Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Aizarnako Amabirgiñak 2009

Aizarnako Amabirgiñak

Beste urte bat igaro dugu sistema neoliberal honek sortu duen krisiaren mamua gainean dugula eta elkartearen arazoa konpondu ezinik, baina arazoak arazo, urte askotako usadioari jarraituaz Amabirgiñak iristean, herri osoa buru-belarri murgiltzen da ospatzen ditugun jai hauetan.

Jaiak antolatzeko bileretara beti jende gutxi agertzen dela esaten dute herriko gazteek, baina urtea joan eta urtea etorri ez dugu ekintza faltarik izaten. Txikienek, gaztetxoek, gazteek eta edadetuek denek izaten dute ekintzaren batekin gozatzeko aukera.

Ekintzak antolatu eta gainera bertan parte hartzen duten herritarren kopurua igotzen ari da. Bai afaria prestatzen, pilota txapelketan, dantzarako ere prestatzen den jendea bada, eta oilasko biltzean zer esanik ez. Herri kiroletan ez ditugu ikusi aurten, baina ez da kirolaririk ez dugulako, agenda izango zen beraz arazoa. Hau dena gainera biztanle kopuru txikia duen herria izanik.

Parte hartzen ez dutenak beti bezala ikusmiran eta hauek ere behar dira noski, herrikoez gain kanpotik ere jende dezente hurbildu baitzaigu aurtengoan ere. Ikusmiran egoteko Aizarnan ez dugu harmailarik ez, baina lasai, Zestoan zezenketak kolokan direnez iritsiko da ta eguna!

Txantxak alde batera utzi eta herritar guztion esker beroa merezi dute antolaketan jardun diren guztiek eta jarrai dezatela horrelaxe. Aizarna ez dute jaiek egiten, jaiak Aizarnak egiten ditu, baina hauek ez badira antolatzen sosoa izango litzateke abuztua Aizarnan.

Beste urte luze bat dago, aipatutako arazoak konpondu eta hobekuntzak bideratzeko, hasi jaien antolaketatik eta herritarren hartu-emanekin amaitzeko.

Jon Egiguren

Danbolin aldizkariak argitaratua

Joan artikuluen zerrenda osora>