Aizarnako Amabirjinak 2011
Egitarauan garbi aurreikusten zen, lau egunetako jaiak antolatuta zeudela aurtengo Amabirjinetarako. Sinestea ere zaila egiten zen, Azpeitian hiru egun eta Aizarnan lau? Lau egun bai bai, lau! Eta laurak egoki antolatutakoak gainera!
Egitaraua nahiko ausarta ikusten zen Aizarnarako, lau eguneko jaiak egoki betetzea ez baita oso erraza honelako auzo txiki batean. Baina honetan arduratu diren gazteek lasai gainditu dute hartu zuten erronka borobila.
Jaietan lepo-zapia erabiltzeko ohiturarik ez dut ezagutzen Aizarnan, baina aurten ugari ikusi dira eta aldarrikapen bat idatzita zutela gainera (Elkartea zabalik herria bizirik). Hau dena elkartearen arazoari begira eta presoen sakabanaketak duen arazoaren aurkako adierazpenak ere ez dira falta izan, beste urteetan bezala.
Plazan txosnak ere izan dute beren tokia, pauso gutxirekin tragoa sarri egiteko moduan kokatuta gainera. Izan ere orain gazteek garagardoarekin txosna zaratatsuak behar dituzte nonbait goizeko ordu txikietaraino parrandan ibiltzeko.
Abuztuak hamahiru eta Aizarnan esaten dugun bezala, Kontzejuko balkoitik “etxafuegoak” botata hasi ziren jaiak. Ordurako parrilla prest zegoen sardinak erretzen hasteko, txotxetik sagardoa ere bai laguntzeko eta Zestoako Laranjadi txarangaren doinuak izan genituen lagun jaien hasiera girotzeko. Nahiko jan eta edan ondoren alai ikusi ziren kaleak ilunabarra iritsi arte. Helduak tabernatik tabernara trikitixa lagun zutela afarirako ordua iritsi zain eta bitartean haurrak plazan gozatu zuten beraientzako prestatutako jolasekin. Jaietan denak baitute gozatzeko eskubidea! Herri afaria berriz, jendetsua eta umoretsua gertatu zen. Horrek bai lagundu zuela jai giroa gradu batzuk igotzen!
Bigarren eguna gazteei begira zegoen antolatuta. Nahiz eta jubilatuek ere beren urteko hamaiketakoa egun berean ospatu, honek ez zien kendu protagonismorik herriko gazteei. Bi talde osatu eta herri kiroletan egin zuten norgehiagokak herriko plaza gainezka jartzea lortu zuen. Kirolaririk onenak ere ez zuen lortuko honelako jendetza hurbiltzea. Gazteen arteko afaria, trikitixa eta DJ pajarito zaratatsuarekin, goiz aldean amaitu zuten beren eguna.
Hirugarren eguna. Amabirjina eguna eta ohiturari jarraituz meza nagusiaren ondoren pilotariak. Aurten Zestoako Ekain pilota eskolako gazteen arteko partiduak zeuden antolatuta eta ikuskizun polita erakutsi zuten.Begira zeuden guztiak gustura irten zuten behintzat. Frontoi polita, pilotari gazteak, baina hala ere ez zen jende gehiegi hurbildu. Eta ezin da izan pilotazale gutxi delako herrian, lo faltan zeuden gazteak faltako ziren nonbait, bestela zaila da ulertzen. Arratsaldean beste itxura bat zuen ordea plazak, Aizarnazabalgo bertso eskolak Fernando Amezketarraren bizimodua antzeztu zuenean alegia! ez zen inon txirrikiturik ikusten libre eta jendea ixil-ixilik gustura egon zen gazte hauek antolatuta daukaten ikuskizunari begira. Izena kopiatu digun herri honetako biztanleekin beti izan ditugu hartu-eman sendoak eta orain ere jarraitu egiten du, segi dezagun horrelaxe. Egun hori ere besteak bezala erromeriarekin amaitu zen, dantza zaleen gozamenerako.
Laugarren jai eguna eta normala indarrak murrizten hasita egotea, baina oilasko biltzen hasi eta berehala kargatu zituzten pilak herriko gazteek. Aurten oso talde gazteak hartu du ekintza honen ardura eta aurreskua egiterakoan nabaritu zen zerbait, hala ere jende berria ikustea beti da pozgarria ikuslearentzat eta ekintza bermatzeko beharrezkoa gainera. Jaiak amaitzeko Aizarnan zaletu ugari duen Kupela taldearekin erromeria. Lau egun jarraian eta gorputza nekatzen hasita dago, baina hala ere hauek jotzen dituzten pieza alaiek, hanka asko jartzen dituzte dantzan.
Festa giro lasaia eta atsegina, eguraldia ere lagun izan dugu, eta garbitasunak ez du izan akatsik. Herria garbi ikusi dugu lau egunetan zehar, urte borobila aurtengoa eta eskerrak eman beharra daukagu antolaketan arduratu diren guztiei, lan bikaina egin dutelako. Zorionak.
Danbolin aldizkariak argitaratua
Jon Egiguren