Aizarnako euskarari begira
Euskararen alde herriz herri egiten den korrika amaitu berria dugu apirilak 10an. Euskara gai hartuta, badu Danbolin aldizkariak argitaratuta idatzi bat eta berau Aizarnan bizi duen egoerari begira dago idatzita. Etxe berriak egin ondoren euskarak izan duen eraginari begira, Ane Aranburuk eta Amane Arruek egiten dituzten gogoetak dira berauek.
Auzoko euskararen egoera aztertzen duenez, merezi duelakoan nago Aizarnara begira dagoen orri honetan ere jasotzea. Aizarnar askok irakurrita izango dute seguruenik, baina hemen irakurtzeko aukera jartzea da nire helburua beste idatziekin batera.
Jon Egiguren
-----------------------------------------------------------------------------------------------------
DANBOLIN ALDIZKARIAK ARGITARATUA
AIZARNAKO ETXE BLOKEAN DENAK EUSKALDUNAK DIRA.
Esan daiteke nahi gabe gertatu dela Aizarnan, alegia,hamabi pisu egin zituztenean ez zutela bereiziki landu horrek zein eragin izan zezakeen Aizarnako euskeraren ezagutzan eta erabileran.Hala ere, etxea egin zuten moduagatik euskera irabazle atera da.
Kontatuko dugu nola eraiki zituzten hamabi etxebizitza plazatik gertu-gertu 2008an eta nola bizilagun ia guztiak aizarnarrak eta azpeitiarrak suertatu ziren,denak euskal hiztunak.
Zestoako Udala kezkatuta zegoen, Aizarnan bazelako bertan bizi nahi zuen jendea eta ez zegoen etxebizitzarik. Hutsune horri aurre egiteko asmoz bIlera antolatu zuen auzoan. Bileraren berri ematen zuen kartela irakurri zuenetako bat izan zen Amane Arrue azpeitiarra. Guraso azpeitiarrek etxetxo bat erosia zuten Aizarnan eta Amanek bisitan joandako batean ikusi zuen kartela. Bi aldiz pentsatu gabe bileran plantatu zen . Hainbat bileraren ondoren udalak ikusi zuen hamabi bikote edo pertsonek interEs berezia zutela Aizarnan bizitzeko. Den-denak bertakoak edo oso gertukoak ziren: aizarnarrak, azpeitiarrak zestoarren bat eta ia egunero Aizarnan zebilen Aizarnazabalgo bikote bat. Jakina ez da kasualitatea inguruko jendea elkartu izana, udalak deialdia modu horretan egin baitzuen, aizarnarrentzat batik bat ,bilerarako kartelak Aizarnako kaleetan jarrita. Denek zuten lotura estua Aizarnarekin, denak euskaldunak ziren , gehienez ere 30 urte , eta guztiek argi zuten Aizarnan bizi nahi zutela, alegia, ez zutela etxea auzo horretan erosiko etxebizitza merkeago zegoelako edo asteburuetan hara joan nahi zutelako.
Udalak ez zuen proiektuarekin aurrera jarraitu, lur zati bat kalifikatuta zuten lau etxe bakar egiteko, baina ez hamabietxebizitza egiteko. Amane eta gainerakoak berriz, aurrera egiteko prest zeuden eta azkenean kooperatiba bat sortu zuten helburua lortzeko. Denak buru-belarri sartu ziren egitasmoan, hamabi etxebizitzak egin zitezen lanean.Harri koskorrik handiena lurren birkalifikazioa izan zen, baina lortu zuten. Prozesua 2005ea hasi eta 2008an bukatu zuten.
Bistan da,etxeak egiteko prozesua oso desberdina izan da Iraetan eta Aizarnan. Lehenengoan merkatu libreko etxebizitzak ziren edonork zuen aukera etxebizitza erosteko. Bigarrenean berriz, auzoari begira hasi zuten bidea eta interes handia zuten inguruko jendeak eutsi zion proiektuari. Ez da kasualitatea 2008an etxea estreinatu zuten bizilagun denak euskaldunak izatea. Eustaten 2016an datuen arabera, Aizarnako bizilagunen %97,3 euskalduna da eta Zestoa herriko bizilagunen%81,48. Aizarnzabalek eta Azpeitiak ere “80tik gorako ehunekoa dute.
Amanek kontatu digu etxe blokearen jatorria, baina ez gara berarekin bakarrik elkartu tertuliarako. Aizarnan bizi den Ana Aranburu azpeitiarra ere batu zaigu. Arritxu Zelaiaren azterlana hizpide izan ez badugu ere , Ane segituan hasi da gogoetak egiten “ oreka” hitza mingainean duela: “Erne ibili behar dugu. Etxeak egiteak eragina dauka hizkuntzan eta aldi berean ezin gara gelditu ezer egin gabe. Oreka bilatu behar da. Hurrengo belaunaldiak hemen gelditu nahi badu eta ez badago etxe ezkaintzarik, pena litzateke”. Amanek hari horri tiraka dio eta gai delikatuaz gogoeta egin nahi izan du: bertakoentzat egin etxeak ala kanpokoei ere aukera eman….Bertako etxebizitza beharrei hartu behar zaio pultsu, haientzat pentsatuta egin behar dira etxeak eta aparteko beste norbaitek etorri nahi badu, etor dadila. Erosoagoa da denak bertakoak izatea, inguruko euskaldunak, baina oasi hauek hain dira irrealak?. Ni eroso bizi naiz horrela, baina errelealitatea beste bat da”. Auzora joaten diren erdaldun aleak euskalduntzen saiatu behar dutela dio Amanek, jakinda, sarri kontrakoa gertatzen dela, alegia , erdaldun bakanek euskaldun multzoa gaztelaniaz hizketan jartzeko ahalmena izaten dutela. Adibide on moduan gaur egun etxe blokean bizi den familia. Haurrari euskaraz ari zaie, batek euskaraz badaki eta bestea ikasten ari da. Amanek nabari du euskaraz aritzeko ahalegina egiten ari direla: Plentzian biziko balira, agian onezkero gaztelaniaz ariko lirateke”.Gaur egun hamabi etxebizitzetan ez dira bizi hasierako pertsona bera, baina orain ere denak euskaldunak dira.
Kanpotarrei egiten zaien harreraren garrantzia azpimarratu dute Anek eta Amane, hesiak jartzen zaizkien ala bertako senti daitezen ahalegina egiten den. Euskerara hurbiltzen laguntzen zaien , eta era berean, ohartarazten zaien erdalduna taldean bakarra delako gaztelaniaz egiten denean euskaldunak deseroso sentitzen direla.
Kooperatibaren eskutik eraikitako etxe multzoko biztanleak euskara indartu besterik ez dute egin Aizarnan. Aizarnarrek erdi serio-erdi txantxetan esaten omen dute ez ote den gehitxo entzuten Azpeitiko hizkera.
ONINTZA IRURETA AZKUNE