Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Aizarnako festak liburuaren aurkezpena

Argitaratu berria dut “Aizarnako Festak” izenburua duen argazki liburua, bertan 2012. urtetik hasi eta 2022ra artekoak daude ikusgai. Festa hauek duten berezitasuna, 250 argazki hauetan jasotzea du helburua liburu honek.

Lehen ere badut beste bat argitaratua 2012. urtean, bertan 1983 urtetik hasi eta 2011 urtera arteko jaiak irudikatzen dira. Baita Aizarnako baserri eta xarma berezia duten txokoak ere. Bi liburu hauen artean beste bat ere badut argitaratua, honek Gipuzkoako parrokia zaharrak irudikatzen ditu. Beraz hiru liburu hauek dira nire argazki zaletasunak orain arte osatutakoak.

Nire kamera lagun dudala ekintza guztiak irudikatu nahian, urtero ibili naiz herriko jaietan, baina jaso ditudan argazki hauek niretzako bakarrik izateak ez ninduen betetzen. Beraz liburuak osatu ondoren, eskuragarri jarri ditut Aizarnan.

Hasierako bi liburuak nire kontura argitaratu nituen eta galera egin nuela esan beharra daukat. Azken liburu hau argitaratzeko udaletxeko ateak jo nituen diru laguntza eske eta udaletxeak onartu ondoren, oraingoan espero dut galerarik ez izatea. Eskerrak eman behar udalari liburu hau argitaratzeko eman didan laguntzagatik.

Baita ere laguntza honek bultzatu nau Zestoako liburutegian aurkezpena egitera eta bertan utzi ditut hiru liburu hauek, nahi duen guztiak ikusi eta gozatu ahal izateko.

Parroki zaharren liburua izan ezik, beste biak Aizarnako eremuan jasotakoak dira eta ahaleginak egin ditut Aizarna ondo irudikatzen; helburua bete dudala esango nuke. Neu Aizarnakoa izanik bertan jarri ditut salgai liburuak, nahi dituenak erosi ahal izateko. Oraingoan udaletxearen laguntzari esker 40 eurotan izango dira salgai.

Esan behar lehen sorta honetan erostea lortzen ez duenak, aurrerantz izango duela aukera lortzeko, nahiz eta salneurria zerbait garestiagoa izan.

Bitxikeri bat aipatu behar eta lehen kamera erosteko izan nuen arrazoia da berau. Mekanika duten lan-tresnak barrutik ezagutzeko griña betidanik daramat barruan eta aitortzen dut aparailuaren funtzionamendua ezagutzeko erosi nuela lehen kamera. Erosi nuen bai, eta funtzionamendua ikasi ere bai, ondoren argazkiak ateratzen jarraitu dut gaur egunera arte.

Kamera honekin ateratako lehen argazkiak Danbolin aldizkarian argitaratu nituen. Ibilbide honetan asko lagundu dit aldizkari honek.

Gai honetaz ez daukat asko gehiago esateko, liburuaren aurkezpenean aipatutakoak baitira lehen ere. Gainera Danbolin eta Hitza aldizkariko kazetariak bertan zirenez, hauek askoz egokiago azaldu dute informazioa bere hedabideetan. Eskerrik asko hauei ere emandako laguntzagatik.

Jon Egiguren

Argazkiak Danbolin orri digitaletik jasota

Joan artikuluen zerrenda osora>