Aizarnako Amabirjina jaiak 2025
Urteroko ohiturarekin jarraituz aurtengo Amabirjina jaiei ere gainbegiratu bat egingo diet argazkiekin irudikatuz. Argazkiak ez dute erakusten barruko sentimendurik eta hauxe da arrazoia lerro hauek idazteko, nire inpresioak agerian jarri eta jaiei buruzko nire iritzi pertsonala ematea dut helburua.
Bezpera ilunabarreko 6etan “etxafuegoa” jaurtitzeaz aurten haurrak mundura ekarri dituzten gurasoak arduratu ziren. Hortik aurrera ondorengo hiru egunetan herriko plaza oso alaitsua ikusi nuen. Haurrak, gurasoak,gazteak eta erbestetik etorri zen jendearekin Aizarnako plazan bizi poza sentitzen zen jai egun hauetan. Haurren presentziak asko lagundu zuen horretan egia esan.
Jaiak festa giroan igaro zituztenek, normala da ondorengo egunetan atsedena hartzea eta erlaxatzea, baina harrigarria da herriko plazak ondorengo egunetan hartu zuen itxura. Ez haur ez gazte eta ez guraso, bizirik ez zuen plaza bihurtu zen egun batetik bestera.
Hiru egun hauetako eragina izango zen nonbait eta eguraldiak ere lagunduko zuen horretan, jai giroa amaitu bezain pronto eguraldia ere kaxkartu egin baitzen. Eguzkia ezkutatu ondoren euria eta freskura nagusitu ziren herriko plazan.
Ekintza gehienak jendetsuak izan dira eta parte hartze esanguratsuarekin gainera. Herriko gazteek antolatu eta berauek partaide izan dira. Lehen aipatu bezala haurrak izan dira nagusi jai hauetan, benetako gozamena hartu zuten beraien egunean. Bereziki Jon Urbietaren emanaldia aipatu nahi dut, plazako haur eta gazte denak dantzan jarri zituen mutil gazte honek. Polita benetan.
Behar bada haurrek gozatzen dute gehienbat jaiekin, baina gazteek antolatu zuten herri kirolen ikuskizunean plazan zeuden ikusle guztiak murgildu zirela ikusi genuen. Kirolariei begira egon ginen denok, haur, gazte nahiz adinekoa izan.
Herri kirolak kanpotik ekarritako jendearekin antolatu ohi dira gehienetan, baina aurtengoan herriko gazteek antolatu dituzte eta partaide izan ere bai. Ikuskizun paregabea eskaini zutela esan beharra dago.
Herri txiki batean honelako gazte kuadrila kirolean hain ondo prestatuta izateak poza ematen du eta ez dut uste herri askoren esku dagoenik. Azpimarratzekoa benetan egin duten lana.
Oilasko biltzea txertatuta dagoen ekintza da herrian, aurten ere ikuskizun polita eman dute eta belaunaldi berrien partaidetza ugaria izan da. Denetan gertatzen den bezala gazteak bultzaka etortzen dira eta adineko jendea ordezkatzen dute. Aurtengo jaietan hori nabarmendu dela esango nuke. Beste espezieen gisan, gizakiak ere lege honekin funtzionatzen baitu.
Beste ekintzak jendetsuak izan diren bezala, Amabirjina eguneko meza nagusia ezin dut esan hala izan zenik. Gazteek alde batera utzi dutelako izango da seguruenik. Dena den murrizketa honen arrazoiak aztertzen ez gara hasiko hemen.
Meza nagusia herriko koruak alaitu zuen eta balioetsi beharrekoa hauen lana ere. Aldarea loraz beteta eta benetan erretaula polita ikusten zen egun honetan, oraindik bai bada jende multzo bat elizkizunetara gustura hurbiltzen denik ere.
Dena den, berauek arduratzen dira eliza kudeatzeaz eta herri batean eliza txukuna eta polita ikustearen egokitasuna ez dut uste sinesmenarekin bakarrik lotu behar dugunik. Benetan balioetsi beharrekoa zainketa honetan arduratzen direnen lana.
Pilotazale, herri kirol zale, ume jolas edo dantza zalea izan, denak izan dute aukera berauekin gozatzeko, haur, gazte edo adinekoa izan.
Iritzi bat ematen ausartuko naiz eta esan behar aurtengo Amabirjinak benetan herrikoiak izan direla, belaunaldi berri bat ikusteko aukera ere izan dugula, eta hau herri baterako pozgarria dela ezin ukatu. Gora Aizarna eta Aizarnarrak.
Jaietako argazkiekin osatu dut diaporama txiki bat eta honek nire lerroak baino hobeto erakusten du jaietan bizi izan dugun giroa, beraz ikusi eta gozatu berarekin.
Jon Egiguren