEBetako hauteskundeetan adibidez. Zer nolako esperientzia izan da?

Hiru aldiz izan naiz AEBetako hauteskundeetan. Bush aita aukeratu zutenean izan nintzen aurrenekoz, duela lau urte Bush eta Kerry lehian zirenean eta azken honetan, Obamarekin. Aurtengoa aurrekoen ezberdina izan da zeharo. Jendeak Obamarengan ako sinesten du. Herritarren artean orain dagoen ilusioa eta poza bezalakorik ez dut inoiz ikusi.

Golkoko Lehen Gerran ere izan zinen ezta?

Bai. Lanean ari nintzela eszedentzia bat eskatu nuen urtebetez Moskura joateko dena prest neukala, lo egiteko tokia eta Pushkin Institutuan tokia, bisa ukatu zidaten. Maleta ohean nuela, ezin izan nintzen hara joan. Gorvachoven garaia zen gainera, Perestroika garaia. Orduan, aldaketa baten beharrean sentitu nuen beure burua eta Madrilera korrespontsal gisa joatea eskatu nuen. Han egon nintzen ia bi urte eta erdiz , 1989ko martxotik 1991ko uda arte.

Han nengoela tokatu zitzaidan Golkoko lehen gerra, Saddam Husseinek Kuwait inbaditu zuenekoa, eta halabeharrez hara joatea ere tokatu zitzaidan. Irakeko soldaduak Kuwaitetik atera ahala sartu ahal izan nintzen han, Kuwait osoan petrolio putzuak sutan zeudela, alde egin aurretik, irakiarrek su eman zietelako.

Joan den urte zahar egunean ETAk atentatua egin zuen Bilboko egoitzan. Nola bizi izan zenuen une hura?

Ez nintzen han egon, jaiegunak nituen eta oporretan nintzen familiarekin. Alaba gaixorik zegoela eta, etxean gelditu ginen eta telebista bidez jakin nuen. Ezin nuen sinetsi. Lankideei berehala deitu nien zer moduz ziren-eta galdetzeko. Xabier Usabiagarekin, albistegietako nire lankidearekin, ezin izan nuen biharamuna arte hitz egin eta beste lankideek esan zidaten nola ibili zer gizarajoa. Dena gertatu zenean, Xabier eta Juan Karlos Etxeberria Donostiara bidali zituzten, albistegia handik egiteko asmoarekin. Itziar parean zirela, buelta emateko esan zieten, Bilbotik egiteko modua bazegoela esanez.

Zornotza parean autoko motorra erre zitzaien eta Xabier gizarajoa 13:45ean iritsi zen erredakziora, makilajetik pasa eta zuzenean platora. Lankideek idatzita zutena pasatu zioten eta izugarrizko lana egin zuen Xabierrek egun horretan. Badakit jendeak ehuneko berrehunean egin zuela lana. Oztopoak oztopo, betiko orduan ateratzea zen erronka eta atera zen, ondo gainera.

Zein gomendio emango zenioke kazetari hasiberri bati?

Kazetari lanbidea gustatzea, desordutan lan egiteko prest egotea eta, batez ere, gizartea informatzeko grina izatea, lehen aipatutako objektibitateari jarraituz eta zerbitzu egoki bat eman behar duela pentsatuz.

Denerako denbora ateratzen duen emakumea

Etxean

Kazetari izateaz gain, herritar, emazte eta ama ere bada Maribel Aizarna eta denerako denbora ateratzen du.

Maribel Aizarnak badu lanetik kanpoko bizitza ere, eta ahal bezala bateratzen dituz bizitza profesioanala eta pertsonala. Telebistako aurkezle ezagunari bere ametsei, grinei eta ohiturei buruz galdeatzea,n pertsona bizia eta energiaz betea dela nabari da, bai fisikoki, baita buruz ere.

Telebistarik ikusten al duzu?

Ez asko, egia esan, hiru alaben ama naiz eta kontuan hartu behar da nire guneko hiru ordu autoan pasatzen ditudala.

Gustuko duzun albistegietako aurkezle bat?

Ez daukat modelorik. Albistegiei dagokionez, esan behar dut gustukoago ditudala hemendik kanpo egiten diren albistegiak.

Zein da inoiz ematerik nahiko ez zenukeek albiste bat?

Hainbeste eman behar izan ditut! Oso tristea da, baina, lankide baten anaia hil zuen behin ETAk eta haren gurasoek ni entzunda jakin zuten albistea. Hori oso gogorra egin zitzaidan. Artean ez genekin gurasoek ez zekitenik. Hildako denen berri eman behar denean egiten da gogorra.

Eta gustura kontatuko zenukeen albistea?

Beti gustatzen zait albiste onak ematea, baina proportzioan gutxi izaten dira. Badakizu, ingelesez bada esamolde bat: Good news, no news(Albiste onak, albisterik ez).

Asteko egun bat?

Ostiral arratsaldea. Ikusten duzulako asteburua aurretik, oraindik ukitu ere egin gabe duzula.

Eta zein da zure zaletasuna?

Landareak, lorategia, baratzea eta horrelakoak ditut gustuko.

Biziorik bai?

Aitortu daitekeenik ez. Ez dakit, ez dut inoiz erre... ez dakit.

Ezta txokolatea ere?

Txokolatea bai, tonaka! Baina ez dut biziotzat.

Zein da gau-mahaiean duzun liburua?

Asko ditut. Azkena irakurri dudana, Cormac McArthyren The road. Aurretik Zoe Smithen Dientes blancos eta Da Vinciren biografia bat. Izugarri gustatzen zait irakurtzea. Horixe, irakurtzea izango litzateke agian nire bizioa; bizio sanoa da, ordea. Gertatu izan zait, kanpora joan eta gaizki kalkulatzea zenbat liburu behar nituen. Eta oso gaizki pasatzen dut zer irakurririk ez badut.

Gustuko film bat?

Aspaldikoa izan daiteke? Matar a un ruiseñor, Gregory Peck aktorearekin.

Pertsonaia historiko bat?

Gure historiako pertsonaia bat, baina, oso ezezaguna dena: Berengela de Navarra. Hau Antso VI.a Jakitunaren alaba zen eta halabeharrez ezkondu zuten Rikardo Lehoi-Bihotzekin, orduan Ingalaterrako errege zenarekin. Kontua da, emakume hau Ingalaterrako erregina izanik, ez zela inoiz bertara iritsi. Frantzian bizi behar izan zuen eta han hil zen. Oso pertsonaia berezia da, beti eman izan dit atentzioa.

Kirolik egiten duzu?

Mendira joatea gustatzen zait gehien.

Olatz Prat--- Hitza egunkariak argitaratua

Joan artikuluen zerrenda osora>