Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Aizarnako ikasleen lanak

Aizarnako eskola txiki honetako ikasleak, heziketarako duten egitarau barruan eta lan ugari egin ondoren, liburuxka polit bat osatu dute auzoa eta bailara irudikatuaz. Nahiko serioa da gainera, ikasleak duten adina ikusita.

Landu dituzten gaiak hauek dira: Aizarnako jaien ezaugarriak, auzoan biztanleriak izan duen gora behera, eguneroko bizimodua eta bailarako natura.

Aurkezpena gurasoen aurrean egin dute eta nola egin gainera, oso egoki moldatzen dira jende aurrean mintzatzeko garaian. Guk ez genuen honelako erraztasunik ekintza hauek gauzatzeko garaian.

Auzoko biztanleriak izan dituen gora beherak lantzeko, elizak dituen artxiboak erabili dituzte eta horretarako Prudentzio Auzmendiren laguntza ere bai.

Jaien ezaugarria lantzerakoan "Aizarna.com" orriak dituen edukia eta argazkiak erabili dituzte, gaia osatzeko oso lagungarri izan dutela jakinarazi zuten eta eguneroko bizimodua lantzeko. Herriko jendearekin ere izan dituzte hartu-emanak, natura lantzeko berriz zein toki egokiagoa Aizarna ingurua baino?.

Lan hauen aurkezpenean parte hartzeko gonbidapena luzatu zidaten ikasleak, eta ni joan ere bai bertara. Gustura sentitu nintzen bertan ikasle, guraso eta irakasleen artean , nire haurtzaroko garaiak gogoratuz.

Arratsalde atsegina pasa nuen bertan eta ikasleekin argazki bat atera ere bai, gerorako oroigarri polit bat izango da irudi hau niretzako.

Aizarnari begira orriak dituen edukiak denbora pasa ikusteaz gain, lanerako garaian baliagarri izan dela ikusteak, lanean jarraitzeko ilusioak ere berritzen ditu. Eta eskerrak eman behar ikasle, irakasle, guraso eta lan honetan parte hartu duten guztiei,egin duten lanagatik.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>