Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Aizarnako eskola txiki jaia

Bi urte jarraian eta Aizarnan ospatzekoa zen eskola txikien jai eguna ezin antolatu koronabirusaren arazoa dela eta. Ez nahi bezala, baina hala ere birusaren aurkako neurriak hartuta, ekitaldi xume bat antolatu zen Etumeta inguruan. Hasierako ekitaldi hau, Errezilek eta Aizarnak muga egiten duten “Txoondei” deitzen diogun zelaian antolatu zen. Bi eskolen arteko haurrak eta gurasoak arduratu ziren lekukoa esku aldatzen, beraz, orain Errezilgo San Martin Herri Eskolari dagokio jai berezi hau antolatzea. Zorte on.

Etumetako ekintza xume honek ondoren jarraipena izan zuen Aizarnan, dantza kantuak eta abar. Gainera, eskolako atarian jarri zituzten Aizarnako Herri Eskolako ikasleek eginiko artelanak. Arte lan hauek margotzeko, ikasleek Ander Ormazuri artista Zumaiarraren laguntza izan zuten. Egun biribila giro paregabea eta Aizarna koloretsu jantzita ikusi genuen egun honetan.

Egun Eskola txikia deitzen diogu Aizarnakoari. Herri txikietako bizilagun murrizketaren eragina izango da seguruenik, eskola zaharra hain txikia zenik ez baikenuen uste. Izan ere, nik ezagutu nuen eskola zahar honetan ikasle pila bat eskolatu ginen. Sortu zenetik maila egokia eman duen eskola izan dela esango nuke Aizarnakoa, eta aurrerantz ere ez dadila gutxiago izan.

Egun honetako ekitaldi edo jai egunari begira, bideo eta argazki batzuk jaso nituen ohiturari jarraituz. Nire ustez nahiko egoki irudikatzen dute eguna, beraz, jaso eta denon eskura jarriko ditut, Aizarnara begira dagoen Web orri honetan. Bertara hurbiltzeko arazoak edo zailtasunak izan dituenarentzat, hemen du orain aukera egun honetako giro bikainaz jabetzeko.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>