Aizarnako futbol taldeak
Jon Leunda Otegi kazetaria, Gure Sport aldizkariaren zuzendaria, beste arduran batzuen artean. Kazetari honek, sarean duen atalean kirolari buruzko albiste ugari argitaratzen ditu, eta oraingoan Antonio Iruretarekin hitz egin ondoren Aizarnako futbol taldeen kontuak aipatzen ditu.
Garai batean, Aizarnak zuen futbol taldean jokatu zuen Antonio Iruretak. Jokatu bakarrik ez, antolaketan lan ugari egin ere bai, futbolerako afizio handia baitzuen. Eta noski, nork hobeto azaldu garai horretako futbol taldeen gora-berak Aizarnan.
Argazkian ikusten denez gazte talde bikaina zuen Aizarnak 80. hamarkadan. Biztanleak ere gaur baino gehiago izango ziren seguruenik, baina zaletasuna bazegoela agerian jartzen du argazki honek.
Antoniok 80. hamarkado taldearen berri ematen du, baina geroxeago ere izan dira futbol taldeak Aizarnan: adibide bat emateko, behean azaltzen ditudan bi argazki hauei begiratu besterik ez dago. 90. hamarkadakoak dira gutxi gora-bera, lehiak Aranburu zelaian egiten ziren eta argazkiak ere bertan ateratakoak dira. Gazte talde bikain bat, beteranoen aurka.
Antoniok esaten duenez, Aizarnazabalgo torneoan ere lehiatzen zuen Aizarnako taldeak eta nik jakin dudanez, argazkiak ere atera omen ziren bertan. Ea zorte pixka batekin eskuratzen ditudan, horrela Aizarnak futbolean egin duen ibilbidea zerbait gehiago ezagutzeko aukera izango dugu.
Egun ez da erraza honelako gazte talde bat osatzea Aizarnan, baliteke arazoa biztanleen murrizketa izatea. Bestalde, gaur egun norbanako kirola nagusitzen da gazteen artean, horretarako ere garai haietan baino askoz aukera hobea baitago.
Jon Leundak, Antonion Iruretaren azalpenak sarean argitaratu eta ni ere ahalegindu naiz zabaltzen. Honen arira iritsi zaizkit beste bi talde hauen argazkiak, eta eskerrak eman behar utzi dizkidanari, Aizarnako futbol taldeen berri azaltzeko oso baliagarriak baitira.
Seguru nago talde hauetan jokatu zuten gazteak eta beteranoak gustura ikusiko dutela bere burua argazkian, urte batzuk pasa baitira geroztik eta bere burua gazteagoa ikusiko dute. Sasoi biribila izan zutela gogoratuko dute aldi berean.
Behean argitaratzen dut, Jon Leundak Antoniori egindako elkarrizketa, oso egoki adierazi dio Leundari, garai haietan Aizarnan futbolak zuen xarma. Irakurri, merezi du eta.
Jon Egiguren
__________________________________________________________________
Jon Leunda Otegi
Aizarnak izan zuen bere futbol taldea
Aizarnak izan zuen bere futbol taldea. Hasi hondartzan hasi zen, belarrezko zelaietan amaitzeko. Denera urte mordo bat pasatu zituzten futbolean.
´´Herriko gazteek sortu genuen futbol taldea. Garai hartan Zarauzko hondartzako txapelketak garrantzi handia zeukan, eta guk ere taldea ateratzea erabaki genuen, eta han aritu ginen hiru denboraldietan zehar´´, esaten du Antonio Iruretak, garai hartako jokalariak. Izan ere, hondartzan ez omen ziren gustura aritzen. ´´Hanka hutsik jokatu behar izaten zen, eta orduko baloiek ez zuten oraingoekin zer ikusirik, eta ez genuen ongi pasatzen. Hiru bat urte jokatu izango genituen´´, ekartzen du gogora.
Ondoren Aizarnazabaleko Torneoan hasi ziren jokatzen. ´´Orain ez dago horrelakorik, baina garai hartan belarrezko kanpoetan ere torneoak jokatzen ziren, eta Aizarnazabalen hasi ziren bat antolatzen. Orain enpresa gunea dagoen horretan futbol zelai bat prestatu zen, eta han hasi zen antolatzen, eta hara joan ginen gu ere´´, dio Antoniok.
´´Maila handiko jokalariak jokatzen zuten han, eta gu ere tartean ginen. Artean Zestoak ez zuen futbol federatuan jokatzen, eta txapelketa horretan aritzen zen, eta askotan, gainera bi talde ere izaten ziren. Arroa Goitik ere bat etortzen zen, Arroa Behetik hasieran bat, baina gero bi, Aizarnazabaletik ere gero bi, Zarauztik ere pare bat izaten ziren, eta gu, Aizarna. Hamar talde inguru batzen ginen, oso liga ona izaten zen. Epaileak ere kanpokoak izaten ziren, uste dut Zarauzko hondartzan aritzen zirenak zirela´´, dio Antoniok.
´´Maila ona eman genuen, ongi biltzen ginen. Hura gauza serioa izaten zen, astean ere gutxienez bi aldiz entrenatzen ginen, han ez zuen hutsik egiten inork´´, eransten du. Jokalarien aldetik ia denak herrikoak omen ziren. ´´Ia denak ginen herrikoak. Gogoan daukat aurrelari bat bazela Pasaiakoa, baina besteak bertakoak ginen, Aizarnakoak´´, dio.
Herrian ere giro bikaina izaten omen zen. ´´Herrian oso giro ona sortu zuen honek. Jende asko joaten zen ikustera, oso une politak izan ziren herriarentzat ere. Berdea zen gure kolorea´´, esaten du. Apurka-apurka, ordea, itzaltzen joan zen. ´´Adinak ez du barkatzen eta guri uzteko garaia iritsi zitzaigun, eta atzetik ez zen etorri besterik, eta hor amaitu zen Aizarnako futbol taldea, 80. hamarkadaren erdi aldera, baina iraun zuen bitartean oso polita izan zen´´, ekartzen du gogora Antonio Iruretak.