Aizarnako Amabirjinak (2013)
Danbolin aldizkariak argitaratua
Iazko Amabirjinak ospatu eta aurtengoak iritsi arte, gauza berak errepikatzen igaro dugu urtea:langabezia, krisia, korrupzioa, politikoekiko mesfidantza eta abar. Astuna egiten da gero mezu bera entzunez urtea igarotzea, errudunak geu garela sinestarazi nahi digutenean, batik bat. Eskerrak Amabirjinetako egun hauetan ahazteko aukera izaten dugun.
Egun hauen zain geundela, bezpera gauean bisitariak izan genituen herrian: txosna eta elkartetik edariak lapurtu zituzten. Eskerrak berehala hornitu zituzten berriro, bestela, egarriak igaro behar aurtengo Amabirjinak!
Arazo denak alde batera utzi genituen "etxafuegoak" kontzejuko balkoitik bota eta sardina jateari ekin genionean. Sagardoa, txotxetik. Zestoako txarangaren doinuak entzunez, hasiera dotorea eman genion aurtengo jaiei.
Aspaldiko ohitura da oilaskoak biltzea Aizarnan. Beti bezala, berandu iritsi ziren plazara eta, aurreskua eta dantzak amaitu ondoren, aberatsen orduan bazkaldu behar! Dena den, egun honetako ordutegia beraiena denez, errespetatu egin behar.
Ilunabarrean erromeri alaiarekin amaitu zen eguna. Gauean DJaren (pajarito) emanaldi zaratatsua goizera arte. Gazteak gauean gozatzea ulertzen dut, baina hurrengo egunean bazkaria prestatu behar duten etxekoandreen, lanera joan behar dutenen eta adineko jendearen loa galaraztea ezin dut ulertu. Neurriz kanpo dagoela esango nuke. Aurrera begira gaueko ordutegi hau murriztea denon onerako ez al da izango?
Amabirjina eguna betidanik erabili dugu familiarekiko hartu-emanak sendotzeko eta ohiturak jarraitzen du oraindik. Egun honek patxadatsua izaten jarraitzen du. Goizean meza nagusia, eguerdian konbidatuekin tabernara jan aurrekoa hartzera, bazkaria eta afaria konbidatuekin partekatuz, ikuskizunei begiratzeko eguna. Eguerdian puzgarriak haurrentzako, latarik eman ez dezaten etxean.
Arratsaldean kirolariak lanean ari zirela, kanpoko bisitari talde bat gerturatu zen herrira. Harriduraz egon ziren berauei begira. Hura argazki kamera pila irudiak jasotzen! Ez dakit nongoak ziren, baina irudi ugari jaso zituzten behintzat. Hauez gain beste jende pila bat ere egon zen begira. Ilunabarrean erromeria, eguna amaitzeko.
Bigarren eguna haurrei eskainita zegoen. Nahiz eta egunero puzgarriekin jolasteko aukera izan, jolas bereziak antolatu ziren beraientzako. Aurten haurrak asko gozatzeko aukera izan dute eta pozgarria egiten da gainera, hainbeste haur kalean jolasten ikustea.
Pilota partidak frontoian eta herri afari jendetsua aurtengoan ere, ondoren Kupelarekin erromeria. Honek bai jarraitzaile ugari dituela eta ez nolanahikoak gainera, dantzan ez dira gelditu ere egiten. Orduak igaro litezke hauek sortzen duten giroan murgildu eta berauei entzuten.
Egitarauak iragartzen zuen bezala, jubilatuen hamaiketakoarekin amaitu ziren aurtengo Amabirjinak.
Haur, gazte eta adinekoak, denak izan dute aukera Amabirjina hauetan gozatzeko. Alaitsu eta bakean igaro direla esan beharra dago. Elkartearen arazoa bideratuta dugunez, aurten "presoak etxera" aldarrikatzen zuten pankarta eta ikurrak izan dira nagusi, kale eta ekintza nagusietan.
Aupa Aizarnako Amabirjinak!!!
Jon Egiguren