Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Abuztuko jaiak Amabirjinetan 2024

Aizarnako jaiak Amabirjina bezperan hasi ziren eta jarraian hiru egun festa-giroan igaro ditugu. Berauei gainbegirada bat egin eta ea egoki irudikatzeko gai naizen ondorengo lerroetan.

Amabirjina bezpera euritsua eta iluna esnatu zen, nahiz eta egunean zehar eguzkiak agerraldi batzuk egin. Dena den, giro ilun honek ez zuen jaien hasiera zapuztu. Arratsaldeko 18:00etan hasi ziren, Kontzejuko balkoitik suziria jaurtitzean eta ondoren berehala ziren kalean buru handiak, umeen gozamenerako.

Aurten ere haur jaio berrien gurasoak arduratu dira suziria jaurtitzeaz. Egun haur eskasia dagoela nabaria da, herri txikietan batipat eta, beraz, goraipatzeko ekintza da. Zorionak gurasoei.

Herri afaria plazan egitekoa zen, baina eguraldiak ez zuen bermerik ematen eta pilotalekura aldatu zen. Afal ondoren iluna, hala ere, alaia sentitzen zen kaleetan zehar, trikiti giroa nagusi zela.

Amabirjina eguneko meza nagusia ez zegoen egitarauan iragarrita, baina betiko ohiturarekin jarraitu zuten fededunak eta herriko koruak alaituta, herritar multzo handi batek ospatu zuen eukaristia.

Ohiturarekin jarraituz, meza ondoren jubilatuen hamaiketakoa izan zen, tertulia eta guzti. Ondoren, pilota partida biribilak pilotalekuan. Azpimarratzekoa da herriko pilotari txikiek eta herriarekin lotura zuzena duten pilotari taldeak eskaini zuten ikuskizun bikaina.

Arratsaldean, herri kirolak. Egun plazetan ikusten diren izen ospetsuek eman zuten ikuskizuna, herriko Jagoba Otaegi ere partaide zelarik. Bi taldetan banatu eta pentatloiak dituen bost proben erakustaldi paregabea eskaini ziguten. Benetan gozatu zuten ikusle guztiak eta ez ziren gutxi izan, jende multzo handia hurbildu baitzen.

Hirugarren eguna haurrentzako zegoen prestatuta: jolasak, antzerkia eta bazkaria gurasoekin batera. Plaza beraiena zen egun honetan eta giroak ere lagundu zuenez egun biribila denentzako.

Lehen egiten zen bezala, aurten ere jaien hirugarren egunean irten ziren oilasko biltzaileak. Gazte talde handi bat ibili zen baserriz baserri, eta ondoren aurreskua eskaini ziguten herriko plazan. Amaitzeko, zahagi dantza eta taldeko argazkia.

Akaso jende gehiagoko jaiak ikusi ditugu beste urte batzutan, baina aurtengoak ere xarma berezia izan dutela ezin ukatu!

Behean argitaratzen ditut jaietan jaso ditudan argazki eta bideoekin osatutako diaporamak, berauek nahiko egoki irudikatzen baitute herriko jaietan bizi dugun giroa.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>