Aizarnako garai garrantzitsuei buruz kontu-kontari
Beste bailarak bezala Aizarnak ere izan ditu garai interesgarriak. Denak aipatzea zaila egingo zait hemen, jakin ere ez ditut egingo seguruenik eta, baina buruan ditudanekin gehi idatzietatik jasotakoekin ahalen egokien azaltzea dut helburu lerro hauetan.
Aizarna hiri bezala sortu aurretik ere bailara honetan gizakiak urte asko zeraman bizitzen. Badirudi lur hauek erakargarriak zirela zibilizazioa etorri aurretik ere. Ehun mila urte eta gehiagoko gizakien aztarnak jasota baitaude Amalda koba zulotik.
Ehun mila urte aipatu ditut eta Aizarnaren lehen datak 1383. urte inguruan aipatzen dira. Beraz, urte asko bailaran gizakiaren data sendorik gabe. Aurrerantz baliteke ordea hutsune hauek betetzea herrian ari den indusketa batengatik, Erromatarren garaiko aztarnak ikusi baitituzte eliza ondoko indusketa horretan. Egiaztatzeko ikerketak amaitu zain egon behar jakina, baina gustatuko litzaidake Erromatarren kanpamentu iraunkor baten aztarnekin topo egitea.
Euskaldunak Erromatarren aurka borrokan egin zutela esan ohi da Zelatunen. Beraz, hau egia bada, “centuria” hauek hemen inguruan biziko ziren seguruenik (“Centuria” Erromatarren soldaduek osatzen zuten).
Aizarnako biztanleak, Zestoa izenarekin hiri bildua egiteko egitasmoak 1383. urte ingurukoak dira. Seguru garai hau ere oso interesgarria izan zela Aizarnan, ilusioz bizitakoak seguruenik. Lehenik eta behin ados jarri beharko zuten biztanleak, hiri bildua nun egin, nolakoa egin, zeintzuk egin eta abar. Hiri berri bat egitea ez zen jolasa izango garai haietan. Aurrera begiratzen zuten behintzat Aizarnan eta ikustekoak izango ziren eztabaida hauek.
Salto bat egin eta Aizarnan Udaletxea ireki nahi zuteneko garaira etorriko gara 1497.eko abendura adibidez. Idatzietan irakur daitekeenez Aizarnan Udaletxea ireki nahi omen zuten eta eraikina jasotzen ari zirenean, gelditzeko agindua eman omen zuen Zestoako alkateak, gauzak ondo bideratu arte behintzat.
Baita ondo bideratu ere, Zestoak Erreinuko kontseilu gorenean helegitea jarri omen zuen eta honek eman zuen epaia, Zestoaren alde erori zen. Beraz harresian barruan egitearen aldekoa alegia.
Iskanbila ugari sortuko zuen seguruenik egoera honek Aizarnan, baina epai honek amaituko zituen tira bira guztiak. Garai interesgarria hau ere niretzako. Gai honekin Fernando Arzailusek Pastoral dotore bat egin daitekeela esaten zuen idatzi batean. Ia-ia gidoia ere egin zuen berak, orain plazara ateratzea bakarrik falta zaigu.
Beste salto batekin Aizarna bere Udaletxetik gobernatu zen garaira iritsiko gara, 1821- 1823 urtera bitartera. Bi urte hauetan badirudi Zestoako aginpiderik ez zuela onartzen Aizarnak eta bakarrik moldatu zela denbora tarte honetan. Espainian “trienio Liberal” deitutako garaia zen hau, lehen guda Karlista aurretik alegia. Aizarna buru jabe izan zen garaia, zeinek ukatu garrantzizko urteak izango zirela herrian!
Seguru azpimarratzeko beste gai eta garai gehiago ere izango dituela Aizarnak, baina oroitzapen hauekin amaituko dut oraingoz, besteak aurrerantz aipatzeko utzita. Dena den ezin utzi ondorengoa esan gabe: 1497.eko gertaerekin pastoral egin baliteke, historia honekin antzerki polit bat ere osatu litekeela pentsatzen dut. Gidoilari eta antzerki talde egoki batekin, jakina.
Urteberri on!
Jon Egiguren