Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Aizarnako irudi erlijiosei begira

Aste Santuan, ohitura handia dut elizak bisitatu eta prozesioak ikusteko. Prozesioko irudiei begira eta Aizarnakoak gogoratuz, bat-batean jakin-min bat sortu zitzaidan: zenbat diren Aizarnan eta nor irudikatzen duten jakitea. Irudi hauek direla eta, elizkizun askotan egiten dit ihes begiradak berauengana, mezak dituen erritu edo ekintzetan murgildu beharrean.

Erlijioak dituen Santu edo Santak dira berauek, batzuk martiriak, besteak bizitza eredugarri baten ondoren Santu egin direnak mirarien bitartez . Berauei begiratzeko ohitura handia dudanez, berehala hasten naiz santu bakoitzaren bizitza aztertzen, eskolan eta dotrinan ikasitako jakinduri xumearekin, jakina. Helburua lortu nahian, eliza eta ermitetako irudiei egin diet begiratu bat; aldi berean saiatu naiz irudikatzen dutena argitzen, eta ondoren lortu ditudan emaitzak argitaratzea izango dut helburua lerro hauetan.

Hasteko, eliza nagusiari egingo diot begirada bat. Juan de Apeztegiak egindako erretaula zoragarri honetan, lau irudi ikusten dira. Erdian, elizari eskainita dagoen Amabirjina Zeruratzearena, eskuinean San Joakin bere aita, eta ezkerrean bere senar San Jose, haurra besoetan duela. Goiko aldean, Jesus gurutzatuta irudikatzen duen gurutze bat, margo handi baten erdian.

Esan behar, San Joakinen irudia gehienetan usoak eskuan dituela ikusten dela, baina hemen liburu bat eskuan duela irudikatzen dute eta ez da bakarra izango seguruenik. Nik ez dut gaitasunik San Joakin dela egiaztatzeko, baina argudio bat daukat horretarako, Martin de Allanegui Tolosarrari bi irudi enkargatu zizkioten 1710. urtean erretaula honetarako, eta bat San Jose haurrarekin zen, eta bestea San Joakin.

Eskuin aldeko erretaula Loiolako Ignaziori eskainita dago, bere irudia gailentzen dela erdian. San Antonio Abad, animalien zaindaria eskuinean eta ezkerrean San Antonio de Padua, senar edo emazteak aurkitzen laguntzen duen Santua. Goiko aldean beste irudi bat eta Sebastian Martiriarena da berau.

Ezker aldekoa, Arrosarioko Amabirjinari eskainita dago. Hemen ere bere irudia gailentzen da erdian. Akatsik ezean ezkerrekoa Santa Teresa de Jesus dela esango nuke eta eskuinean Santo Domingo de Guzman. Goian Santa Ana, Amabirjinaren heziketa garaian.

Atzean ere badugu erretaula txiki bat, erdian margolan batekin pasioa irudikatuz, ezkerrean Santa Ana, Amabirjina eta Jesus besoetan dituela. Eskuineko irudiarekin zalantzak nituen, baina jakin berria dut Santa Katalina de Alejandria irudikatzen duela. Goian aldiz, Santa Agedaren irudia ikus daiteke.

Duque de Granada y Egaren kapila ertzean, Jesusen bihotzaren irudi polit bat ikusten da. Atzeko sarreran eta bi ate handien artean, Amabirjinaren irudi bat, bere haurra besoetan duela. Hau harriarekin egina dago.

Egun, jasota izango dira seguruenik, desitxuratu eta puskatuta egon ezean, bat Ama doloretakoa, eta bestea San Frantzisko de Asis Prozesioko argazki zaharretan bi hauek ikusten dira kaleetan zehar.

Eliza nagusitik, kaskoan daukagun ermitara joango gara; eraikuntza sendoa da ermita izateko. Gurutze doneari eskainita dago berau. Erretaulan Jesus gurutzatuta, bi metro baditu gutxienez eta egurrarekin egina dago. Ezker aldean, Santa bat idulki baten gainean, baina zaila egiten da deskribatzea, besoak puskatuta baititu.

Gurutze donearen ermita utzi eta Santa Engrazia ermitari egingo diogu bisita. Honen Erretaula, harrizko mosaiko batek osatzen du, Jesusen aurpegia irudikatuz. Ezker aldean ermita eskaintzen zaion Engrazia Donea eta eskuin aldean Ageda Martiria.

Ezkerreko horman kokatzen direnak, Santiago Apostolua eta jesuita jantziarekin dagoena Loiolako Ignazio Donea. Atzeko horman eta aldarera begira, ebanjeliogile eta apostolu zen Mateo Donea. Bost irudi ikusten dira bertan, eta bada zerbait ermita zahar bezain bitxi honetarako.

Ermita honetatik hurbil, “Santutxu” deitzen dioguna daukagu; erretaularen erdian, Karmengo Amaren irudi bat. Ezkerrean Jesusen bihotza eta eskuinean Santa Teresa de Jesus. Irudi hauek txikiak dira, ermitako erretaula bezala.

Salto bat egin eta San Pelaio ermitara joango gara, izenak esaten duen bezala berari eskainita dago ermita. Erretaula kokatzen den horma, orban koloretsuekin margotuta dago eta erdian Pelaio Martiriaren irudia. Beste irudirik ez dut ikusten ermita honetan.

Aizarnatik Zestoara doan galtzada zaharrean ere badugu gurutze-leku bat, erdian hareharrizko gurutze handi bat, pasioaren ikur guztiak zizelkatuta dituela. Aizarnan hareharria dagoen lekurik ez dut ezagutzen, beraz hau itsasaldetik ekarritakoa izango da seguruenik.

Zenbatu ditut, eta 30 irudi badira gutxienez eta egoki zainduta gainera. Ez da gutxi herri txiki honetarako. Irudi bakoitzak zein Santa edo Santu irudikatzen duen argitzeak lan pixka bat eman dit, beraz espero dut irakurlearen kalifikazioa gainditu bat edo nahiko bat izatea!

Amaitzeko esan behar lan hau bakarrik egin dudala eta baliteke akatsen bat izatea, baina espero dut gai honetan aditua den batekin denak egiaztatzea. Herri txiki honek hainbeste irudi baditu eta konparaketa bat egiten badugu, esan genezake, artisau-lan bikainen garaiak izan dituela Euskal Herriak.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>