Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Aitzurkada eta Jon Artanoren idatzia

Aitzurkada izenburua duela, Jon Artanok Hitza egunkariko 2021/03/11 alean, Aizarnan gertatutako pasadizo bat kontatu zuen. Nola kontatu gainera …! Irakurri nuenean eleberri baten sentsazioa hartu nuen.

Badakit kazetari honen trebezia goi mailakoa dela telebista eta irratian, baina nola idazten duen ikusi eta eleberriak idazteko ere ez duela gaitasun faltarik esango nuke. Banekien ordea idatzitako pasadizo hau, ez zela fikziozko eleberria, neuri gertatutakoa baizik.

Nire Aizarnako gertaerak jasotzeko zaletasunak eraman ninduen Jon Narbarte indusketak egiten ari zen lekuraino, tertulia txiki bat egin eta indusketari buruz zerbait jaso nahian.

Egun beroa zen eta atseden txiki bat hartzen ari zirenean eskatu nien aitzurra, pixka bat laguntzearren, eta bai lagundu ere…! Lehen aitzurkadan zeramika puska bat kanporatu nuen. Nik ez nekien nolakoak ziren erromatarren garaiko zeramika hauek, baina Jon Narbartek laster ezagutu zuen. Garbi-garbi egin ondoren, kontu handiz jaso zuen poltsara, beirazko baso fin bat jasotzen den bezala.

Berak Danbolin aldizkarian martxoko alean esaten du, hasiberriaren suertea zela; baita izan ere, zulo horretan behintzat. Baina ez pentsa nire bizitzako lehen aitzurkada zenik, baserrikoa izanik asko egindakoa bainaiz aitzurrean.

Dena den pasadizo polit bat besterik ez da hau, suertea nirea behar bada, baina meritua Jon Narbarterena, egiten ari den lana ikusita. Bejondeiola.

Sarrera txiki bat egin dut nire ikuspegitik, baina pasadizoa ez dut nik kontatuko, Jon Artanok idatzi zuena jarriko dut behean kopiatuta, esatari honek, idazteko garaian ere beste maila bat duelako.

Aizarnan gertatutako pasadizo honek eman duena ikusi eta ezin dut jaso gabe utzi Aizarnara begira dagoen Webgune honetan, etorkizunean gogoratzeko ere baliagarri izango delakoan.

Jon Egiguren

=========================================================

Hitza egunkaria 2021/03/11

“Ze? Urrerik topatu al duzue?”. Egunero-egunero arpajotze bera bisitariren batek. Bat izan zen originalagoa: “Ze? Jaungoikoa topatu al duzue?”. Estanpa txokantea baitzen herritarrentzat. Zail dago jakiten, halere, nork flipatu zuen gehiago 2017ko udazken hartan: herriko plazatik bertatik bertara egiten ari ziren indusketa ikusmiratzera joandako aizarnarrek edo zuloan aztarrika aritu ziren arkeologoek… “Gasteizko ikerketa taldekoentzat safari bat egitea bezalakoa izan zen Aizarnan jardutea” esan digu Josu Narbartek.

“Lurra leitzen duen gizona” da Narbarte. Goitizen hori jarri diot Danbolinen aurki aterako duten erreportaje batean. Erreportaje horren aitzakian goiz-pasa egin berri dugu berekin lagun batek eta biok. Aizarnan eta inguruetan ibili gara. Lau ordu pasatxo izan dira, baina 2.000 urte atzera eraman gaitu. Eta, gainera, oso aspaldian kontatu diguten pasadizo mundialena kontatu digu (artikulu honi izena ematen diona).

Aizarnako Erretorekoa etxearen baratzean erromatarren garaiko egitura bat aurkitu zuen Narbartek gidatutako taldeak. Bada zerbait. Lehendabiziko aldia baita horrelako zerbait aurkitzen dutena Gipuzkoan, kostatik kanpo. Non aurkituko? Eta herriko plazatik hogei metrora! Eta istripuz! Istripuz edo… Izan ere, berez, Narbarte eta konpainia ez ziren indusketa egitera etorri Aizarnara; metodo zientifiko berri bat probatzera baizik: geoarkeologia. Eta zer da hori? Ba, paisaiaren azterketa geologiaren ikuspuntutik. Nola? Zundaketak eginez: makina batez tutu bat sartzen dute lurzoruan, gero laginak atera eta aztertzeko. Metro bateko edo metro pare bateko lur ‘zutabe’ bat ateratzen dute. Hortik gure iraganaz jakiten dutena haluzinantea da.

Adibidez… Gure paisaiaren lehen eraldaketa erradikala datatu dute, Aizarnako eta Akoako soroak VI. mendean ‘egin’ zituztela frogatuz. “Ordura arte baso ziren inguruneari su emanez ireki zituzten soilguneak, eta errautsak erabili zituzten betelan eta ongarri gisara gaur egun dauzkagun soroak sortzeko”. Geruzaz geruza, lur zerrenda leituz, mendeetan izandako aldaketa nagusiak deszifratu dituzte: Izotz Aro Txikian, XV. mendean, izandako uholdeak; artoak, Ameriketatik ekartzean, eragindako iraultza…

Gaztea eta jakintsua da Narbarte. Eta sentsibilitatea nabari zaio inguruaz hitz egitean. Eta jendetasuna ere badu. Beharko izan. Eta beharko enplegatu bere ikerketa egingo bazuen! Inoren soroan makina batekin zulo-egiten hasteko, aurrena lurjabearen baimena behar baita. Eta normala denez, baserritar batzuek «mesfidati» hartu zuten beren lurretan zuloak egin nahi zituela esanez azaldu zitzaienean… Atariren batean «bi eta hiru ordu ere» pasatu omen zituen azalpenak ematen.

Gatozen, amaitzeko, hasierara: Erretoreko atzeko baratzera. Zundaketa egiteko baimena lortu dute, hasi dira lanean, eta tutua ateratzean buztin gorria eta ikatz zatiak topatu dituzte. Eta azpian egon zitekeenaz susmoa piztuta indusketa egitea erabaki dute. Eta han azaldu da duela 2000 urteko ‘etxe’ bat. Baina falta da zeresan gehien eman zuen deskubrimentua: zeramika erromatarrak! Eta galdetu diogu: “Unerik gogoangarriena lehenengo zeramika azaldu zenean izango zenuten, ezta?”.

–Jakina.

–Nork aurkitu zuen?

–Jon Egigurenek.

–Bai zera! Ez da egia izango!? Nolatan zebilen bera zuekin? –Bai, bisitan etorri zen, eta gu nekatuta ikusi eta ‘nik egingo diat saiotxo bat’ esanez bere burua eskaini zigun. Eta guk baietz esan, ezagutzen genuen eta. Aitzurra hartu zuen eta, da! Zeramika puska aurkitu zuen.

–Lehenengo aitzurkadan?

–Bai.çç

–Lehenengo aitzurkadan, ez?

–Bai. Bai, halaxe izan zen. Hasiberriaren zortea izango zen, kar, kar, kar… horrela izan zen.

Ikerlariak han, eguzki galdatan, 3×3 metroko azalera zulatua zuten. Metro bat bai sakonean. Eta, marka da! Altxorra ‘espontaneo’ batek aurkitu zuen. Baina ez edozein espontaneok, eta horixe da pasadizoa hain eder egiten duena. Jon Egiguren da, ez dakizuenonzat, aizarna.com gunearen sortzailea, herri horretako historia bildu eta dibulgatzeko inurri-lan izugarria egin duen gizona. Eta, to justizia poetikoa! Zulora sartu eta lanean hasi orduko altxorra azaleratu zuen. Duela 2000 urteko zeramika erromatarrak. Aitzurkada batez.­

Jon Artano

Joan artikuluen zerrenda osora>