Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Aizarnako jaiak eta eliza-beheko gazteak herri kirolean

Lortu berriak ditut Aizarnako Amabirjinak irudikatzen dituzten aspaldiko argazki bat edo beste. Neurri txikia dute eta handitzean kalitatea zerbait galdu egin dute, baina hala ere gustura egon naiz berauei begira.

Xarma berezia duten irudi hauei, gainbegirada bat egin eta lerro bat edo beste eskaintzea merezi dute, aspaldiko irudi hauetan Aizarnako eliza-beheko gazteak baitira protagonista.

-1975 urtekoak direla erabaki dute protagonistek, Frankoren heriotza erreferentzia hartuta, baina ziurtatzeko zailtasunak dituzte berauek ere. Nahiz data urte bat edo beste aldatu, aspaldikoak direla jabetzen gara, Aizarnako Amabirjinak ezagutu ditugunok behintzat.

Eliza-beheko gazteak dira argazki hauetan ikusten direnak, gaur kirolean ikusten diren markako zapatila dotorerik gabe, jakina! Euskaldun abarka eta artilezko galtzerdiak soinean dituztela ageri dira. Herri kirolak horrela jantzita egiten ziren garaiak dira nonbait, janzkera berezia dutela ezin ukatu.

Argazkiak gustuko dituenak eta herrian ateratakoa izanik, berauei begira gustura sentitzen zara, aspertu ere ez zara egiten ezagutzen dituzun ikusleei begira. Ezagutu bakarrik ez, garai horretan jendea nola janzten zen ikusi eta gaurkoekin konparatzea bakarrik ere gustagarria egiten da.

Aspalditik datozen erronkak dira eliza-beheko eta eliza-goikoen arteko lehiak Aizarnan, baina argazki hauetan ikusten denez ez dute zer ikusirik lehia hauekin. Urte horretan eliza- beheko gazteak arduratuko ziren nonbait herri kirolak antolatzeaz, eta aldi berean eliza-goikoei hortzak erakutsi ere bai, zeukaten maila bikaina agerian jarriaz.

Txantxak alde batera utzi eta argazki hauen balore- erantsia jarriko dut agerian, berauek Aizarnan 1975. urteko jaien berri ematen digutelako. Garai horretako argazki asko ez dira izango auzoan, baina seguru gehiago ere badirela kaxoi bazterretan alperrik galtzen.

Dena den, lehen argitaratu direnen artean beste urte bat gehiago ezagutzeko aukera dugu argazki hauekin, ea aurrerantz beste gehiago ezagutzeko aukera izaten dugun.

Eskerrik asko eman behar eliza-beheko talde honi, kaxoi bazterretik atera eta denok ikusteko aukeran jarri dituztelako.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>