Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Aizarnako Amabirjinak (2010)

Ekaitzaren ondoren eguraldia baretu egiten dela dio erdarazko esaera batek. Ea bada Aizarnara ere iristen zaigun esaera horrek dioena, lehenbailehen, denok irabaziko dugulakoan nago eta.

Ez naiz eguraldiagatik ari, noski, aurtengo jaietan herritarren artean nabaritu dudan giroagatik baizik. Jaiak ospatzen laguntzen ez duen giroa, biztanleen hartu-emanak urratu eta zapuzten laguntzen duen eguraldi sargori bat. Halere, eguraldi sargoriari edari freskoak egin zien aurre eta jai giroa sentitzen zen herrian.

Aurtengo jaien laburpena egitea nahiko zaila egiten zait, dena nahastua ikusten dudalako: aldarrikapenak, antolaketari uko egiteak, elkarteratzeak, eta abar. Aitzbarna Elkarteak erabiltzen zuen lokala itxita egoteak eta beste alternatibarik ez sortzeak ekarri duen egoera nabaritu dute aurtengo jaiek.

Jaiak ez ditu Aizarnak egiten; aizarnarrek egiten dituzte. Eta ohiko ekintza batzuen falta nabaritu arren, alaitasuna nagusitu zen herrian daukagun plaza polit honetan. Bezperako afari herrikoia plazako sardinada eta elkarteko afariak ordezkatu zuten. Erromeriaren ondoren, diskjockeya aritu zen, gau osoan, lo egin nahi zutenen amorragarri.

Amabirjina egunean, Ilunpe eta Zestoako pilotari gazteak jokatu zuten pilotalekuan. Eta, arratsaldean, herri kirolak. Oso ezagunak diren kirolarien artean istripua gainditu berria duen “Gotsarri” herriko gaztea ikusteko aukera izan genuen, 100 kiloko kubikoa eta 125 kiloko zilindroarekin. Bada zerbait duen adinerako. Mutil hau txiki txikitatik ezagutzen dugu herrian, aitaren laguntzarekin ikuskizun politak emanak dituelako herriko plazan. Orain 16 urte ditu eta garapen handia egin duela nabaria da. Honela jarraitzen badu, etorkizun polita izan dezake kirol honetan. Ekintza hau ospatzen hari zela panorama polita eduki zuen herriko plazak.

Amaitu ondoren, jende ugari manifestatu zen Elkartearen lokala aldarrikatzeko, triki poteoa hasi aurretik. Eta, beti bezala, erromeriarekin amaitu zen Amabirjina eguna.

Bigarren egunean, adinekoek hamaiketakoa Konpitterokoan eta gazteek paellada panpano azpian. Eguraldi eguzkitsua izateak asko lagundu zuen paellarekin bazkaltzeko orduan. Trikiti hotsak eta bertsoak ordezkatu dute aurtengoan Oilasko Biltzaileen makila zarata, Elkarteari dagokion lokalaren aldarrikapena egin aurretik.

Aurtengoan, Izarrek eta Alabierrek izan dute jaiak amaitzeko ardura. Aizarnan dantzarako beti jende falta ikusi ohi da, baina aurtengoan dantzarako gogoa zuen jendea ikusi zutela komentatu zidaten trikitilariek. Ea egiaztatzeko aukera izaten dugun hurrengo Amabirjinetan.

Jaiak antolatzerakoan ez dago adostasunik herri askotan eta alternatiboak egiten dira. Baina biztanle gutxi dituzten herri txiki hauetan arazoak alde batera utzi beharra dago jai erakargarriak antolatu nahi baditugu. Denok parte hartuta ere bada nahikoa lan. Toki askotan ikusten dugun buruhaustea dugu hau eta ea aizarnarrok gainditzen dugun arazoa etorkizunari begira.

Hau izan da aurtengo jaietan nik jaso dudan irudia. Iritzi desegokiak eta hanka-sartzeak egongo dira beharbada, baina irakurri ondoren bakoitzak atera dezala bere ondorioa.

Jon Egiguren

Danbolin aldizkariak argitaratua

Joan artikuluen zerrenda osora>