Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Aizarnako Amabirjinak (2017)

Urtero ematen diet gainbegiratu bat Aizarnako Amabirjin jaiei eta aurtengoak ere ez dute gutxiago merezi. Beraz, jarraitu egingo dut ohiturarekin, lerro batzuk idatzi, jasotako argazkiak argitaratu eta bideo txiki batzuen laguntzarekin herriko jaietan egon den giroaz jabetzeko.

Lau eguneko jaiak zeuden aurreikusita. Egitarauak garbi azaltzen zuen hori eta herri txiki batean lau eguneko jaiak antolatzea, esaerak dioen bezala, “ez da ahuntzaren gau erdiko eztula”.

Hasiera batean bazirudien jaiak arriskuan zeudela, antolatzeko bilerara jenderik hurbildu ez zelako. Baina, dena gainditu ondoren, jai dotoreak antolatu direla esan beharra dago. Lau eguneko jaiak antolatzeko lan ugari egin beharra dago, beraz eskertu egin behar horretan parte hartu duten guztiak, berauekin gozatzeko aukera izan dugunon partez behintzat.

Larunbat eguerdian eman genion hasiera jaiei. Jon Arruek “etxafuegoa” jaurti eta berehala ziren “paelak” su gainean, antolatuta zegoen paella lehiaketarako. Aurtengo irabazleak ere Eneritz Lizarralde eta Ainhoa Sarasola izan ziren. Bi urtez jarraian irabazi dute lehiaketa, sukaldaritzan trebeak diren seinale.

Lehiaketa amaitzerako sartu ziren herriko kaskoan oilasko biltzaileak eta aurresku eta dantza saio polita eskaini ondoren, laster ziren mahaian lehiaketan egindako paellarekin sabela betetzen. Ondo merezitako bazkaria. Oilasko biltzearen inguruan, aipatu gabe ezin utzi Aizarnan bizi den Xabier Arraraz gazte Nafarra. Aurten ikusi dugu lehen aldiz taldearekin eta honek sasoia bakarrik ez, dantzan ere ondo dakiela erakutsi zuen. Bejondeiola!

Urtero errepikatzen den oilasko biltze eguna aurten jaien hasieran ospatu da, nahiz eta ohitura hau hirugarren egunekoa izan. Garaiak aldatu egiten dira eta berarekin ohiturak ere bai. Gazteak jaietan gaupasak egin ondoren honelako ekintza astunak egiteko ez dute gogorik nonbait.

Igandean haurrek bere eguna zuten. Hauek bai gozatzen dutela jaietan! Beti jolaserako prest eta ekintzetan parte hartzeko zer esanik ez. Ikuskizun politak egon ziren: pailazoak, jokoak eta jolas ugari berauentzako prestatuta. Umeak plaza beraientzako izaten dute egun honetan eta egia esan hauek bai ematen dietela alaitasuna herriari.

Astelehenean helduen eguna ospatu zen, egitarauan iragarrita zegoen bezala. Egun honetan adineko jendea ikusten zen kalean mozorro edo jantzi bereziekin kalejiran. Gaztetan egiten zituzten jolasak ere berpiztu zituzten eta berauekin jolastu ere bai. Azpimarratzekoa “perrillakin” eman zuten ikuskizuna: adineko jendea, baina gazte garaian bezala gozatu zuten.

Pilotak ere izan zuen bere lekua, Azpeitia eta Zestoako pilotari gazteak elkarren arteko hiru pilota partidu jokatu zituzten. Gazte hauek benetan jokatzen dute pilotan, bakoitzak indar guztiak ipintzen baititu horretan. Herriarteko lehiaketan jokatu zuen Aimar Egiguren ikusteko bazegoen irrika auzoan eta nire ikuspegitik pilotaria izateko oinarriak badituela esango nuke. Azpimarratzekoa, era berean, herri afarian zegoen giroa: denak “hippy” edo hauen ezaugarriren bat zuten soinean. 60ko hamarkadan zegoela zirudien Aizarnako plazak, nik oraindik ez nuen ezagutu itxura horretan.

Igande goizean meza nagusia herriko koruak alaituta eta arratsaldean herri kirolak. Bertan herriko bi kirolarik hartu zuten parte, Otaegik harri jasotzen eta Txapartegik aizkoran, Mujika eta Izetarekin batera. Herri kirol zaleek lehia dotorea ikusi zuten. Hurbildu zirenak gustura irteten ikusi nituen Aizarnako pilotalekutik.

Dantzariak ere nahiko aukera izan zuten ilunabarretan, nahiz eta gaur egun dantzari gutxi ikusi herriko plazetan eta Aizarna ere tartean sartu behar. Musikak entzuteko ere balio duenez, plaza bueltan begirale gehiago ikusten da leku askotan eta Aizarnan ere gauza bera gertatzen da.

Amaitzeko, auzora hurbildu zen jende kopuruari egingo diogu begirada bat eta esan behar ekintza gehienetan jende multzo egokia ikusi zela. Ikusle gutxiegik ere desitxuratu egiten dituzte ekintzak, baina kopuru handiegi dabilen tokian ere kexa ugari ari gara ikusten eta konformatu egin behar.

Lerro hauekin eta argitaratzen ditudan argazki eta bideoekin, ea ondo erakusten dudan Aizarnako 2017 urteko Amabirjinetan egon den giroa.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>